Deustuko gazte lokala hurrengo aste amaierarako husteko agindu du udalak

Deustuko gazte lokala hurrengo aste amaierarako husteko agindu du udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Bilboko Udalak, sistema judiziala erabiliz, 1991tik zaindu, kudeatu eta biziberritu dugun Deustuko merkatu zaharra eta txoridenda hamabost egunen buruan husteko agindu digu”. Hala eman dute irailaren 8an jaso zuten jakinarazpenaren berri Deustuko Gazte Lokaleko kideek. Lokaleko kideekin 2008an sinatu zuen akordioari amaiera eman diola adierazi du udalak gutun bidez, eta, ondorioz, gazteek hilaren 23a baino lehen hustu beharko dutela gune autogestionatua.

Halakorik ez zuten espero gazteek. Sorpresaz hartu dute berria, eta haserre. “Izaten ari ginen elkarrizketak bortizki etetea erabaki du udalak, inolako komunikazio zuzenik gabe”. Eta ez dute jarrera hori ulertzen, iruditzen baitzaie gazte lokalak auzoa biziberritu besterik ez duela egin.

“1991. urtean, gazte ameslari eta borrokalari batzuek guztiz ahaztuta zeuden Luzarra eta Ramon y Cajal kaleak biziz eta aukeraz hornitu zituzten”, azaldu dute gazteek gunearen jaiotza. “Lokala okupatuta eman zitzaion hasiera 26 urteko ibilbideari. Harategi zaharra erreformatu eta kolorez jantzi zuten gazte ameslariek, Gazte Lokala eskola bihurtuz. Urte batzuk geroago, Deustua eraberritzen jarraitu zuten beste zenbait gaztek txoridendako eta merkatuko ateak ireki zituzten”. Besteak beste, auzo liburutegia eta zinema egin zituzten bertan.

Auzokideen babesa

Bide oparoa egin du lokalak 26 urteetan, eta milaka herritarrek parte hartu dute bertan antolatutako hitzaldi, tailer, kontzertu, ikuskizun, bazkari, jolas, eztabaida eta bestelakoetan. Auzokideekin errespetuz jarduten dutela azaldu dute, eta ez dagoela haiekin liskarrik. Hala erakutsi zuten 26 urteotan “Deustuko lokala maitatu eta autogestionatu” dutenek asteon egindako agerraldian. Luzarra kalearen 7. zenbakian dago gazte lokala, eta ondoko atariko bizilagunak gazteak babestera atera ziren.

Luzarra kaleko 6. atariko auzokideen komunitateak idazki baten bidez adierazi du euren jarrera. Gazteek egoitzan egiten dituzten ekitaldiengatik ez dutela “inolako kexurik” azaldu dute. Areago, bertan auzoko kolektiboek egiten dituzten proposamenak auzoarentzat onak direla esan dute, eta ingurua errespetatu eta biziberritzen dutela. Gauzak horrela, gazteen inplikazio hori ona dela ohartarazi, eta kontuan izan dezala eskatu dio auzokideen komunitateak Bilboko Udalari.

Gazteak seguru daude lokala ixteko mehatxuaren arrazoia ez dela auzokideei inolako eragozpenik sortu izana: “Tamalez, oso ezaguna zaigu euren ondasun eta pribilegioen defentsaren istorioa. Badakigu zer dagoen honen atzean. Sistema kapitalista kolokan jartzen duen edozein egitasmok urduritu egiten ditu, eta errepresioa bideratzen dute gure aurka”. Aurten Bilboko Udalaren aginduz hustu dituzten Izar Beltz ateneoa eta Etxarri gaztetxea ekarri dituzte gogora, eta baita Bilbon erreferentzia izan diren beste hainbat gune autogestionatu ere; horien artean, Kukutza.

Orain, Deustukoa arriskuan dagoenean, ez direla geldirik egongo azaldu dute gazteek. Lanean jarraituko dutela, “alternatibak sortzen”. Protestak ere antolatu dituzte. Gaur, esaterako, manifestazioa egingo dute Done Petri plazatik abiatuta, 19:30ean.