Txakurrentzako jolas parke berritzailea zabaldu dute Sopelan

Txakurrentzako jolas parke berritzailea zabaldu dute Sopelan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Pasabideak, eslalomak, luzerako eta gorako jauziak, kulunkak, tunelak eta gurpilak. Jolaserako eta kirola sustatzeko diseinatuak guztiak. Baina ez haurrentzat, ezta adinekoentzat ere. Txakurrentzat espresuki egindako parke batean daude horiek eta gehiago, Sopelan.

Aitzindaria da proiektua. Uribe Kostan dagoen halako lehen parkea. Eta ez dirudi azkena izango denik; izan ere, Sopelako Udala bera antzeko beste parke bat zabaltzeko asmotan da. Gontzal Hermosilla alkateak jakinarazi duenez, Larrabasterran jarri nahi dute txakurrentzako bigarren gune berezia. “Lan horretan murgilduta gaude”.

Alkatearen esanetan, herritarren eskaerei erantzuteko jarri dute martxan egitasmoa. Txakur asko daude Sopelan, eta horien jabeek hainbatetan eskatu dituzte animalien jolasguneak. Hain zuzen, ia 3.000 txakur daude erroldatuta kostaldeko herri horretan: lau biztanleko bat, kasik.

Hezteko

Udaletxearen atzealdean, Sipiri kalean dagoen parkea txakurrek korrika egin dezaten, dibertitu eta treba daitezen pentsatua dago. Baina ondo pasatzeko lekua baino gehiago izatea nahi dute; udalak azaldu duenez, helburu hezitzailea ere badu.

Zirkuitu gisa antolatuta dago, horretarako, belargunea: agility Edu-can izeneko zirkuitua da. Eta sistema horrek lehiaketa hipikoak ditu oinarrian. Hala, ibilbidean dauden oztopoak gainditu behar dituzte txakurrek.

Bizkortasun kirola sustatzeko ez ezik, txakurrak hezteko ere bada parkea. Sopelako Udalak proiektuaren berri ematean azaldu duenez, txakur asko daude herrian, eta horiek “gizartean integratu eta egokitzea” du xede egitasmoak.

Txakurren lekuan jarri dira, horretarako, proiektuaren sustatzaileak. Eta animalia horien “hobby eta denbora-pasarako” leku atsegina diseinatu dute Sopelako udaletxearen atzealdeko gunerako. “Bereziki”, hiriguneetako espazio itxietan denbora luzez egotera ohituta dauden txakurren bizi kalitatea hobetzeari begirako egitasmoa da.

Jabeentzat ere bai

Ez txakurrak bakarrik. Horien jabeak ere izan ditu gogoan udalak martxan jarri berri duen egitasmoaren berri ematean: “Zaletasun bera duten pertsonen arteko hartu-emana bultzatzen du, euren txakurrak hobeto ezagutzeko eta animalien fisikoa zein burua trebatzeko aukera eskainiz”.

Irailean zabalduko dute parkea, eta, horretarako, abuztuan egin dituzte lanak: 16.300 euro jarri ditu udalak lan horietarako.