Bidaia historiako aztarnetara

Bidaia historiako aztarnetara

Natalia Salazar Orbe

Matxinada eta borrokaldi ugariren lekuko izan da Bilbo historian zehar. Liskar horien sorburuak denetarikoak ziren arren, gehienetan bezala, boterearen eta aberastasunaren banaketa eta horrek sortutako bidegabekeriak zituzten ardatz askok. Mendeetan atzera egin, eta 1804 eta 1807. urteen artean aurki daiteke horien adibideetako bat: Zamakolada izenez ezagun egin zen matxinada. Portu bat egiteko eskaerak derrigorrezko soldadutza ezartzea eragin behar zuen Bizkaian. Herritarrek ez zuten begi onez ikusi, eta kontra azaldu ziren. Altxamendu haren ondorioz, errepresio gogorra ezarri zuen Espainiak: atxiloketak eta isunak, besteak beste. Batzuentzat ezaguna den historiaren pasarte hura gogorarazteko eta ezagutzen ez dutenei gertatutakoaren berri emateko aukera zabaldu die Bilbao Izan programak: Zamakolada altxamenduaren agertoki izan ziren hainbat leku ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte.

XIX. mendearen hasierara atzera egin behar da gertakari haien sorburura iristeko. Bizkaiko Batzar Nagusiek portu berri bat eraiki gura zuten Abandoko elizatean. Bilboko hiribilduko portuarekin lehiatuko zen azpiegitura berri hura Batzar Nagusien mende egongo zen. Obra hura egiteko baimena eskatu zioten Madrili, eta oniritzia jaso zuten. Baldintza bat ezarri zieten, ordea: soldadutza egin beharko zuten Bizkaiko gazteek ere. Herritarren bostenek egin beharko zuten, zehatzago izateko. Garai hartan bostetik batek baitzuen zerbitzu militarra egiteko betebeharra. Bosten horretarako postuak salerosi egiten ziren, gainera. Hala, txiroenek egin behar izaten zuten soldadutza.

Simon Bernardo Zamakola Dimako eskribauak aurkeztu zuen gatazka piztu zuen proiektua Batzar Nagusietan. Eta hortik datorkio Zamakolada izena matxinadari. Boterea banatzeko aukera zabalduko zuen Bilboko jaun eta aberatsek kontrolatzen zuten portuari lehia egingo zion azpiegitura berriak, Batzar Nagusiaren esku egonik. Derrigorrezko soldadutza egiteko betebeharrari oztoporik ez jartzeko eskatu zuen, gainera, Zamakolak, soldadutza egitea foruen kontra zegoen arren. Beraz, hasieran batzarkideak ez ziren erabat konforme egon. Hala ere, azkenean, aurrera egin zuen proposamenak, eta onartu egin zuten.

Bizkaitar askok ez zuten begi onez ikusi akordioa. Batez ere, gazteek. Bilbotarrek ere ez zioten ondo iritzi lehia egingo zien portu bat aldamenean izateari. Eta gatazka piztu zen.

Bilbon hasi zen matxinada, 1804an. Matxinatuak hiriburuan sartu ziren, eta jaun batzuk atxilotu zituzten. Gero eta herri gehiagotara zabaldu zen gatazka: Sestao, Portugalete, Barakaldo zein Deustura, adibidez.

Okupazio militarra

Liskarrek luze iraun zuten, 1807ra arte, hain zuzen. Zamakolaren proposamena ez zen burutu azkenean. Bizkaitar asko eta asko epaitu zituzten, eta hainbati kartzela zigor handiak ezarri zizkieten. Batzarrak, erasoak, miaketak eta okupazio militarra gertatu ziren.

Matxinada haren lekuko izan ziren Bilboko hainbat txoko. Horietan barrena ibilbideak egin, eta historian atzera egiteko aukera eskainiko du Bilbao Izan programak astearteetatik larunbatetara bitartean. Euskaraz aukera bakarra eman dute: ostiraletan, 17:00etan. Gainerakoen ordutegiei dagokienez, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 18:00etan egingo dituzte. Ostegunetan eta ostiraletan, 10:00etan eta 17:00etan. Eta larunbatetan, 10:00etan eta 12:00etan. Irailaren 30era arte egingo dituzte saioak. Ostiral arratsaldeaz gain euskaraz beste bisitaren bat egin nahi dutenek taldeentzako beste hitzordu bat adostu beharko dute.

Ibilbideak ordubete eta erdi iraungo du. Talde bakoitzak, gehienez, 30 pertsona izango ditu. Horrenbestez, parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Ondoko telefono zenbakira deitu behar da horretarako, asteko edozein egunetan, 08:00etatik 20:00etara bitartean: 94-401 00 10. Done Bikandi plazatik aterako dira irteera guztiak.

Ondarearen zabalkundea

Duela hamabi urte sortu zuten Bilbao Izan programa, Bilboko biztanleei eta, oro har, historian interesa duten guztiei hiriaren ondarea eta bilakaera eta gaur egun hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten eraikuntza prozesua ezagutarazteko. Aurtengo bisitek, maiatzetik aurrera, aukera eman zuten 1936ko gerraren eragina pairatu zuten Santutxuko eta Zabalguneko hainbat leku eta Gatzaren matxinadaren agertoki izan ziren Zazpikaleetako zenbait txoko ezagutzeko.

Zamakolada matxinadaren historia Abandoko elizatea izan zenetik abiatzen da. Hura izan zen Bilboko herritarren, merkatarien eta Zamakola buru zuten agintarien arteko gatazkaren agertokia. Altxamenduaren agertoki izan ziren beste hainbat leku ezagutuko dituzte bisitariek bertan. Ziurrenik, altxamendu horren ondorioak eragina izan zuen Bilboren eta inguruan dituen udalerrien bilakaeran, eta bisitariek gertutik ezagutuko dituzte.

Bisita gidatuak
Irailaren 30era arte dago bisita gidatuak egiteko aukera.
Euskaraz: ostiraletan, 17:00etan.
Gazteleraz: astearteetan eta asteazkenetan, 16:00etan eta 18:00etan. Ostegunetan eta ostiraletan, 10:00etan eta 17:00etan. Larunbatetan, 10:00etan eta 12:00etan.
Erreserbak non egin: Parte hartzeko izena eman behar da aurretik. 94-401 00 10 telefono zenbakira deitu behar da astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara. Bisitak doakoak dira.