Asmo zehatzik bako proiektua

Asmo zehatzik bako proiektua

Natalia Salazar Orbe

Hutsik dago Durangoren izaera finkatu beharko lukeen herrigunearen espazioa. Urte luzez trenaren joan-etorriek, trenbide eta pasaguneek baldintzatu dute durangarren egunerokoa. Aspaldi desagerrarazi zituzten, trenbidea lurperatuta. Orube zabalak atera ziren orduan herrigunean. Haren arteria bilakatu behar zutenek ez dute, oraingoz, aurreikusitako proiektu handirik ikusi, ordea. Durangoko Udalak eta ETS-Euskal Trenbide Sarea enpresa publikoak hitzarmena sinatuko dute laster Ezkurditik Abadiñora arteko mugara doan eremua urbanizatu eta hura ere herrigunean barneratzeko. 7.800 metro koadro baino gehiago dira. Horiek guztiak espazio libre eta gune berde bihurtuko dituela iragarri du udalak. Baina ez dago proiektuaren xehetasunik. Abuztuaren 23an Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hogei eguneko epea zabaldu zen alegazioak egiteko. Datorren astean bukatuko da. Oraingoz behin-behinekoa den hitzarmena aurki sinatu eta behin betiko bihurtuko dela sinetsita dago udala. “Irailean edo urrian. Gehien jota, urtea bukatu aurretik”. Hala azaldu du bertako prentsa arduradunak.

Baina EH Bilduk iragarri du alegazioak jarriko dituela. Koalizioak gogora ekarri du 2006an udalak onartu zuen Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak asmo handiak zituela. Hala ere, geltokia eta aurreikusita zegoen galeria komertzialaren erdia besterik ez dutela gauzatu salatu du Dani Maeztu zinegotziak. Erakusketa publikoan dagoen hitzarmenari dagokionez ere, kritika zorrotzak egin ditu. Besteak beste, 2006ko planean ETSk udalarekiko sortutako 4,2 milioi euroko zorra kitatzeko trikimailuak salatu ditu. Udalak ez du ezer esan nahi behin betiko hitzarmena sinatu arte.

Trenak liberalizatutako lurzorua urbanizatzeko adostutako lankidetza hitzarmena da, oraingoz, Durangoko Udalak eta ETSk sinatzeko dutena. Hirigintza alorrerako garrantzi handiko operazio gisa aurkeztu du udalak, “amaitzean, erabat desagertuko baita gaur egun udalerria zeharkatzen duen trenbidea”.

Lan horietatik zer dagokion batari eta besteari, eta bakoitzak ordaindu behar duen dirua jasotzen du behin-behineko hitzarmenak. Urbanizazio proiektua idazteko erantzukizuna ETSk izango du. Horretarako, parte hartze prozesu bat abiatuko dute udalarekin batera. Beraz, oraingoz behintzat, ez dago asmo zehatzen zantzurik.

Hiru atal edo eremutan banatuta dago Durangoko trenbideak eta haren azpiegiturek hartzen zuten eremua. Geltokia bera eta garajeak zeuden eremua da horietako bat. Ezkurdi erdigune horretatik Abadiñora doan bidea jasotzen du eztabaidagai den hitzarmenak; eta Iurretara doan eremua, hirugarrena, ETSren erabilerarako utzi dute.

Proiektuen arteko lotura

Udalak eta ETSk behin-behinean adostu duten hitzarmenari EH Bilduk egin dizkion kritikak ulertzeko gainerako eremuetako proiektuen berri izatea nahitaezkoa da. Lehenengo gunea urbanizatzeko proiektua geldi dago. 2006an onartu zuten Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak hainbat lan aurreikusten zituen. Besteak beste, trena lurperatu ostean libre geratzen zen orubean hemezortzi solairuko bost dorretan 550 etxebizitza egitea onartu zuten. Babes ofizialekoak izango ziren horietatik ehun. ETSren egoitza izango zen ekipamendu bat ere egitekoak ziren. Baina Euskal Trenbide Sareak berak bota zuen atzera asmo hori. Proiektu hartatik argia ikusi duten azpiegitura bakarrak ondokoak izan dira: geltokia eta erabilera komertzialera bideratu behar zuten espazioen erdia, gutxi gorabehera, Maeztuk gogorra ekarri duenez. Geltokia, gainera, egoera txarrean dagoela salatu du.

Azalera horretarako guztirako aurreikusita zegoen gehiena geldi dago, beraz. Ez dute utzi bertan behera, ordea. “Hirigintza burbuila berpizteko zain daude, etxebizitzak egin eta saldu ahal izateko. Eraikitzeko duten eskubideari eusten jarraitzen dute, proiektuari berriro ekiteko”. Garai hartako asmo handien erakusgarri, Zaha Hadid arkitektoak egin zuen gaur erabilgarri dagoen tren geltokiaren proiektua.

Orain sinatzear dagoen hitzarmena ez zuen aurreikusten Barne Berrikuntzarako Plan Bereziak. 2006ko hartan, ETSren aldeko aprobetxamendu urbanistikoa gauzatu zela azaldu du Maeztuk: “Edonork garapen urbanistiko bat egiten badu, horren %10 dagokion udalari eman behar dio, inongo karga urbanistikorik gabe, gainera. Kasu honetan, ez zioten eman. Beraz, kopuru hori dirutan zenbat zen kalkulatu zuten”. Kalkuluon arabera, 4,2 milioi euro eman behar zizkion udalari. Ez zizkion eman, ordea. Hala, etxebizitza eta lokal komertzialen aprobetxamendu guztia ETSren esku geratu zen.

Sinatzeko bidean dagoen hitzarmenera itzulita, udalak ETSri ia 4,1 milioi euro ordaindu beharko dizkiola jaso du. Besteak beste, trenbide sareak udalari lurrak liberatuta itzuliko dizkiolako, lurrotan dauden azpiegitura handiak kentzeko egingo dituen lanengatik eta urbanizazio lanetarako ETSk kontratatu beharko dituen lanengatik ordainduko dio diru hori.

EH Bilduri “guztiz onartezina” iruditu zaio diru hori ordaindu beharra. “Hasteko, sekula ez delako hitz egin horri buruz. Gainera, zergatik ordaindu behar dugu durangarrok lurzoru hori berreskuratzearen truk, Jaurlaritzak trenbidea egiteko desjabetu zuena bada? Tren zerbitzurako erabilera hori galtzen duenean herriari itzuli behar zaio. Galdu du jada. Beraz, herriari itzuli behar diote, ez bi milioi eurotik gora kobratu”. Eraiste lanak ere ETSri dagozkiola esan du, eta durangarrek ez dutela ordaindu behar horen truk. “Nork erabili ditu, bada, azpiegitura horiek? Haiek!”.