“Herri eta nazioen auzia ulertzeko moduak aldatuko dira”

“Herri eta nazioen auzia ulertzeko moduak aldatuko dira”

Natalia Salazar Orbe

Etorkizuneko estatus politikoa erabakitzeko urriaren 1ean Katalunian egingo duten erreferendumari babesa emateko biharko antolatutako manifestaziora deitu du Gure Esku Dago-ko kide Karmele Olabarrieta Petuyak (Getxo, 1974). 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.

Zein helburu du biharko manifestazioak?

Hiru helburu nagusi ditu: batetik, Euskal Herritik Kataluniako herriari elkartasuna modu bateratuan adieraztea. Bestetik, urriaren 1eko erreferenduma bultzatu duten herritar, eragile eta erakundeei babesa eta elkartasuna adieraztea. Azkenik, demokrazian herritarrei hitza ematea normala dela aldarrikatzea. Auzi politikoak bideratzeko normala da herritarrei hitza ematea eta bozkatzea. Demokratikoki erabakitzea normala da, zilegi da, eta posible izan behar du. Herritarrok protagonista izan behar dugu horrelako prozesuetan. Erabakitzeko eskubidearen eta demokraziaren aldeko garen denok elkartu behar dugu bihar. Erantzun bateratua eman behar dugu herri gisa.

Zelan ari zarete jarraitzen Kataluniako prozesua?

Jakin-minez eta interes handiz. Sekula ez da halakorik gertatu, eta, jakina, horrek ikusmina sortzen du. Kataluniako prozesuaren arrakastarik handiena da herritar, eragile eta erakundeek bultzatu dutela. Bakoitzak bere esparruan lan egin du, baina norabide berean. Ardura handiz jokatu dute. Herritarrek borondate irmoa azaldu dute behin baino gehiagotan. Alderdiek lekukoa hartu dute, eta, erakundeen bidez, bide eman diote herritarren borondateari.

Euskal Herrian aurreratuago zirudien bideari aurrea hartu dio Kataluniak. Zer gertatu da?

Guk etorkizunean jartzen dugu fokua. Aurretik egin duguna edo ez duguna ezin da aldatu, baina ikasteko balio izan du. Herritarron ikuspegitik gauza bat nabarmena da: erabakitzeko prozesu demokratiko bat abian jartzeko, ezinbestekoa da herritarron parte hartzea, guk ekarpen bat egitea. Horretan ari gara. Une honetan ari gara erabakitzeko baldintza egokiak sortzen laguntzen, kultura demokratiko bat barneratzen eta herritarrak ahalduntzen. Herri bakoitzak bere ibilbidea egin behar du, eta hainbat pieza uztartu behar ditu erabaki ahal izateko.

Katalanek bozka dezaten mobilizatu behar dela diozue, euskal herritarren bozkatzeko eskubidea ere jokoan dagoelako. Zer garrantzi du Kataluniako erreferendumak?

Erabakitzea ez da soilik Kataluniaren auzia, gurea ere bada. Gure herriaren etorkizun politikoaz bozkatu behar badugu, askatasunez egin behar dugu, eta askatasun hori dago jokoan. Demokrazian herritarrok erabaki behar dugu. Estatu batek ezin du indarraren bidez eta neurri errepresiboen bidez herritarron bozkatzeko eskubidea ukatu. Eskubide hori demokraziaren oinarrizko eskubidea da. Une honetan jokoan dagoena horixe da: zein demokraziatan bizi nahi dugu XXI. mendean? Gure herriaren etorkizuna modu librean herritarrek erabakiko duten demokrazia batean bizi nahi dugu guk. Ez dugu bestelako demokrazia eredurik ulertzen. Horregatik da garrantzitsua Kataluniako erreferendumean gertatzen dena.

Espainiako Gobernuak demokraziaren aurkako mugimendutzat jo du prozesua. Zergatik herritarrei galdetzeko beldur hori?

