“Auzoan bizi garenon artean badago inbasio sentsazioa, nolabait”

“Auzoan bizi garenon artean badago inbasio sentsazioa, nolabait”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ez du zuzenean gentrifikazioaren aurka mintzatu nahi Karlos Eskurzek (Iruñea, 1968). Aztertu beharrekoa horrek eragiten duena dela dio, eta halako itxuraldaketek ez dituztela konpontzen bazterkeria pilatzen duten auzoetako arazoak. Horri begira jarri da.

Gentrifikazio prozesu argienak San Frantzisko eta Bilbo Zaharra inguruan gertatzen ari dira. Zer nabaritu duzue gune horietan?

Egia esan, gentrifikazio prozesua ez da berria. Orain ikusgarriagoa da, tabernekin eta jatetxeekin lotutakoa delako eta hori gehiago ikusten delako. Baina erosteko ahalmen handiagoa duten pertsonen etorrerari dagokion gentrifikazio prozesua, auzoko gune batzuetan etxeak erosteari dagokiona eta, beraz, inguruan bizi den populazio motaren aldaketari dagokiona, aspalditik gertatzen ari da. Egia da orain boom bat ikusi dela, batez ere Marzanako begiralekuan eta Aretxaga kalean. Hipster kulturarekin lotutako jatetxe eta tabernak pilatu dira han.

Zein aldaketa ekarri ditu etorrera horrek?

Pentsatu behar da ea horrek laguntzen duen inguruak dituen arazoak konpontzen. Norbaitek pentsatzen badu alderdi horrek dituen arazoak irudiari lotutakoak direla, uste badu hiriarentzat irudi txarra ematen duela pobrezia eta bazterkeria pilatzen den gune bat egoteak, ziur aski horrentzat interesgarria izango da bat-batean auzo horren zati batean taberna modernoak izatea eta eroste ahalmen handia duen jendea egotea espazio publikoa okupatzen. Baina horrek laguntzen du auzoko arazoak konpontzen? Laguntzen du bazterkeriarekin, langabezia masiboarekin, pobreziarekin, gazteentzako aukerarik ezarekin lotutako arazo sakonak konpontzen? Ez. Ez du arazo horiek arintzen laguntzen, aldaketak ez direlako horri begirakoak. Sortzen diren negozio berriak ez dira auzoko jendearenak, ez dituzte auzoko pertsonak kontratatzen, espazio horiez gozatzen dutenak ere ez dira auzokoak, baina horiek gaueko aisialdian eragiten dituzten arazoak, horiek betidanik bertan bizi direnek jasaten dituzte. Are gehiago, gentrifikazio prozesu guztietan bezala, eragiten dutena da kanporatzea gentrifikatutako auzo horietan bizi ziren populazio sektore batzuk. Etxe, lokal eta gainontzekoen salneurriak garestitu egiten dira, eta horrek murriztu egiten ditu bertan bizi direnen aukerak.

Nabaritu duzue presiorik etxebizitzak erosi nahi dituzten etxe agentzien aldetik, adibidez?

Sarri eztabaidatu dut horri buruz, baina, nire ustez, ez da horren gogorra. Gentrifikazio prozesu bortitzetan bi elementu izaten dira: batetik, instituzioen apustu garbia. Ez gentrifikazioa babestekoa zuzenean, baina bai gentrifikazioa errazten duten elementuak sustatzekoa: auzo horiek auzo bohemio izateko apustua egiten dute, gauza modernoen eta kulturaren gune izatekoa, klitxe zehatz batzuen arabera. Auzoaren irudia eta osaera aldatzeari begirako estrategiak dira, beste jende mota bat erakartzeari begirakoak. Argi dago udalak beti izan duela nahi hori, baina egin duena nahiko modu narratsean egin du.

Bestalde, elementu pribatuak egoten dira: etxebizitza asko erosten dituzten eta populazioaren zati handia modu mafiosoan kaleratzen duten etxe agentziak eta bankuak. Hemen, ez da egon etxebizitza piloa erosi dituen ekintza pribatu indartsurik. Badaude hainbat etxebizitza dituzten pertsonak; lehen, alokairuan zituztenak, eta, orain, Airbnb plataforman dituztenak, adibidez. Eta pertsona pribatuak izan arren, horiek ere errazten dituzte gentrifikazio mugimenduak. Are larriagoa dena: auzoan auzokoentzat etxebizitzak egotea zailtzen dute.

