Harrotasunaren erakustokia

Harrotasunaren erakustokia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zuri-gorria sentimendua da bizkaitar askorentzat. Athletic, harrotasuna. Hitzez azaldu ezin den pasio partekatu baten zati izatearen harrotasuna, urteak joan urteak etorri berezko duen jarduteko filosofiari eusteak sortutakoa. Zarenari so, erakutsi maite duzun hori. Harrotasun hori hauspotzera dator Athleticek zabaldu berri duen museoa, leloak berak argi adierazten duenez. Sentimenduei dei eginez egiten du 119 urteko historiaren errepasoa, zaleen bihotzera iristea helburu. “Ez litzateke posible izan behar museo honetara datorrena etorri bezala joatea hemendik”, azaldu zuen Josu Urrutia Athleticeko presidenteak museoaren inaugurazio egunean.

San Mamesen bertan, 1.300 bat metro atondu ditu horretarako klubak, hiru solairutan. Zelaiaren 19 eta 20. ateetan du sarrera, eta zelaia parez pare duela egiten dio harrera bisitariari. Lur azpira egiten du jauzi ondoren ibilbideak, 119 urteko historiara bidaiatzea proposatzeko. 1898an sortu zenetik bizi izandako pasarteak biltzen ditu lur azpiko bigarren solairuak, testu, irudi eta ehunka objekturen bidez.

Ezer baino lehen, Athletic Club sortu zen aroan murgilduko da bisitaria, metalezko areto batean proiektatuko den ikus-entzunezko baten bidez: XIX. mende amaierako Bilbo industrializatu hartan. Hortik aurrera, korridore luze gisara antolatutako ibilbideari jarraituta, 119 urtetan bildutako piezen bidez erakutsiko da futbol taldearen historia. Ibilbide horretan aurkituko da, esate baterako, Athleticen lehen partidetako bat ikusteko pezeta baten truke erositako sarrera bat. Jose Angel Iribar atezain mitikoaren eskularruek txoko berezia dute, eta gizonezkoen, emakumezkoen zein gazteen Athletic taldeek pilatu dituzten garaikurrek metroka bitrina betetzen dituzte. Nola ez, taldeak bildu dituen ekipamenduak ere ez dira falta. Horien artean, Athleticek XX. mende hasieran jantzi zuen lehen elastiko zuri-gorria. Kapitain izandako jokalariek partidarik garrantzitsuenetan jantzitako besoko hainbat ezaugarri ere ikus daitezke. Eta baloiak. Eta argazkiak… Guztira, 500 objektu originaletik gora daude kolore biziz margotutako pareten artean, bihotzari eta pasioari dei egiten dien eta gorriz margotua dagoen gunean.

Lola Floresen margolana

Bitxitasunak ere tartekatzen dira objekturik solemneenen artean. Aipagarriena, agian, Lola Flores kantari eta artistak 1995ean egindako margolana. Athleticen emakumeen talde bat irudikatzen du lanak. Pankarta bati eusten diote jokalariek: Campeonas, dio (txapeldunak). 1995 hartan Athletic-ek ez zuen, oraindik, emakumeen talderik.

Garaikur, sari eta objektuen artean atentzioa eman eta museoari kolorea ematen dion beste elementu bat Jose Maria Arrate Athleticeko presidente ohiak 1998an erabili zuen jantzi berezi bat da. Erakusketan bat-batean agertzen da, sorpresaz bezala, jantzi hori deigarri bat: Bilboko Aste Nagusiko pregoilariarena, Arratek 1998ko festen pregoilari izan zenean erabili zuena.

119 urteko historiaren unerik gogoangarrienen errepasoak ez dio, hala ere, ibilaldiari amaiera ematen. Hurrengo atalera igarotzearekin batera, etorkizunera egiten da jauzi: modernitatera, aro digital eta interaktiboenera.

102 pantailak sutsu ematen dute atentzioa iragana etorkizunarekin uztartzeko zeregina duen gune berdeari hasiera ematen dion eremuan. Horma videowall erraldoi bihurtzen dute bata bestearen ondoan jarritako 102 pantailek. Horietan bi bideo erakusten dira aldi berean, 3D formatuan, Athletic “zer den” erakustea helburu dutenak. Efektu kaleidoskopikoa lortzen duen bideo instalazioak sentsazio bereziak eragiten ditu. Ikusleek, harmaila bat irudikatzen duten eserlekuetan jarrita, estadioan bertan daudela sentituko dute, argi eta soinu efektu berezien laguntzarekin. Arreta guneak videowall-eko hormetan txandakatuko dira, pantaila bakarra barrurantz tolestuko balitz bezala eta harmailetan eseritako ikusleak pantaila barruko areto horretan sartuko balira bezala.

Ibilbidearen hurrengo geralekua entretenimenduari begirakoa da. Ludoteka gisa antolatuta, Athletici buruzko trivial jokoa, puzzleak eta hainbat bitxikeria aurkituko dira. Baita karaoke “zuri-gorria” ere, Athleticen gol gogoangarriak kantatzeko aukera ematen dutenak.

Iribarri gola sartzeko saioa

Aisialdiari begira atondutako eremuaren ondoan, aldi baterako erakusketak antolatuko diren aretoa dago. Jose Angel Iribar atezaina du gaitzat orain ikusgai dagoenak, eta bada, bertan, orain arteko bisitarien artean interes eta emozio berezia sortu duen zerbait: Iribarri gola sartzeko aukera ematen duen jolasa. Iribar birtual bati benetako baloi batekin penaltia jaurtitzean datza jokoa. Klubak ohartarazi duenez, ez da atezain mitikoari gola sartzea bezain zaila, baina ez da batere erraza, hala ere.

Museoaren azken galeriak San Mamesen garapena erakutsiko du; jatorritik gaur egunera arte izan dituen aldaketak. Eta zelairaino eramango du azken korridore horrek; birtualitatetik benetako joko zelaira. Hor hasiko dira klubak museoaren osagarri gisa antolatu dituen bisitak: “Bisita hankamotz geratuko litzateke San Mames zelaiaren barrunbeetan ibilbide gidatua egin ezean”. 45 minutu inguruko bidaiak lau geltoki izango ditu: joko zelaia, prentsa aretoa, aldagelak eta palkoa.

Horrekin guztiarekin, zaleek Athleticekiko duten lotura indartu eta bere izaera berezia aldarrikatu nahi du klubak. Argi adierazi du presidenteak: “Jokatzeko dugun ideia berezi eta bakar horren sinbolo dira museoan daudenak; 2017raino etengabe gure herriko jendearekin jokatzeko ideia hori ordezkatzen dutenak, Europan dagoeneko oso gutxik egiten dutena”. Horiek museo berrian biltzeko ametsak 3,6 milioi euroko inbertsioa eskatu dio klubari.