Tokian tokiko neurriak

Tokian tokiko neurriak

A. Larrabe Arnaiz

Irribarrea kendu zioten iaz Marijaiari Bilboko Aste Nagusian. Bost sexu eraso egin zituzten Bizkaiko hiriburuko festetan, eta erantzun bateratua eman zuten Bilboko Udalak, konpartsek eta mugimendu feministak. Eskuak altxatuta, ezetza ezetza dela adieraziz azaldu zen Marijaia jai eremuan, eta eskutik helduta agertu ziren erakunde eta eragileak, genero indarkeriari aurre egiteko. Historikoki, mugimendu feministak herri erantzuna eta autodefentsa feminista giltzarritzat jo ditu gizartearen gaitz horren kontra egiteko, eta gero eta gehiago dira, norabide horretan, sexu erasoen aurkako kanpaina berezituak egiten dituzten herri eta auzoak.

Iritzi orokorra da: festak herritar guztientzako espazioa dira, eta denek dute aisiaz gozatzeko aukera bera, norberaren generoa aintzat hartu gabe. Baina iritzi orokorrak eta errealitateak ez dute beti bat egiten, eta beren-beregi festa giroan erasorik egon ez dadin lantzeko hamaika ekitaldi antolatu dituzte Bizkaiko hainbat txokotan. Datozen egunetan festa giroan izango dira Barakaldon, Bermeon, Elantxoben, Busturian, Gorlizen, Zornotzan, Santurtzin, Arrigorriagan, Bilbo Zaharrean eta Algortan, besteak beste, eta erasoen aurkako kanpainak egingo dituzte, guztiek ez bada, gehienek.

Gerta daitekeenari aurre hartzeko neurriak proposatu dituzte, adibidez, Barakaldon. Argitan emakume elkarteak informazio gunea izango du txosna gunean egunotan, eta bestelako ekintzak ere antolatu dituzte herritarrak sentsibilizatzeko; tartean, karaoke feminista eta matxismorik gabeko hizkuntza lantzeko tailerra.

Berdin Getxoko Udalak ere. Datozen asteetarako, herriko auzoetako festetarako protokoloak adostu ditu udalak, eta erasoen prebentziorako kanpaina komunikatiboa ere landuko duela azaldu du erakundeak. Izan ere, iaz bi sexu eraso salatu ziren Getxon: bata, Portu Zaharreko festetan; eta bestea, paellen ospakizunean, Aixerrotan. Igandean ospatuko dute paellen eguna aurten, eta erasorik egon ez dadin sentsibilizazioan egin nahi du indar udalak. Kaleak, gauak eta jaiak gureak dira leloa lau haizeetara zabalduko du datozen egunetan, herriko auzo guztietan.

Joan den asteburuan hasi zituzten Zornotzako jaiak, eta hilaren 27ra bitarte iraungo dute. Festen lehen egunean eraso ziotela salatu zuen emakume batek. Erasoen kontra herrian egiten ari diren kanpainaren barruan, hainbat bideo kaleratu dituzte, non hainbat pertsona parekidetasunari eta sexu erasoei buruz hizketan azaltzen diren.

Arrigorriagan eta Bermeon Madalenak ospatuko dituzte asteburuan, eta kanpaina bereziak egingo dituzte sexu erasoak saihesteko asmotan. Arrigorriagako Loturarik Gabe elkarteak, adibidez, informazio puntua jarriko du txosnen eremuan, Jaietan ere ezetza beti ezetz goiburupean.

Emakundek jaietara bideratutako Beldur Barik kanpainaren barruan egin dute lanketa hainbat udalerrik; Getxokoa, tartean. Iaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 39 bat udalek hartu zuten parte Emakunderen kanpainan. Jaien sasoian “errespetua eta berdintasuna” sustatzea da erakundearen helburua, eta era horretan eraso sexistak saihestea.

Erroetara jo beharra

Uda sasoi betean dago Bizkaia, eta lehen lerroan jarri dute indarkeria matxistaren auzia, tokian toki. Ezbairik gabe, gero eta oihartzun handiagoa du auziak nazioartean ere. Suedia iparraldeko Norrkoping hirian egiten duten musika jaialdia da erakusle. Milaka gizon eta emakume bertaratu ohi da, eta, aurten, lau bortxaketa eta 23 gehiegikeria salaketa jaso ditu Suediako Poliziak. Erantzuna berehalakoa izan da, eta 2018an emakumeentzat soilik antolatutako musika jaialdia egin daitekeela proposatu dute hainbatek. Gero eta jaialdi gehiagotan jartzen dituzte andreentzako espazio berezituak.

Andreak festa eremuan lasai egoteko eta erasoak saihesteko neurria non jarri behar den da gakoa. Mugimendu feministaren lana, sexu erasoen aurkako kanpainak, protokoloak eta mobilizazioak beharrezkoak diren arren, ezinbestekoa da arazoaren oinarrietara jotzea. Baina gizartean aldaketa sakonak egitea eskatzen du horrek.