Sei urteko lana, etetear

Sei urteko lana, etetear

Natalia Salazar Orbe

Aisialdi eta bizitza eredu berri bat eraman zituen Erandiora gazte asanbladak, Kalezulo gaztetxearen proiektuaren bidez. Duela sei urte jarri zuten martxan. Kontzertuak eta parrandak egiteko leku bat baino gehiago bihurtu da urte horietan guztietan. Denetariko jarduerak eskaintzen dituzte, musutruk: zumba eskolak, rokodromoa zein jaietarako karrozak egiteko lekua koadrilentzat. Gazteak elkartzeko gune bat da, eta autogestioa du ardatz. Ibilbide hori eta sustatzen duten eredua arriskuan dago, ordea. Erandioko Udalak gaztetxea ixteko dekretua sinatu du. Joan den asteko asteazkenean iritsi zitzaien jakinarazpen ofiziala bertako kideei. Lehenago, komunikabideen bidez izan zuten zetorrenaren berri. Egoera horri zelan egin aurre aztertzen ari dira gazteak eta haien abokatua. Dena den, gauza bat argi dute: botatzen ez dituzten bitartean han jarraituko dute. “Gu ez gara joango”. Hala azaldu du Ane Gamarrak.

Hainbat arrazoi eman ditu udalak gaztetxea ixteko. Segutasun arazoak dira argudio nagusietakoak. Baina gaztetxean gauzatzen dituzten jarduerek hainbat lege urratzen dituztela ere ekarri dute gogora. Egoitz Bilbao Hirigintza zinegotziak eman ditu azalpenak: “Joko eta ikuskizunen legea urratzen du bertako jarduerak. Han gauzatzen dituzten jardueretarako lizentzia behar dutela dio lege horrek. 3/98 ingurumen legea ere bide beretik doa. Lurzoruaren legea ere urratzen dute”. Gaztetxearen kokapenagatik ere kezka agertu du: “IHOBEren arabera, zorua kutsatuta egon liteke duela hainbat urte han garatzen zuten jarduerengatik. Industria astuna zegoela esango nuke”.

Obra eta Zerbitzu saileko arkitektoaren txostenak segurtasun arazoak planteatu ditu, gainera. Ezbeharren bat gertatu aurretik ezarri beharreko neurriez mintzatu da: “Berehala itxi behar da, Madrid Arenan zein Zorrotzan gertatutakoen antzekoak ez jazotzeko”.

Udalak egindako txosten teknikoa dute oinarri zinegotziaren argudio batzuek. “Txosten hori Facebook-eko argazkiekin eta eraikinaren kanpoaldeko itxurarekin egin dute. Ez dira sartu barrura azterketarik egitera”. Hala adierazi du Gamarrak. Bilbaok helburu zehatz batzuk dituela sinetsita dago: “Aitzakia merke bat da gu hortik kaleratuta herriaren aurrean ondo geratzeko”. Udal osoari ez baizik EAJri egotzi diote gaztetxeko kideek proiektuaren aurkako jarrera.

Bizilagunen artean gaztetxeko jarduerek eragozpenak sortzen dituela salatu du, bestetik, zinegotziak. “Kexak etengabeak izan dira. Aurten hainbat jaso ditugu. Ekainaren 30ean etxejabeen elkartearekin batzartu ginen. Uztailaren 7an idazki bat aurkeztu zuten, berehala esku har genezan eskatzeko”.

Bestelako informazioa dute gaztetxekoek: “Ikusi dugu espedientea, eta azken bi urteetan bi kexa besterik ez dira egon. Aipatu duten auzokideekin egindako bilerari dagokionez, pertsona bakarrarekin egin zuten. Gainera, emakume hura ez zen azaldu gaztetxearen aurkako jarrerarekin, nahiz eta haiek saiatu ziren horretarako zirikatzen”.

Garbitasuna auzitan

Horrez gain, Kalezulo betidanik elkarbizitza ardatz izan duen proiektua izan dela azaldu dute bertako kideek: “Beti zaindu izan da auzokideekiko zein Erandioko beste guztiekiko harremana. Jakin badakigu antolatzen ditugun ekintza batzuek —kontzertuek, kasurako— auzokideen atsedenean eragin dezaketela, eta, hori dela-eta, neurriak hartu ditugu beti: jaialdien jakinarazpena, bolumenaren kontrola edota ordutegiak adostea, besteak beste”.

Jarduera horiek sortzen dituzten bestelako eragozpenak ere aipatu ditu Bilbaok: “Kalearen osasungarritasunean eta garbitasunean dute eragina: zaborra sortzen da, txizak, botilak…”. Gaztetxekoen esanetan, eurek hartu dute kaleak argiztatu eta garbitzeko ardura halako jarduerak antolatu dituztenean. “Udalak ez baititu horiek betetzen”.

Bilbaoren esanetan, udala saiatu zen gazteekin akordio bat lortzen, konponbide bat bilatzen, 2015. urtearen bukaeran hasi eta 2016.ean. “Uko egin zioten”. Horren ondorioz, gaztetxea behin-behinean ixteko agindua ematen zuen dekretua sinatu zuen. Hala ere, gaztetxeak bere jarduerarekin jarraitu du.

Irtenbidea, legeztatzea

Itxiera saihesteko bide bakarra planteatu du Bilbaok: “Araudia betetzeko proiektua aurkeztu behar dute. Legeztatzea posible bada, lizentzia emango zaie. Hala ere, arkitektoaren arabera, legeztatzea oso zaila izango da”. Dekretuaren jakinarazpena izan zutuenetik 15 eguneko epea zabaldu diete alegazioak egiteko.

Gaztetxearen beharrizanaren gakoa zein den azaldu dute bertako kideek: herrian ez dago gazteentzako “eskaintza erreal, duin eta aberasgarririk”. Udalak iragarri du merkatu zaharrean gabezia horri irtenbidea emateko proiektua gauzatzeko asmoa duela. Oraingoz, hastapen fasean baino ez dago, ordea. Gaztetxekoek nahiko lukete proiektu horrek aurrera egitea, “gazteontzako proposamen soziokulturala edukiko balu”. Baina ez dute itxaropen handirik agertu. Bilbaok iragarri du proiektua martxan izango dela 2018ko irailerako. 900 metro koadro dituen eremua eraberritzeko 600.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Datozen egun edo asteetan argituko da zer gertatzen den gaztetxearekin. Joan den ostiralean, manifestazioa egin zuten, hura ixteko dekretuaren aurka. Gaztetxeak Erandiori egin dion ekarpena ekarri du gogora Gamarrak: “Herrian gazteriak aisialdirako zuen aukera bakarra tabernak eta lonjak ziren. Gazte asanbladak herriarekin batera erabaki zuen gazteok behar genuela autogestioa, gure aisialdia eta bizitza eredua gauzatzeko. Herrian erreferentea da, eta denetariko herritarrak sartzen dira bertan, batekoak eta bestekoak”.