Iraganaren gordailua osatuz

Iraganaren gordailua osatuz

Aitziber Laskibar Lizarribar

Milaka argazki zahar. Batez ere mendizaletasunarekin lotutakoak, baina baita hainbat urtetako ohitura eta bizimoduak erakusten dituztenak ere. 13.868 argazki negatibo jaso ditu Bizkaiko Foru Artxiboak dohaintzan. 1955. eta 2009. urte bitartean batik bat Goi Nerbioi inguruan eta Arratian hartutakoak. Paperera pasatuta dauden beste 61.000 irudi ere bai. Foru Artxiboak inoiz jaso duen dohaintza garrantzitsuenetarikoa da.

Iñaki Garcia Uribek jarri ditu aldundiaren esku. Aita zuen Javier Garcia Rodrigok egindako argazkiek balio historiko eta etnografiko handia duten arren “kutxetan galduta” geratzeko arriskua zutela konturatu zen. Altxor gisa zituenak kutxetatik atera, eta etorkizunean irauteko prestatzea erabaki zuen. Sei urtez argazki eta negatiboak ordenatzen aritu da, eta, lanak amaituta, Bizkaiko Foru Artxiboari eman dizkio.

Urduña, Ugao, Zollo, Gorbeia eta Orozko ingurukoak dira argazki gehienak. Handik egindako txangoen berri ematen dutenak, inguruetako paisaiak, ohiturak, festak zein erromeriak erakusten dituztenak. Azken finean, 1950eko hamarkadatik aurrera Bizkaiko inguru horietako bizimodua begien aurrean jartzen duten irudiak dira. Balio etnografiko handia dutenak.

Eta badira afizioz argazkilari zenaren bizilekuaren ingurutik urrutiagoko bidaietan egindako argazkiak ere: Bilbo, Gernika, Gordexola eta Lekeitiokoak, Gasteiz eta Aguraingoak (Araba), Lourdesekoak (Okzitania) zein Escorialekoak (Madril, Espainia), esate baterako.

Izan ere, ez zen geldirik egotekoa Javier Garcia Rodrigo. Arrigorriagako zein Ugaoko mendi taldeetako zuzendaritzetan jardun zuen, Euskal Herriko Mendi Federazioko prentsa lanetan ere bai, aisialdi taldeetan… Eta gustuko zuen bidaiatzea. Oso gustuko. “Garai haietan apenas zegoen motorrik, baina nire aitak bazuen bat, eta alde batetik bestera ibiltzen zen motorrean, tramankulu guztiak hartuta argazkiak ateratzen”, kontatu du dohaintza egin duen semeak.

Eta zaletasunak bultzatuta urteetan egindako lanek lekukotza garrantzitsua utzi dute. Hala aitortu du Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuak, aldundiak jaso dituenen berri emateko agerraldian: “Garai oso baten isla dira argazkiak; laguntza handia ikerlarientzat”.

“Ohiko emailea”

Gainera, ez da lehen aldia bere seme Iñaki Garcia Uribek Foru Artxiboari dohaintza egiten diona. “Ohiko emailetzat” dute artxiboan. Hamar bat alditan utzi ditu aitaren materialak artxiboaren esku. “Ez da egin dugun dohaintza bakarra, baina bai garrantzitsuena”, aitortu du etnografoa ere baden Garcia Uribek. Beste erakunde batzuen esku ere utzi ditu aitak egindako lanak. Iaz, esate baterako, 190 pelikula bobina eman zizkion Euskal Filmotekari. Ekarpen horiek guztiek eginda, garrantzitsutzat dituen material horiek guztiak herritar denen eskura jarri nahi ditu Garcia Uribek.

Antzeko materialak dituztenak berdin jokatzera deitu ditu Kultura diputatuak: “Halako dohaintzei esker historia herritar arrunten eskura jartzen da”. Gizenduz doa, izan ere, Foru Artxiboan gordetako altxor txikien saila. 1990. urtean sortu zenetik ekarpenak jasotzen aritu da, eta, gaur egun, milioi eta erdi argazki, idazki eta bestelako agiri baino gehiago gordetzen ditu, bai gaur eta bai etorkizunean balio historiko garrantzitsua izango dutenak.