Deustuko arraun taldearen pabiloi berria egiteko lanak hil honetan hasiko dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko Deustu Arraun Taldeak egoitza berria izango du datorren urtean. 1984. urtean eraiki zen Deustuibarrako pabiloian jarraitzen du oraindik taldeak, baina hilabete batzuk barru utzi egin beharko du egoitza hori. Bilboko Udalak Zorrotzaurrerako aurreikusia duen urbanizazio planaren lur eremuan dago egungo egoitza, eta gunea eraldatzeko prozesuan bota egingo dute arraun taldeak entrenamendurako eta traineruak gordetzeko erabiltzen duen eraikina. Horren ordez, San Ignazio auzoko Zarandoa etorbidean izango du egoitza berria taldeak.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, hil honetan bertan hasiko dira arraun taldearentzako pabiloi berria eraikitzeko lanak. 1.500 metro koadroko azalera izango du, solairu bakarrean, eta datorren urteko lehenengo hiruhilekoan amaituta egotea espero du udalak.

Barrua eta kanpoa, lotuta

Diseinu modernoa iragarri du udalak. Eraikinaren barrualdearen eta ingurunearen arteko uztartzea erakutsiko duela azaldu du; batez ere, itsasadarrarekiko eta hiriarekiko lotura agerian utziko duela. Bi elementu nagusi izango ditu eraikinak: ontziak gordetzeko hangarra eta gimnasioa. Ardatz horien gainean eraikiko dute pabiloia, espazio ireki gisara. Halaber, kanpoarekiko lotura zuzena izango du: pabiloi barrua eta itsasadarra bisualki lotuta egongo dira, entrenamendurako egoitzan arraun egitean ere itsasadarrean aritzea sentiarazi nahian.

Solairu bakarreko pabiloian batuko dira ontzientzako hangarra, entrenamenduak egiteko sakonunea, gimnasioa, tailer biltegia, egokitutako aldagela eta komunak, mediku kabinetea, administraziorako gunea eta bilera gela.

Ontzientzako hangarrak sei metro libreko altuera izango du, eta sartzeko hiru ate handi. Errenka, biltegi kale gisara gorde eta antolatuko dira ontziak. Entrenamenduak egiteko sakonunea banku finkoan aritzeari begirakoa izango da, eta, hori dela eta, alde bakarrean arraunean egiteko lerro bakarra izango du.

Gimnasioa ere leku zabala izango dela azaldu du udalak, eta bertatik ere kanpoaldea ikusi ahal izango dela. Hiru gune berezitu izango ditu: arraun ariketak egitekoa, jarduera kardiobaskularrentzat prestatutakoa eta pisuekin lan egiteko atondutakoa.

Oraingoz, zaharrean

Ondo bidean, pabiloi berria eraikitzeko lan guztiak 2018ko lehen hiruhilekoan amaituta egongo diren esperantza du udalak, eta orduan lekualdatuko dira arraunlariak ere San Ignazioko egoitzara. Ordura arte Deustuibarrako pabiloi zaharrean jarraituko dute, egoitza berria eraiki arte ez baitute botako zaharra.