Lurra defendatzeko deia

Lurra defendatzeko deia

Natalia Salazar Orbe

Lurra lantzen duenarena da, ez diruz erosi duenarena. Baieztapen eta lelo horri heldu diote Getxoko Tosu kaleko berdegunea aparkaleku erraldoi bilakatzerik nahi ez duten Tosu Betirako ekinaldiko kideek. Badakite hondeamakinak edonoiz sar daitezkeela herriko nekazaritza gunearen erresistentzia sinbolo bilakatu den eremua husteko eta hiru solairuko aparkalekua egiteko. Hori dela eta, atzo abiatu zuten kanpaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Aurretik halako beste bi kanpaldi egin zituzten. Pozik daude horiei esker lanak atzeratzea lortu zutelako. Hala azaldu du egitasmoko kide Jon Gomezek: “Garaipen txiki bat da lanak birritan geldiarazi izana eta hainbat jende gure alde eta aparkalekuaren kontra agertu izana. Are gehiago kontuan hartuta Uribe Kostako beste herri batzuetan neurri gabe eraikitzen ari direla. Getxon, lortu dugu eraikitze masibo horiek kostu politikoa izatea. Horregatik ez dira ausartzen”.

Ibarbengoako metro geltokiaren ondoan dago berdegunea. Oraingoz, geraleku hori ez dago martxan. Aparkalekua egin arte, zain daude zabaltzeko. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, uztailean sinatu zuen epaileak eremu horretan erroldatuta dagoen pertsona kaleratzeko agindua. Izapideak eginda, eremua berehala hustuko dutela uste dute, eta kanpaldi mugagabea jarri dute abian.

Soka luzea du Tosuko berdegunearen aldeko aldarrikapenak. Gomezek gogora ekarri duenez, Andra Mari auzoan 8.000 etxebizitza egiteko proiektua adostu zuten Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak 2007an. “Mobilizazioak egin zituzten herritarrek orduan. Proiektua bertan behera uzteko mugimendu handia sortu zen urte hartan”. Sinetsita daude ildo berari jarraitzen dion proiektu bat dela aparkalekua. “Inguruan apenas dagoen etxerik. Aparkalekua jartzen badute, errepideak zabaldu ere egin beharko dituzte. Auzokideek, alderdiek eta guk salatzen duguna da etekin ekonomikoak lortzeko hirigintza operazio bat prestatzen ari direla”.

Proiektuak irregulartasunak dituela ere salatu dute: “Ingurumen eraginaren azterketarik ez dute egin; Tosu akuifero eremua da. Eta auzokideen iritzirik ez dute kontuan hartu. Inposatutako proiektua da. Ez da zabaldu eztabaidarako biderik”.

Kanpaldi mugagabeaz gain, hainbat jarduera prestatu dituzte. Oraingoz, irailaren 10era arteko egitaraua antolatu dute: hitzaldiak, bertso afariak, kontzertuak, tailerrak… “Helburua da jendea gerturatzea, eztabaida soziala piztea herrian, eta egoeraren berri ematea”. Urteetan Tosun garatu duten proiektu agroekologikoa defendatzeko prest azaldu dira. Ortu ekologikoak landatu dituzte, eta nahi duenaren esku jarri dituzte lur eremuak. “Hori da guk defendatu nahi dugun eredua: ekologikoagoa, lokalagoa eta naturari eta inguruneari errespetu handiagoa diena”.