Ke tximinien artean irauten

Ke tximinien artean irauten

Peru Azpillaga

Petronorreko findegia 1972tik dago martxan Muskiz eta Abanto artean. Egitasmoak herrietan hainbat lanpostu sortu dituen arren, asko mobilizatu dira, behin baino gehiagotan, enpresak sortzen duen segurtasunik ezaren eta osasun kalteen kontra. Tximinietako kea, zarata, geldialdiak eta abiatzeak… Petronorren findegiak 2,6 milioi tona CO2 sortzen ditu urtero, eta, Euskal Herrian gehien kutsatzen duen enpresa izanik, biztanleen kezka eta haserrea pizten ditu.

Azken protesta aurreko astean bertan jazo da, astelehenetik asteartera, 24 orduan, findegiak koke edo URF plantan —fuel olioa murrizteko unitateetan— bi arazo izan ostean. Petronorrek “tenperatura altuari” atxikitzen dizkion arren, bada haien bertsioa zalantzan jarri eta koke plantaren ezegonkortasuna salatzen duenik. Meatzaldea Bizirik elkartea da horietako bat; urteak daramatza Petronorren jardunaren kaltea salatzen eta gero eta gehiago zabaltzen ari den enpresa horren aurrean mobilizatzen. Hedapen horren adibide da 2007an eraikitako koke planta, 800 milioi euroko inbertsioa eskatu zuena.

“Hemen bizi garenok usain txarrak eta zarata handia jasan behar ditugu; gainera, ezinezkoa da jakitea barruan zer ari den gertatzen”, kexatu da Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik elkarteko kidea. Haren esanetan, findegi batek “izugarrizko” jarduna du, eta urtean 50 geldialdi eta abiatze izaten ditu; eta, horietako bakoitzean, ezohiko arazo, zarata edota emisioak sortzen ditu.

Abuztuaren 21ean izan zuten azken gorabehera: koke plantan izan zuten arazoaren ondorioz, hondartzatik gertu dagoen tximinietako batek ohi baino sugar handiagoa sortu zuen. Ibañezek azaldu duenez, findegiak arazo bat duen bakoitzean sobera dituen gasak erre egin behar izaten ditu, eta tximinietatik igorri. Horren ondorioz, sua bizitu egiten da, eta, gainera, isurketa irregularra denez, “eztandaka” irteten da, Ibañezen arabera.

Abuztuaren 22an beste arazo bat izan zuten koke plantako konpresore berean. “Jendea beldurtu egiten da. Egun hartan dei andana jaso zituzten 112 zenbakian, baina bertako langileek ere ez zekiten zer esan, enpresak dioelako ezer ez dela gertatzen; baina ezin zara ziur egon, eta kezkatu egiten zara”, azaldu du.

Dudazko azalpenak

Petronorrek tenperatura altuei egotzi zien gertaera, komunikatu bat kaleratuta. Hala ere, Ibañezek ez du hain argi ikusten. “Erantzunek ez gaituzte lasaitzen; egun hartan ez zeuden 26 gradu baino gehiago. Zer gertatuko da orduan benetan beroa egiten duenean?”. “Hau jasanezina da”, ondorioztatu du. Azken 45 urteetan istripu larriak izan dira; aitzitik, koke plantaren eraikuntza mukurua izan da hainbat biztanlerentzat. Ibañezek salatu duenez, “hainbat tokitan ikusi da planta hori oso kutsakorra dela eta gainera ez dela batere erraz kontrolatzen: aurten egindako geldialdi luzea koke planta hobetzeko izan da, eta aurreikusiak ez zituzten geldialdi gehienak ere bertan gertatutako arazoen ondorio izan dira”. Gainera, dioenez, halako findegiak ez daude herriguneetatik hain gertu egoteko prestatuta, eta, normalean urrunago daudenez, ez dute biztanleei sortu ahal dizkieten arazoak zarata, usaina… ebazteko teknologiarik.

Udaletxearen jarrera ere ezbaian jarri du Ibañezek. “Urteak daramatzagu mahai baten sorrera aldarrikatzen Petronorren jardunaren segimendua egiteko”. Jaurlaritzan hainbat mozio aurkeztu dituzte, eta baita legez besteko proposamen bat ere. Azken hori onartu egin zuten, baina bertan ez zen ageri herriko eragileak ere mahai horretan egon behar zirela. Gainera, ez dira inoiz batu.

Koke plantak petrolioaren osagairik astunenak eraldatzen ditu, eta eskari handiagoko produktu arinago bihurtu. Alta, Kosten Mugapeak ez zuen inoiz eraikuntza onartu. Ibañezek azaldu duenez, URF planta eraiki zuten eremua ez da Petronorrena, publikoa baizik. Domeinu publikoko eremu itsas-lehortarra da, Espainiako Kostalde Zuzendaritza Nagusiaren menpekoa, eta 2012. urtean amaitu zen kontzesio bati esker eraiki zuen han planta Petronorrek. “Denok genuen galdera bat buruan: zegatik eraiki zuten han 2012an kontzesioa amaituko bazitzaien? Laster izan genuen erantzuna”. Kontzesioa amaitzean, EAJk eta PSEk egindako akordio bati esker, luzatu egin zuten tramiterako epea. Tramitean dagoen bitartean ezin da eraikuntza galarazi, eta, beraz, ez dute tramiteak amaitzeko presarik. “Non dago sortuko zuten aberastasun guztia? Haien poltsikoetan? Hemen kutsadura baino ez dugu guk”.