“Enkante bat ozenki egitea psikologia joko zail bat da”

“Enkante bat ozenki egitea psikologia joko zail bat da”

Mikel Santiso

1974an hasi zen Joseba Markuerkiaga arrainarekin lanean. Lehenengo, bera ere arraina erosten aritzen zen, hau da, beste aldean jarduten zuen lanean. Orain, enkantegile gisa azken saioak egiten ari da. Enkanteak oraindik ere ahoz egiten dituen langile bakarra da, gainera.

Nola hasi zinen lan honetan?

Portuko munduan hasi eta gutxira, arraina saltzeko aukera eman zidaten, eta horretan jarduten dut gaur eguneraino. Orain, autonomo gisa egiten dut lan, hau da, enpresa batek deitzen dit eta nik nire zerbitzua eskaintzen dut.

Ondarroan non eta zenbatean behin egiten duzu lan? Zertan datza zure lana zehazki?

Orain astean behin edo birritan etortzen naiz, baina jada uzten hasia naizelako. Normalean, 04:00etan jaisten naiz bodegara. Bertan, arraina ikusi, pisatu eta kontrolatu egiten dut, salmenta ordurako dena prest edukitzeko. 05:00ak aldera iristen dira erosleak, eta handik ordu erdira hasten da salmenta.

Prezio bat bota, eta gero jaitsiz joaten naiz, apurka-apurka. Azken batean, enkante bat ozenki egitea psikologia joko zail bat da. Niri, erosleen aurpegiek eta erreakzioek markatzen didate prezioa zenbat jaitsiz joan behar dudan.

Asko aldatu al da arraina saltzeko lanbidea hasi zinenetik gaur eguneraino?

Lehenago, arrain askoz gehiago sartzen zen portuetara, eta, gainera, edozein ordutan.

Orain, lana asko hobetu dela esan nezake. Orain dela urte batzuk, txalupak etxetik hurbil egon eta arraina prezio ona egiten ari zela ikusten bazuten, porturatu egiten ziren. Ordua edozein zela ere, bodegara jaitsi eta salmenta egin behar izaten zen. Horrela ez zegoen ez lorik egiterik, ez ezer! Orain, ordutegi jakin batzuk daude, eta denok errespetatu behar ditugu. Lana asko humanizatu da.

Zenbat modu daude arraina saltzeko Ondarroan?

Ondarroan, arraina saltzeko hiru modu daude. Lehenengoa, eta beharbada ezagunena, Kalare Deuna arrantzaleen kofradian egiten dena da, elektronikoa. Pantaila baten bitartez, prezioek behera egiten dute, eta erosleak botoia sakatzen du berarentzat prezio ona dela iruditzen zaionean.

Bigarrena gurea da, ozenki egiten dena. Hemen ere, erosleek “Nirea!” oihukatzen dute ondo iruditzen zaienean, eta, prezio horretan, eurentzat da arrain sorta.

Eta hirugarrena baxurako ontzien jabeek Eusko Jaurlaritzaren gela batean egiten dutena da. Han, arrain sortak eskaintzen dituzte; erosleek sortarengatik zenbat ordainduko luketen paper batean idatzi, eta sinatu egiten dute; gero, preziorik handiena ordaintzeko prest dagoenarentzat izaten da arrain sorta.

Ez al da zoramena hainbeste zenbaki, prezio, datu eta erosle kontrolatzea?

Enkantegileak eduki behar du beti egoeraren kontrola; bestela, zoramena bihur daiteke hau. Esate baterako, nik erabakita, orain dela hogei bat urte debekatu egin nuen salmentan ari nintzen lekuan erretzea.

Enkantegileak berak markatu behar ditu denborak, eta salmenta dinamikoa egin behar dugu. Puntuala izateari garrantzitsu deritzot, eta erosleek jakin behar dute nik daukadala azken hitza beti. Orain, gainera, erosle guztiek sakelakoa edukitzen dute martxan, eta telefonoaren beste aldean dagoenak agintzen die noiz den eurentzat prezio egokia. Bodegan dagoen erosleak askatasun txikia dauka: bitartekaria baino ez da. Benetan arraina zein preziotan erosi erabakitzen duena Sevillan, Cordoban edo Madrilen dagoen ugazaba izaten da.

Gogorra izango da hainbeste urtez ordu txikietan lan egitea, ezta?

Gogorra da, bai, baina ez niretzat bakarrik, baita erosleentzat ere. Nire ustez, euren bizitzan estresik ezin kenduta ibiltzen dira, bai ordutegiengatik eta bai prezioen gorabeherengatik. Gainera, egoera leherkorrak ere jasaten dituzte, behin baino gehiagotan ikusi izan baititut ordaintzen ez dieten erosleak aurrera ezin eginda. Hori gutxi ez, eta duela 30 bat urte, portuaren garairik onenetakoan, egunaren 24 orduak portuan sartuta ematen genituen behin baino gehiagotan: domekan 22:00etan sartu portuan, eta hurrengo eguneko ordu berera arte irten ere ez ginen egiten, ogitarteko bat soilik janda.

Nola finkatzen dituzue arraina salgai jartzeko prezioak?

Orain, dena dago lotuta, eta badakigu beste portuetan ere zein kopuru eta zein preziotan dabilen arraina. Horren arabera mugitzen gara. Ni goitik hasten naiz prezioak botatzen, eta, gero, pixkanaka-pixkanaka, prezio horiek jaitsiz joaten naiz. Eguraldiak, itsasoaren egoerak eta porturatutako arrain kopuruak ere badaukate zerikusia prezioak ezartzeko orduan.

Zergatik murriztu da hainbeste euskal portuetako mugimendua?

Ohiturak aldatu egin direlako, gehienbat. Lehen, arraina zegoen, eta arraina jaten zen, baina, orain, askoz eskaintza handiagoa dago merkatuan. Horrek berekin ekarri du eskaria baino eskaintza handiagoa egotea, eta horrek portuetan mugimendu gutxiago egotea dakar. Ezagutu dut nik Ondarroak ia 14.000 biztanle ere eduki zituen garaia eta estatuko xanpainik gehien herrian edaten zenekoa. Aberastasunaren seinale!