Herritarrek babestu eta errugabetu dituzte

Herritarrek babestu eta errugabetu dituzte

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Munduko festa egunik onenak omen dira Bilboko Aste Nagusikoak, eta herritarren parte hartzea da arrakasta horren gakoa, Bilboko Konpartsen federazioaren arabera. Diotenez, arrakastatsua izan da aurtengoa, baina ez da polemikarik gabe igaro. Hontzak konpartsaren txosnak izan duen dekorazioa izan da ika-miken erdigunean, zehazki: kristo gurutziltzatu bat eta giza gorputz zatiekin osatutako Vaticanoko harategia. Kritika eta satira biltzen zituen diseinuak berehalako erantzuna jaso zuen, ordea: gotzaindegiak salaketa aurkeztu eta irudiak kentzeko agindua eman zion Bilboko 3. Instrukzio Auzitegiak Ertzaintzari, festen hirugarren egunean. “Zentsurari” umorez erantzun zioten konpartsakideek, eta txosnarik dotoreena saritzen duen kanpaia ere jaso dute Hontzakoek aurten. Salaketen ildoan, esperientziarik ez zaie falta Bilboko Konpartsei, ez baita munduko festarik onenetan halako gertakariak jazotzen diren lehen aldia.

Hontzak konpartsarena ez da aurtengo festetan izan den gertakari bakarra izan, ordea. Oihartzun mendiatiko gutxiago izan duen arren, txosnaren dekorazioan presoen argazkiak erakusteagatik hiru konpartsaren aurka salaketa jarriko zutela adierazi zuten festak abiatu eta gutxira Digindad y Justiciak eta PPk. Txori Barrote jarri dute jomugan, baina oraindik ez du salaketa ofizialik jaso, eta, hortaz, ikusteko dago auziak aurrera egingo duen ala ez.

Ez da adierazpen askatasuna eta iraina aurrez aurre jarri dituzten lehen aldia. 2003an, ia apainketarik gabe geratu zen Pa…Ya konpartsaren txosna ere. Western bat irudikatu zuten ordukoan, eta hainbat aurpegi ezagun ere jarri zituzten bertan; tartean, Bilboko gotzainarena, udal zinegotzi zen PPko Antonio Basagoitirena eta Telebilbaoko kazetari batena. Irudiak kendu, eta txosnagunean ziren hainbat pankarta eraman zituen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Umorez heldu zioten ordukoari ere, eta Dibertitzeko eskubidearen alde goiburupean, protesta egin zuen Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean Bilboko Konpartsen Federazioak.

Baina soka ez zen bertan eten; izan ere, bederatzi konpartsaren partaidetza debekatzea eskatu zuen hilabete gutxira PPk Bilboko Udalean. Zehazki, Hor Dago Abante, Kaskagorri, Askapeña, Txori Barrote, Pa…Ya, Hau Pittu Hau, Satorrak, Algara eta Kobetas Mendikoen aurka jo zuten PPkoek, presoen argazkiak jarri eta “terrorismoa goratzen zutela” argudio gisa hartuta.

Argazkien aurrekaria

Urte bereko inauterietan iritsi zen hurrengo kolpea. Txori Barrote konpartsak presoen argazkiak eraman zituen, eta Iñaki Azkuna orduko alkate jeltzaleak “sinbolo horiek jaiguneetatik kanporatzeko zorrotz” jokatuko zuela adierazi zuen. Bilboko Konpartsen eta udalaren arteko harremanak gaiztotuta zeuden orduan, eta mugarria izan zen 2004a: bi desfile antolatu ziren inauterietan. 2003 arte, konpartsek antolatzen zuten ekitaldi hori, baina urte horretan presoen auziarekin egondako mokokaldia zela eta, konpartsek, irudi bateratua eman, eta Txori Barrote babestu zuten.

Bestalde, Festetako Ordenantza onartu zuen Bilboko Udalak, eta gerora zeresan handia eman zuen 27. artikulua izan zen gakoa: txosnak kendu arazteko baldintzak zehazten ditu artikuluak: “pertsonen duintasunaren aurkakoak diren eta terrorismoa goratzen duten eta horrekin festen elkarbizitza eta normaltasuna arriskuan jartzen duten kartel eta ikurrak jartzea” dira baldintza horiek.

