Kalera, kalera!

Igor Elordui Etxebarria

Mendian gora, burua galtzen dut maiz, herriko kaleetan sarritan galdu izan naiz. Nork bereizi zituen kultura, lurra sua ta ura? Gizakion arteko lotura, ere ez al da natura? Aldapan gora, pausorik pauso; aldapan behera, auzorik auzo. Gaztainondo ta pago, eskultura arraro, kaleak edo mendiak zerk galtzen gaitu gehiago?

Berriro galduta gabiltza, hau da hau marka ezin da ulertu aurrean daukagun mapa… Egunak argitu du. Itzali da txosnetako musika, mututu da euskal hit paradea eta etxera joateko ordua da. Ondo pasatu dugu aurten ere, nahiz eta, hasteko, onar dezagun, kale egin dugula beste behin, inoizko oporrik eta jairik onenak bizitzeko enegarren saioan. “Ez ez da” leloarekin atera gara denok, baina ez dugu lortu guztiz gure kaleetatik sexu-erasotzaileak botatzea. Zeozer aurreratu dugulakoan nago, halere, eta ez dugu etsiko. Eta saiatu dira, hori ere bai, boterearen kortsarioak eta agintarien eskopetariak piratak eta gautxoriak lotzen. Beraiek ere kale egin dute.

Goizero legez, karrikak kale-zurrutariz hustu eta kale-garbitzailez bete dira. Silvio Rodriguezen ¿A dónde van? abestia datorkit burura akordatzen naizenean uda sasoian kaleratu diren milaka eta milaka jai-egitarau, ekitaldien eskuorri eta tabernetako menuen zerrendarekin. Baina terrazetako mahaiak batuta daude orain. Honezkero, joan dira udan kalerik kale ibili ohi diren turista asko eta, beraiek joatearekin batera, kalean utzi dituzte lau sos miserableen truke lan egin duten horrenbeste. Datorren astean kaleko arropa jantzita lanera, bai, baina guk behintzat, lagun, badaukagu lana.

Kalez kaleko joan-etorrian etxerako bidea erakusten didan kale-burura heldu gara. Kale-argi batek afixa bat argiztatzen du doi-doi. Zera irakur daiteke: “Irailak 10. Manifestazioa Donostian. Kalera, bakea eta askatasuna irabaztera”.

Eta hantxe geldi, kartelari begira pentsatu dut badela uda, opor eta jai guztietan aldatzen ez diren gauzen artean beste bat: euskal presoek eta beren lagun eta senitartekoek pairatzen duten sakabanaketa eta espetxe-politika mendekatia. Gomutan ditugu, bai, jaietan inoiz baino gehiago, txosnetan jartzen diren banderolen bidez, paparrean jartzen ditugun pegatinen bidez, egiten diren kalejiren bidez…

Eta akordatu naiz uztailean egin zen Kalera Martxarekin, eta nola berau amaitu eta gutxira izan genuen Kepa del Hoyo preso galdakoztarraren heriotzaren berri. Hil zen bihotzekoak jota, etxetik 700 kilometrora, bakarrik; ia hogei urte preso eta zigorraren bi herenak beteak. Handik bost egunera Galdakaoko kaleak jendez mukuru egon ziren haren heriotza salatu eta agur esateko (Peru del Hoyo semearen berba hunkitu eta hunkigarriek burrunba egiten dute oraindik nire buruan). Afixa gehiago kalean ez; banderola gehiago txosnetan ez; paparrean pegatina gehiago ez. Atera gaitezen kale itsu honetatik. Atera ditzagun. Orain etxera, igandean kalera.