“Kutxazainek denda garbitzen ere aritu beharko dute orain”

“Kutxazainek denda garbitzen ere aritu beharko dute orain”

Aitziber Laskibar Lizarribar

LAB sindikatuaren ordezkari da Mabel Novas Asensio (Barakaldo, 1969) Simply supermerkatuen kateko langile batzordean. Denda horiek garbitzeaz arduratzen diren Bizkaiko 31 langileak kalean geratu dira gaur, eta Simply-k bere langiletzat har ditzan saiatzen ari da azken asteetan. Lan nekeza izaten ari da: abuztuan zuzendaritzako ordezkariak oporretan daudela eta, ez du lortu azken asteetan haiekin bildu ere egitea. Gaur kalean geratu dira langileak, baina borroka ez da amaitu Simply-n aritzen direnentzat.

Simply katearen garbiketaz arduratzen den enpresak, Grupo Nortek, iragarri du lan horretarako dituen 31 langileak kaleratuko dituela…

Grupo Nortek gutun bat bidali die langileei esanaz Simplyk subrogatu egingo dituela. Garbiketa itunaren arabera, enpresa kontrata batetik beste batera aldatzen bada, langileak subrogatu egin behar dira. Baina, kasu honetan, Simply ez denez jarduera berean aritzen, ez du subrogatzeko beharrik. Beraz, Grupo Nortek langileei bidali dien gutunean Simply-k bere taldean hartuko dituela esan die, jakinda Simply ez dagoela horretara behartuta. Simply-k, ez dagoenez behartuta, kalean utzi ditu.

Simply-ko langileak kalera atera zarete, esateko guztiak lankide zaretela eta ez duzuela kaleratzerik onartuko. Simply eta Grupo Norte daude tartean. Nor duzue arduraduntzat?

Arduradun legala Grupo Norte da, eta arduradun morala, Simply, zeren, azken finean, urte askoan gurekin lanean egon diren pertsonak dira. Garbiketa lanetan aritu dira, baina gure lankideak dira. Horregatik diogu errudun legala Grupo Norte dela baina errudun morala Simply dela.

Eta Simply-k bere langiletzat har ditzala eskatzen duzue.

Bai. Simply-k birkokatu ditzala; pasa daitezela Simply-ren lantaldeko kide izatera.

Hitz egin duzue horri buruz Simply-ko arduradunekin?

Hitz egiten saiatu gara. Hasieran bilera bat izan genuen, eta esan zuten printzipioz ez zutela asmorik langileak subrogatzeko. Lanik gabe geratuko diren pertsona horiekin lan poltsa bat gutxienez osatzeko esan genien, edozein postutan jar ditzaten; garbiketan zein beste edozein lanetan. Erantzun zuten oraingoz ez zutela horretarako asmorik. Gero beste bilera bat eskatu genien, baina erantzun ziguten nagusi guztiak oporretan daudela eta ezin dutela bilerarik egin. Horrela gaude, norekin hitz egin ez daukagula. Hori da arazoa.

Eta abuztua amaituta, kalean geratuko dira?

Bai; irailaren 1ean [gaur] kalean geratuko dira.

Simply-ren egoitza eta dendak garbitzeaz arduratzen zirenak kaleratuta, nork garbituko ditu supermerkatuak?

Simply-k egingo duena da garbiketa zerbitzua internalizatu. Hau da, guk egingo genuke garbiketa ere; Simply-ko langileok.

Esan nahi duzu kutxazainek edo apalategiak betetzen aritzen direnek, adibidez, garbiketa lanak ere egin beharko dituztela?

Bai, edozeinek; kutxazainek denda garbitzen ere aritu beharko dute orain. Hori da orain Simply-ko langileen egoera okertuko duena. Langileen artean boluntarioak eskatu dituzte lan hori egiteko. Batzuei ordutegia handitu diete horrekin; batzuei agian ordutegia hobetu zaie, baina azkenean honek dakarrena da langileak gutxitzea. Adibidez, 30 orduko lanastea izan eta orain arte kutxan zegoena garbiketara pasatuko dute, eta beste pertsona bat kontratatuko dute agian, adibidez 15 ordurako. Arazoa da horrekin 15 ordu gutxituko dela dendako lan praktikoa. Beraz, benetan langile murrizketa handia eragingo du, eta lan karga handiagoa langile bakoitzarentzat; bertan geratzen garenontzat, askoz lan karga handiagoa.

Kalean geratuko diren langileak eta berez Simply-ren langile zaretenak elkartu, eta kalera atera zarete. Zer irizten diezue orain arteko mobilizazioei?

Ondo. Simply-ko langileok mobilizazioa egin genuen aurreko astean, eta garbiketa zerbitzuko langile guztiak ere joan ziren elkarretaratzera; mobilizazioetan egon dira gurekin… Oso ondo.

Zer etorriko da aurrerantzean?

Guk mobilizazioekin jarraituko dugu, eta enpresa estu hartzen saiatuko gara emakume horiek kalean gera ez daitezen, zeren horietako asko euren etxeko diru iturri bakarra baitira; badira lan horretan 17 urte daramatenak…

Simply-k badu langile horiek bere lantaldean hartzeko gaitasuna? Posible ikusten duzu?

Gaitasuna badute. Hala egin nahi duten? Ba, segur aski ez, baina ez gaitasunik ez dutelako.

Ez zaude oso baikor…

Badakigu nolakoak izaten diren halako multinazional handiak. Eurek gastuak gero eta gehiago murriztu nahi dituzte etekin handiagoak izateko. Zenbat eta etekin gehiago, hobeto. Eta etekin horiek, azkenean, beti izaten dira langileen kontura.

Zer gertatuko da irailaren 1ean [gaur]?

Garbiketako langile bakoitza bere lanpostura joango da. Ea zer topatzen dugun… Printzipioz, langile horiek ezingo lukete zentroetan sartu dagoeneko ez direlako bertako langile. Baina beren lana egitera joango dira, eta bertako langileen babesa zein Bizkai osoko langile batzordeena ere izango dute. Ea zer gertatzen den.

Noizko espero daiteke erantzunen bat?

Espero dugu erantzunen bat jasotzea, baina, egia esan, nahiko zail dago. Beti baliatzen dute abuztua halako murrizketak egiteko. Guk Simply-ko zuzendaritzaren atzetik jarraitzen dugu, erantzunen baten zain. Langile horien lanpostuak mantendu daitezela eskatzen jarraituko dugu sutsuki.