Ockhamen labana

Igor Elordui Etxebarria

Irailak bat gaur. Hilabete, beraz, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumerako. Asteon, lerrook idazteko tenorean, bederen, Junts pel Siko eta CUPeko diputatuek Trantsiziorako Legea (deskonexiorako legerik garrantzitsuena, galdeketan independentziaren aldeko botoak irabaziz gero) aurkeztu dute; Mariano Rajoyk erreferenduma egiterik ez duela onartuko berretsi duen egun berean.

Erreferenduma, Bartzelona-El Prat aireportuko segurtasun kontrolaz arduratzen den enpresako langileen greba (erreferendumaren ingurumarian), Bartzelonan eta Cambrilsen izandako atentatuak (erreferendumaren ingurumarian), erreferenduma atzera ere (atentatuen ingurumarian)… Kataluniak ez dio utzi aspalditik, ezta utziko ere tarte luze batean, hizpide izateari.

Aitortu behar dizuet, harrotasun izpirik gabe, Bartzelonako aireportuko grebaren berri izan nuenean pentsatu nuela: “Galdeketaren egunera arte bertan denetarik/edozer gertatzeko billete ugari dauzka Kataluniak”. Eta bai, gerora izan diren atentatuen ideia ere pasatu zitzaidan burutik. Eta harrotasun izpirik gabe onartzen dut, berriro diot, halako burutazio baten oinarrian konspirazioaren teoriarako joera bat, konspiranoia moduko bat, dagoelako. Burutazio ala kasualitate, asmatu egin nuen, zoritxarrez.

Hori bai, nire susmo ilunen kontrara, espero ez nuena izan zen ondorengo ordu eta egunetako argazkia. Hamabost hildako utzi dituen atentatuaren osteko Kataluniako Generalitateak, Mossoek eta, batez ere, Kataluniako gizarte zibilak eman duen irudiari The Guardian britainiar egunkariak jarri zion oin egokia: Kataluniak terroreari emandako erantzunak erakutsi du prest dagoela independente izateko. Izan ere, denborarekin, argazkian agertu ez edota mugituta atera direnak Espainiako Gobernua, Guardia Zibila, Espainiako zenbait komunikabide eta kazetari eta Felipe Erregea izan baitira, besteak beste.

Teoria konspiratzaileen egiazkotasuna neurtzeko erabiltzen den Ockhamen labanaren printzipioaren arabera baldintza berdinetan esplikaziorik sinpleena da aintzat hartu behar dena. Neure buruko deabruak uxa ditzadan, augurioa kasualitate malapartatu huts bat baino ez da izan. Asteleheneko BERRIAn, gatazken eta bakearen komunikazioan aditu Xavier Girok —nazioarteko gatazken, gatazka armatuen eta bakearen komunikazioaren masterra zuzentzen du— zioen, batetik, gertatutakoa zela “ikaragarria baina ez arraroa”, haren ustez, Europako hiri handietan gertatu den bezala, Bartzelonan ere gerta zitekeelako; eta bestetik, haren ustez, atentatuen kudeaketak ez du izango eraginik prozesuan.

Ikusteko dago hala izango den ala ez. Ockhamen labanaren printzipioa aplikatuz, baldintza berdinetan katalanek independentzia gura badute lortuko dute. Eta Katalunia prest dago, hala erabakiz gero, estatu gisa aritzeko; itxuraz behintzat hori erakutsi du.