Barakaldoko PSEk hautsi egin du EAJrekin zuen egonkortasun akordioa

Barakaldoko PSEk hautsi egin du EAJrekin zuen egonkortasun akordioa

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Zailak” izan dira EAJ eta PSE-EEren arteko harremanak Barakaldon, betidanik. Eta gogorrak oso, historikoki sozialisten feudo izan den udala jeltzaleek eskuratu zutenetik. PSEk 32 urtez izan zuen alkatetza Ezkerraldeko hiri nagusian, baina, 2015ean, EAJk kendu zion aginte makila. Liskarrak liskar, egonkortasunerako akordioa sinatu zuten bi udal taldeek, alderdien zuzendaritzek zehaztutako irizpideei jarraituta. Baina bidea ez da gozoa izan. Ikusi besterik ez dago astero-astero bai batak eta bai besteak elkarren aurka jendaurrean egin dituzten akusazio etengabeak. Eta amaitu da bidea. PSEk hautsitzat eman du EAJrekin zuen akordioa. Jeltzaleek “marra gorriak” gainditu dituztela esanaz arrazoitu du erabakia Ana Belen Quijada bozeramaile sozialistak.

Quijadaren esanetan, Barakaldoko EAJk eta Amaia del Campo alkateak ez dituzte bete 2015eko akordioan sinatutako irizpideak. Zerbitzu publikoak etengabe murriztea leporatu die, eta enplegua eta langileen eskubideak zapuztea: “Azken hilabeteetako udalbatzak mobilizazio ugariren topagune izan dira. Horren erakusgarri da azken sei saioetan ez dela faltatu udal zerbitzuren bateko langileen protesta eta kartelik”.

Langileekiko arduragabe aritzea leporatu dio alkateari. Etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileen egoera, eskola publiko eta udal instalazioen garbiketaz arduratzen direnena, zaintza zerbitzuetakoena, herritarren harretarakoena eta kiroldegi harreretako langileena aipatu ditu. Udal langileen negoziazio kolektiboa atzeratzeko trikimailuetan aritzea ere egotzi dio, eta TAOko eta garabi zerbitzuetako langileak ere protestan direla gogoratu dio, euren egoera Bizkaiko gainerakoenekin berdintzeko eskatzeko.

Kargua utzi dute

Hori dela eta, udal gobernua 2015ean sinatutako lehentasunetatik urruti ari dela dio Quijadak, eta, hamabost eguneko hausnarketaren ondoren, PSEren taldeak neurriak hartzea erabaki du: duela bi urteko akordioa hautsi du, eta PSEren hiru zinegotziek udal gobernuko karguak utzi dituzte.

Del Campok “penaz” hartu du erabakia. Sozialisten haustura barakaldarrentzat “txarra” dela adierazi du: “Gobernu egonkor bat giltzarria da hiria hobetuko duten proiektuak bermatzeko”.

Edozein kasutan, EAJk ez duela inolako marra gorririk gainditu ziurtatu du Jon Andoni Uriak, Barakaldoko Udaleko EAJren bozeramaileak, alkatearekin egindako presazko agerraldian. Duela bi urte PSErekin hitzartutakoak bete dituztela esan, eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta langileen baldintzak bermatu dituztela adierazi du. Are, udaleko langileek hitzarmenik gabe sei urte daramatela, baina jeltzaleek alkatetzan daramaten bi urteetan aurrerapausoak egin direla esan du.

Gertatutakoa gertatuta ere, Barakaldok aurrera egin behar duela nabarmendu, eta EAJk horretarako lan egingo duela adierazi du alkateak. Bide horretan, atzo bertan Ogasun Batzordean PSErekin hitzartua zuena beteta haren zuzenketak onartu dituela jakinarazi du. “Barakaldok ezin du geratu. Egonkortasunerako itunarekin edo gabe, hiriak aurrera egiten jarraitu behar du”. Hartarako, “talde politiko diferenteekin” akordioak lortzen saiatuko dela azaldu du Del Campok.