Industrializazioa, ahanzturan

Industrializazioa, ahanzturan

Natalia Salazar Orbe

Sarri asko muga non ezarri beharko litzatekeen eztabaidagai izaten bada ere, zalantzaezina da teknologiak eta makinek egunerokoa erraztu dietela herritarrei. Egunerokoan, jada ohartu ere egin gabe, ohikotzat jo dugu hainbat elementuren erabilera: esaterako, etxe bakoitzean garbigailu bat izatera ohitu da gizartea. Baina hori ez da izan horrela beti. Dagoeneko inork gutxik gogoratu arren, garai batean, arropa baldea edo otzara hartu, eta errekara joan behar izaten zuten emakumeek arropa horiek garbitzera —emakumeak izaten ziren-eta garbiketa lan horietan aritzen zirenak—. Ur izoztuak eskuetako azala urratuko ziela sentitu behar zuten neguan, eta bero sapak ohikoa zen hezetasuna areagotuta, blai eginda bukatuko zuten udan. Hala ere, han jarraitzen zuten, buru-belarri, jantziak garbi-garbi utzi arte.

Bi kolera izurrite behar izan ziren emakumeok garbiketa lanok egiteko zituzten baldintzak aldatzeko. 1886 eta 1893 urteetan gertatu ziren. Egoera larria zen, osasun neurri eskasen ondorioz. Hala, arazoari irtenbidea emateko neurriak bultzatu zituzten: harraska publikoak sortu zituzten, besteak beste. Orain, garai hartako eredu arkitektoniko haietako azken azpiegitura desagertzeko arriskuan dago Bilbon. Hirian geratzen zen azken harraska publikoa eraitsiko du udalak; Barrainkuakoa, hain justu. Haren balioari erreparatuta, kritiko agertu da Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea (IOHLEE). Industrializazioarekin lotuta eraikitako ondarearekin gutxieneko sentiberatasunik ez agertzea deitoratu dute. “Harraska publiko guztiak eraitsi dituzte, eta ez diote lekurik eskaini garbitzeko lana errazago bihurtzeko eta herritarren osasungarritasuna hobetzeko hiriak eta arkitekturak egin zituzten esfortzuen memoriari”.

Aspaldi utzi zioten harraska publikoek sortu zituztenean zuten egitekoa betetzeari. Bilbon zutik dirauen horrelako azken azpiegituraren hormek Barrainkuako barrutiko egoitza hartu dute barruan azken urteetan. Baina bestelako erabilerak ere eman dizkio udalak. Tipologia du ezaugarririk bereziena eraikinak. Erdigunean altuera bikoitza duen espazio bat dauka. Espazio horretan garbitzen zituzten arropak erabiltzaileek.

Guztiz bestelako erabilera dauka egun: erakusketetarako eremua eta bilera areto bat daude bertan. Hala ere, hori ere aldatu egingo dute, eta harraska publikoaren izaera erabat galarazi. Izan ere, eraikina berritu ez ezik, handitu ere egingo du udalak; azalera bikoiztuko diote urte bukaeran hasi eta 2019an bukatuko dituzten lanen bidez. 2.080 metro koadroko espazioa aurreikusi dute.

Eraikin enblematikoaren funtsa mantenduko du udalak. Hala iragarri zuen Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Eraberritze eta Espazio Publikoko zinegotziak. Harrizko fatxada eta espazio nagusiko beiratea zaharberrituko dituzte, “bere arima gal ez dezan”.

IOHLEE elkarteak ez deritzo nahikoa neurri horri. “Harraska erabat eraitsiko dute; fatxada soilik utziko dute apaingarri gisa, baina zanpatuta geratuko da eraikuntza berriaren solairuen azpian. Barnealdean, 1980ko hamarkadan eraikina eraberritu zutenean egin zuten beiratea jarriko dute”.

Garrantzi historikoa

Garrantzi arkitektonikoa eta historikoa eskutik helduta doazen afera da Barrainkuako harraskarena. Garai berriek eskatu edo sortzen dituzten beharrizanak asetzeko, hiriaren jatorria, historia eta funtsa desagerraraziz doaz. Baita munduarekin lotzen duten historiaren elementuak ere. 1884an aurkitu zuen Robert Kochek kolera eragiten zuen germena zein zen eta zelan kutsatzen zen. Hori dela eta, garrantzia berezia ematen hasi zitzaien kolera gaixoen gorozkiekin kontaktua izan zuten arropak garbitu eta desinfektatzeko prozesuei.

Apurka hedatuz joan zen Europako higienisten artean uraren eraginari buruzko ideia; hainbat gaixotasun transmititzeko bidea izan zitekeela ebatzi zuten. Zenbait kasutan, larri bilaka zitezkeen osasun arazo kolektibo haiek eta horien aurkako konponbideak ezin zitzaketen utzi norbanakoen esku. Hausnarketa horretatik abiatuta, hainbat neurri eta egitasmo jarri zituzten abian. Besteak beste, harraska publikoak. Bilbo Zaharrean eraiki zuten horrelako lehenengoa. 1880tik aurrera, hainbat eskaera egin zituzten herritarrek udalak euren auzoetan antzeko azpiegiturak jar zitzan. Bilbon ur gabezia arazoak zeudela eta, uzkur azaldu zen udala, ordea.

Izurriteen ondorioen beldurrek gain hartu zioten uraren gabeziari. 1885ean kolera izurrite bat iritsi zen hiribilduaren ateetara. Eta, ostean, 1893an, gaixotasun horren ondorioak pairatu zituzten auzo askotan. Egoera horren aurrean, premiaz ekin zieten harraska publikoen sarea eratzeko lanei.

Bi helburu zituen sareak. Batetik, ordura arte herritarrek arropak garbitzeko erabiltzen zituzten itsasadar eta erreketako urak saneamendu sarera eramateko prozesua izugarri errazten zuen. Bestetik, garbiketa lanetarako erabiltzen zuten uraren kalitatea erregulatzea lortuko zuten. Harrasketan lixibarekin garbitzeko galdarak jarri zituzten, izurrite egunetan gaixotasunak kutsatzeko arriskua murrizte aldera.

Garbitzeko soilik ez

Bitxikeriaz eta pasadizoz betetako egunen gorabeherak gorde dituzte garbiketarako espazio horiek zutik utzi dituzten urteetan. Garbiketa lanetarako ez eze, elkarren ondoan ordu eta egunak igarota sortzen ziren albiste zein beharrizanei buruz eztabaidatzeko eremuak ere baziren. Behin baino gehiagotan atera ziren handik hainbat emakume agintarien aurrean kexak edo eskariak egiteko aldarrikapenak egitera.

Goizean goiz irekitzen zituzten: 06:00etan; udan, ordubete lehenago. Eta 21:00etan itxi. Barruan ezin zitekeen saldu xaboirik, anilik ez bestelakorik. Gizonentzako ere debekatuta zegoen sarrera.

Harraska txikiak zituen erabiltzaile bakoitzak arropak garbitzeko. Egun batetik bestera utz zezaketen arropa bertan lehortzeko. Hala ere, udalak ez zuen erantzukizunik hartzen lapurretarik gertatuz gero. Ongintzazko zahar etxeetako eta kuarteletako arropak bereizita garbitu behar ziren. Aurretik lixibarekin garbitzen zituzten, gainera, ur irakinetan. Ur irakin haietatik atera nahian bezala desagertu dira industrializazioko aztarna haiek. Horren aurrean, Bilboren izaera ez ahazteko esfortzuak eskatu ditu IOHLEEk.