Osoa

Nerea Ibarzabal

Laranja erdiarena likuadoran sartu genuen, hasi ginen esaten fruta osoak ginela, gu osatzeko erdirik ez zaigula falta. Marrubi, madari, platano osoekin egon nahi dugula. Baina, hori bai, egon egin nahi dugula. Iruditzen baitzait lehen gure erdia bilatzen genuen intentsitate berarekin bilatzen dugula orain beste oso bat, fruta bakarti izatearen beldurrez oraindik. Solterotasunari behin-behineko egoeraren usaina dario beti, trantsizio bat bi egoera hoberen artean, inoiz ez helburua. Bikote harremanengandik, berriz, iraunkortasuna espero da, “horrela egongo nintzateke betiko” hori.

Neure buruarengandik hasita eta dena aitortuta, nire bizitza ez hain luzean beti izan dut norbait aldamenean edo buruan, izan iraganekoa, momentukoa edo etorkizuneko fitxaketa bat.

Eta izan ez dudanetan, arraro sentitu izan naiz, bakea baina egonezina.

Arratsaldean norberekiko maitasunari eta independentzia emozionalari buruzko mitinak eman ondoren kafeen bueltan, gauean etxera itzuli eta ezin norbaiten mezurik, besarkadarik edo pentsamendurik gabe loak hartu. Idatzita pentsatuta baino grabeagoa iruditu zait, baina ez dut uste bakarra naizenik.

Zeren askotan sumatu dut inguruan beraien zoriona besteei delegatuz bizi denik, poetikoagoa eta errazagoa baita triste zaudenean beste norbaiti errua botatzea, norbere gabeziak aztertzea baino.

Gure gabezia horiek asetzeko, espektatibak sortzen ditugu, eta gure bizitzan sartzen diren pertsonei eskegitzen dizkiegu, denak aldi berean edo pixkanaka, Gabonetako arbolari girlandak eta bolatxoak nola.

Guri eskatzea inoiz onartuko ez genukeen gauzak eskatzen dizkiegu mentalki edo hitzez-, behar dugunean espazioa, behar dugunean babesa, behar dugunean umorea eta besteetan gauzak serio hartzea. Orain konpromisoa, orain konpromisorik izango ez denaren konpromisoa. Eta azkenerako denak hartzen du amaiera eta nostalgia forma, Gabonetako arbolek Gabonak ez direnean transmititzen duten hori.

Erdirik behar ez dugunok, garen oso hori oparitzen goaz, geure burua bestearen begi ninietan islatuta ikusten ikasi dugu, eta inork gutaz paso egindakoan “besteren batek baloratuko nau” pentsatzen dugu, “ez dut inor behar” pentsatu ordez.

Auskalo zenbateraino areagotu daitekeen beste oso bat bilatzeko antsietatea solterotasunak betirako bakardadea iradokitzen duen adin horretan edozein adin izan daiteke-, eta auskalo zenbat osok jarraitzen duten elkarrekin, gero besterik aurkituko ez dutela uste dutelako bakarrik. Gauza antzekoa direlako bi erdi, edo hutsik sentitzen diren bi oso.