Gure ustez, ez dago herritarroi galdetzea baino ariketa demokratikoagorik. Eta beldurra? Emaitzari akaso, Espainiako Gobernua ez baitago prest hainbat gairi buruz eztabaidatzeko. Estatu demokratiko batek prest egon behar du onartzeko mahai gainean dauden aukera demokratiko guztiek herritarron borondatearen esku gelditu behar dutela, eta eurek erabakitakoa onartu eta errespetatu behar dutela. Bestetik, jabetzen dira herritarrak protagonismoa berreskuratzen eta ahalduntzen ari garela hainbat gaitan —baita gure etorkizun politikoa erabakiko duen prozesuan ere—, eta hori zenbait egituratan ez da ondo ulertzen. Erabakiak hartzeko moduak aldatu egin behar dira eta herritarrak adinez nagusi garela erakusten ari gara. Kataluniako herriak iraultza erabat demokratikoa abiatu du, eta ezin da herritarron borondate demokratiko eta baketsuaren aurka egin.

Zer deritzozue erakundeek Kataluniako prozesuan hartu duten bideari?

Arduraz hartu dute. Prozesu luze baten ondorio izan da. Zilegitasunez jositako bidea izan da, pausoz pauso egindakoa. Burujabetza prozesu bat abiatu zuten aspaldian, hasiera batean estatutu berri baten eskaerarekin; beti elkarrizketarako prest. Hala ere, Espainiak behin eta berriz muzin egin die Kataluniako erakundeen eta herritarren eskaerei. Are gehiago, oztopoak baino ez dizkie jarri bidean, eta ez da gai izan bizikidetzarako eskaintzarik egiteko.

Herritarrek eta erakundeek esan dute ez daudela prest hori onartzeko. Duintasunagatik aurrera egitea erabaki dute. Beste toki batzuetan adostua izan den prozesua Katalunian, Espainia aurrean dutela, ez da horrela izango. Orain, garrantzitsuena da erreferenduma badela bitarteko bat auzi politiko hori bideratzeko.

Zer deritzezue Euskal Herriko erakundeek Kataluniako prozesuarekiko hartutako jarrerei?

Gure Esku Dago ez da jaio beste eragile batzuk egiten dutenari buruz hitz egiteko. Gure eginkizuna da gure artean zoru komuna nabarmentzea eta batzen gaituenari erreparatzea. Eta horretan sakontzea, herri honetan erabakitzeko baldintzak sortzen laguntzeko. Ziur gaude herritarrok argi eta ozen adierazten badugu Kataluniari babes demokratiko osoa eman nahi diogula, ez ditugula neurri errepresiboak onartzen eta gure herrian ere erabakitzeko prozesu bat egiteko baldintzak badirela, borondatea dugula, gure erakundeek eta gure ordezkari politikoek borondate hori bideratzen jakingo dutela; eta egin egingo dutela.

Zer uste duzue gertatuko dela urriaren 1ean Katalunian? Nola gauzatuko dute erreferenduma? Eta, handik aurrera, zer?

Ez dakigu zer gertatuko den. Inork ez daki. Erreferenduma egin egingo dutela sinisten dugu. Oztopoak egongo dira, mobilizazio ugari izango dira kalean, inhabilitazioak, mehatxuak, sententziak eta abar iragarri dituzte, eta izan dira. Espainiak esan du bere artilleria guztia aterako duela. Beraz, ez da baldintzarik lasaienetan egingo, baina, gaur-gaurkoz, erreferendum hori galarazteko modu bakarra indarkeria baliatzea da. Estatuak indarkeria eta errepresioa erabiliko balitu, oso larria izango litzateke. Katalunian ez lukete ulertuko, Euskal Herrian ere ez, eta, ziur asko, Espainiako gizartearen zati handi batek ere ez luke bide hori babestuko. Zer esanik ez Europan.

Urriaren 2tik aurrera gizarte ahaldundu bat izango dute, erabakitzeko eskubideari buruz normaltasun osoz hitz egiteko gaitasuna izango duena; bere etorkizun politikoa erabaki nahi duen gizartea. Emaitza edozein dela ere, Espainian dauden herri eta nazioen auzia ulertzeko moduak aldatuko dira. Kataluniak bide berriak irekiko ditu, orain arteko ukazioaz eta itxikeriaz harago.