Salbuespena eteteko aldarria

Salbuespena eteteko aldarria

Natalia Salazar Orbe

Gertukoengandik hurbil edo errotuta dagoen inguruan bete behar du zigorra presoak, familiarekiko eta ingurune sozialarekiko deserrotzea saihestuz. Hala dio Espainiako Zigor Kodeak. Horrelakorik ez du betetzen, ordea, euskal preso politikoei dagokienez. Ezta Frantziak ere. Presoen %40tik gora 900 kilometro baino urrunago dauden kartzeletan dituzte. %14 besterik ez daude 400 kilometrora baino gutxiagora. Euskal Preso Politikoen Kolektiboan dauden 105 bizkaitarrei dagokienez, haien senide eta lagunek 81.824 kilometro egin behar dituzte, denera, astero. 105 preso horietatik, hamazortzi besterik ez daude 500 kilometrora baino gutxiagora dauden espetxeetan. Beste 33, 900 eta 1.000 kilometro bitartean dauden kartzeletan dituzte. Astebururo joan-etorri luzeak egiten dituzte, beraz, senide eta lagunek. 28 urte bete dira sakabanaketa eta urruntzea era sistematikoan martxan jarri zituztenetik. Neurri hori bertan behera utz dezatela eskatuko du hurrengo astean, beste urtebetez, Etxerat elkarteak. Horretarako, presoen Euskal Herriratzearen aldeko aldarrikapenez beteko dituzte hondartzak abuztuaren 6an. Bezperan, itsasora ere eramango dute aldarrikapena, Plentzian eta Gorlizen.

Hainbat deialdi egin dituzte bi egun horietarako. Lehena, Plentzian, abuztuaren 5ean. Metro geltokian elkartuko dira, 12:30ean. Hondartzara arteko bidean uretatik ere indartuko dute aldarrikapena, Itsas Martxarekin bat eginda. Bertan parte hartzeko piraguak eskuragarri daude, doan. 687-74 01 99 telefono zenbakian egin daitezke eskaerak. Egun bat geroago, presoen aldeko ikurrek hartuko dituzte Laida, Laga, Lekeitio, Ondarroa, Muskiz, Bakio, Ea eta Mundakako hondartzak.

Oinazea eta mina

Beste behin iragarri ditu elkarretaratzeak Etxerat-ek “salbuespeneko kartzela politika baten ondorioak” salatzeko: “Pairatzen dugun salbuespeneko politika hau, sakabanaketa, ia hiru hamarkada dituen anomalia bat da. Normaltasunez hartua izatea onartu ezin dugun anomalia bat da, euskal gizartea ezin delako normaltasunean bizi”. Ozen eta argi utzi nahi dute “ehunka familiaren gainean, milaka pertsonaren gainean, egunez egun, sakabanaketaren zama erortzen dela: oinazea eta mina”.

Astero, urtez urte, errepideek sorrarazitako neke handia ekarri dute gogora: “Bidaia amaigabeetako asteburuak ikusten ditugu, bata bestearen atzetik, gure osasun fisiko eta psikikoa zein gure ekonomia nola higatzen diren ikusita”. Baita arriskua ere: presoen hamasei senide edo lagun hil dira errepideetan sakabanaketa politika indarrean jarri zutenetik.

Bidaia luze horietan umeek zein adinekoek ere murgildu behar izan dute. Euren egunerokotik, aisialdirako, jolaserako, ikasteko zein euren lagunekin egoteko duten eskubide eta beharrizanetik urruntzen ditu sakabanaketak umeak, Etxerat-en esanetan: “Urduri eta nekatuta ikusten ditugu; haurtzaroko ordu asko galtzen dituzte”. Adinekoek, aldiz, urteekin gero eta astunagoa den nekea pairatzen dute: “Gaixoturik ere ikusten ditugu, milaka ordu eta milaka kilometro auto edo autobus baten eserlekuan igarotzeagatik”.

Euskal gizarteak urrunketa eta sakabanaketa amaitzeko aldarriarekin bat egin duela ekarri du gogora elkarteak. Alderdi, sindikatu eta gizarte eragileak preso gaixoak askatzeko eta gainerakoak Euskal Herritik gertuko espetxeetara ekartzeko lantzen ari diren Akordio Soziala da horren ereduetako bat. Edo preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko Ireki dinamikak lortu dituen 80.000 sinadurak zein Euskal Herriko hainbat erakundek bide beretik onartutako ekimenak.

Oraingoz, ordea, uda honetan ere presoen senide eta lagunek ez dutela oporrik izango gogorarazi dute; urrutiko espetxeetara bidaia luzeak egin behar baitituzte. “Horregatik, hain justu, hondartzetan izango gara datorren astean. Isilarazitako egoera bati ahotsa eman nahi diogu; eskubideak urratzen dituen politika baten jaiotzatik sortzen den egoerari”.

Bizkaiko bederatzi hondartzatan elkartuko dira:

Abuztuak 5, larunbata

12:30. Plentziako metro geltokiaren ondoan. Etxerat-ek oinezko martxa espaloitik egiten duen bitartean, itsas martxakoak parean izango dituzte, piragua, paddle zein itsasontzietan. Hondartzara iritsi eta buelta egin ostean, herri bazkaria egingo dute Danontzat gaztetxean. Puzgarriak eta musika izango dira ostean.

Abuztuak 6, larunbata

12:00. Laida, Laga, Lekeitio, Ondarroa eta Muskizko hondartzetan.

12:30. Bakion.

13:00. Ean eta Mundakako Laidatxu hondartzan.