Zerk kezkatzen zaitu halako prozesuetatik?

Gentrifikazio formulek itxuraldatu egiten dituzte auzoak; ez berritu. Guk berritzeari ematen diogu garrantzia: existitzen den espazio bat hartu eta hobetzeari. Hobetu gai sozial eta humanoetan. Gentrifikazio prozesuek eraldatzea lortu nahi izaten dute; zegoena ezabatu eta espazio berri bat sortzea. Baina kontraesan asko sortzen ditu horrek, zeren, gure auzoetan gertatzen da ez dagoela elkarbizitzarik. Mila gune banatu daude, inolako loturarik gabe.

Arazoa dago alde horretatik?

Tira, arazoa egon badago. Adibide bat jarriko dizut: badago taberna berri horietako bat, Peso Neto. Udalarekin arazoak izan zituen, eta aldi baterako itxi egin zen taberna. Tabernatik bideo bat kaleratu zuten esanaz: ‘baina zer nahi duzue, honek putaz eta beltzez beteta jarraitzea?’. Oso adierazgarria da. Gertatzen dena da asteburuetan kale hauetara datozenak gustuko ez dituzten egoerekin topo egiten dutela eta kexatzen hasten direla. Eurek iritsi aurretik ere hala zen, baina ez dute errealitate horiekin elkarbizi nahi.

Zer diote bertan bizi diren komunitateek? Kezkatuta daude?

Tira, denetarik dago. Auzoan bizitza soziala egiten dugunon artean nolabaiteko inbasio sentsazioa dago. Barregura ematen du jende nagusiari entzuteak, adibidez: ‘hamsterrak dena hartzen ari dira!’, esaten dute. Gertatzen dena da ez dela sortzen inolako nahasketarako gunerik. Betidanik auzokoa izan den jendea, esaterako, ez da leku berri horietara joaten, ez direlako eroso sentitzen eta askoz garestiago direlako.

Jende mota mugatzeko dira garestiagoak taberna horiek?

Noski. Gainera, halako auzoetan prezioak alde zaharrean baino merkeago dira oraindik; beraz, desberdintasuna nabarmenagoa da. Halakoek erabateko haustura sortzen dute espazioen artean.

Kezkatzeko modukoa?

Arazoetako bat da. Badugu ijitoen plaza, marokoarren kalea, hipsterren gunea, afrikarren plaza… Azpimundu asko daude, baina ez daudenak inola lotuta. Eta hori arazoa da komunitatea eta identitatea eraikitzeko eta gizarte arazoei aurre egiteko orduan.

Edozein kasutan, guk gentrifikazioari buruz egiten dugun hausnarketa hau da: zer behar dute gure auzoek? Gure auzoek gehien behar dutena hezkuntza publikoari lotutako ekintzak dira, enpleguarekin zerikusia dutenak, gizarte zerbitzuei eta eskubideei buruzkoak, kultur aniztasuna eta elkarbizitzarako guneak sustatzeari begirakoak… Bertakoen arazo nagusiak horiek badira, gentrifikazioarekin konponduko direla pentsatzea zentzugabea da.

Ari da antolatzen erantzunik?

Taldeen Koordinakundean lantzen ari gara gaia eta udalari gure proposamenak helarazi dizkiogu; gizarte politiken, herritarren parte hartzearen, komunitatea eta tokian tokiko ekonomia eraikitzearen ingurukoak.

Jaso duzue erantzunik?

Ez. Esan duenez, ingurunerako plan bat aurkeztuko du aurki. Gu, gure ustez landu behar diren gaietan indar egiten saiatzen gara. Eta badaude elkarbizitzari begira askotariko talde eta pertsonak biltzen dituzten dinamika interesgarriak auzoetan. Halakoak indartu behar dira. Ezin dira zatiketak areagotu, eta, sarritan, hori egiten da. Badago adibide bat oso sinplea baina bisuala: asteburuetan hipster giroa biltzen den Perro Chico tabernaren aurrean bazegoen eserleku luze bat, handia. Afrikar komunitateko jendea esertzen zen han. Ba, eserleku hori kendu egin zuten. Kendu zuten Senegaleko pertsonak esertzen zirelako, eta antza, ez delako horra joaten direnen gustuko. Tontakeria dirudi, baina gentrifikazioa zer den argi erakusten du.