2009an erabili zuten lehen aldiz Festen Ordenantza konpartsen aurka egiteko. Ertzaintza jaietako gunean indarrez sartu, eta Txori Barrote eta Kaskagorri zigortzeko txostena osatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalarentzat. Presoen argazkiak jarrita zituztela eta “terrorismoaren biktimak umiliatu eta mindu” zituztela azaldu zuen Azkunak orduan ere, eta, aurrez adostutako ordenantza urratzen ari zirela argudiatuta, bi konpartsak zigortu eta sekula ikusi gabeko neurria hartu zuen udalak: bi urtez Aste Nagusian txosna jartzea debekatuta izan zuten bi konpartsek. Gerora, konpartsei arrazoia eman eta debekua ez zela zilegia izan azaldu zuen epaitegiak. Baina berandu iritsi zen erabakia.

Ingurumari horretan, eta jaietan konpartsek hartu zuten indarra ikusita, udalak eskatuta Batzorde Mistoa sortu zen udal ordezkari eta konpartsen artean. Aste Nagusia “pribatizatu” egin nahi zuela salatu zuten konpartsek 2010ean, eta beltzez jantzi zuten Bilbo, Aste Nagusia defendatuz goiburua hiriburuko txoko guztietara hedatuz. 24 orduz plantoa egin zuten konpartsa gehienek: festak eten zituzten egun batez. Geroztik, konpartsek Festa Batzordean geroz eta indar gutxiago zutela salatu zuten Festa Batzordean; alderdiei ematen ari zitzaiela indarra. Konpartsen eta udalaren arteko harremanen isla zen kolore beltza.

‘Txupinera auzia’

2013ko Aste Nagusian Jone Artola Txori Barroteko konpartsakidea txupinera izendatu zutenean piztu ziren alarmak berriz. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkari zenak eskatuta, Artolari txupinera izatea galarazi zion Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Artola Etxerat-eko eta Txori Barrote konpartsako kide zela, Euskal Herritarrok-en eta EAE-ANVren hautagai izan zela eta haren anaia preso zegoela azaldu ostean, jaien hasierako txupinazoa hark botatzeak Terrorismoaren Aurkako Legea urra zezakeela argudiatu zuen epaileak. Alegia, baldintza horiek dituen txupinera bat aukeratzea ETAren biktimentzako mingarria izan daitekeela.

Bilboko konpartsek aukeratzen dute urtero jaietako txupinera, eta udalak berresten du erabakia, osoko bilkuran. Artola txupinera izatea berretsi zutenean, PPk berak ere ez zuen protesta berezirik egin. Gerora harrotu ziren hautsak, Urkijok haizatuta. Urte hartan, jaietako zinegotziak bota zuen festari hasiera ematen zion txupina; Itziar Urtasunek, hain zuzen ere. Iraia Iturregi pregoilariak mezua irakurri ostean jaka kendu, eta Artola besarkatu zuen elkartasun keinua eginez.

2016an, Urkijoren salaketa berretsi zuen Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Artola txupinera izan balitz biktimen eskubideei eragingo liekeela azaldu zuen epaileak orduan.

Eredu herritarra

Ezbairik gabe, jai eredua dago azken urteetan Bilboko Aste Nagusian izan diren eztabaida eta ika-mika guztien muinean. Festak ahalik eta herrikoien eta parte hartzaileen egiteko saiakera egin dute beti konpartsek, eta prozesu hori oztopatzen saiatu izana leporatu diote Bilboko Udalari behin baino gehiagotan. Gaur egungo Aste Nagusiaren izaeraren hastapena ere izaera horri lotuta dago. 1978. urtean Txomin Barullo konpartsa sortu zuen taldeak egin zuen proposamena. 40 urte beteko dituzte datorren urtean.

Bilboko Semana Grande antolatzen zen lehenago, eta hiru ekitaldi besterik ez zegoen: pasodobleak, zezenak eta ibaian egiten zen boxeo txapelketa. Txomin Barullo konpartsa sortu zuen taldeak irabazi zuen ideien lehiaketa 1978an, eta hori izan zen gaurko Aste Nagusiaren izaeraren hastapena. Gizarte mugimendu sendoa zegoen Bizkaiko hiriburuan, eta elkarteek eta auzo mugimenduek sortu zituzten konpartsak. Ordutik, milaka lagun elkartzen dira horien bueltan —30 konpartsa daude egun, eta festek irauten duten bederatzi egunetan, egitarau herrikoi zabala antolatzen dute. Bateratasuna erakutsi dute Konpartsen Federazioa osatzen dutenek beti, eta elkar babestu dute izan gorabehera guztietan. Irudi bera erakutsi dute aurten ere.