Aldi baterako oasia, urte osoa desertuan irauteko

Aldi baterako oasia, urte osoa desertuan irauteko

Peru Azpillaga

Oasiak basamortuan hazten diren landare guneak dira. Desertuan bizitzeko funtsezkoak. Sahararrek ondo dakite hori. Orain dela berrogei urte kanporatu zituzten beren lurraldetik. Orduz geroztik, Tindufeko “aldi baterako” kanpalekuetan bizi dira haietako asko. Horrek ez du oasi baten inolako antzik. Kanpoko laguntzari esker irauten dute bizirik han, desertuaren erdian eta ur iturri propiorik gabe, adobezko etxe ahuletan. Udan, gainera, tenperaturek 50 graduak gainditzen dituzte erraz. Horregatik, han bizi diren umeentzat, uda Euskal Herrian igarotzea oasi batean egotea bezalakoa da. Janaria, ura, medikuak, aisia… Ume horientzat funtsezko bidaia da urtero Euskal Herrira egiten dutena. Batzuk familietara joaten dira; beste batzuk, ordea, Mari Carmen Zarragak, Hamdi Sidik eta beste batzuek antolatutako etxeetara.

Hori dela eta, Colegio Compañia de Mariak bilakaera izugarria izaten du udako hilabeterik beroenetan. Bere garaian goiko klaseko familien luxuzko eskola zenak desertuko ekaitz baten bisita jasotzen du uztailetik abuztuaren amaiera arte. Tindufeko 10 eta 12 urte bitarteko umeak dira, Urduñako etxe gris hori kolorez betetzen dutenak. Mari Carmen Zarragak (Erandio, 1957) eta Hamdi Sidik (Sahara, 1974) batera sortutako proiektuari esker, urtero algarak, barreak eta giro ona dira nagusi udako bi hilabete horietan. Hasieran, ostatu bat alokatzen saiatu ziren, baina, garestiegia zela ikusita, irtenbide baten bila hasi ziren. Bizitzaren tirabirek Colegio Compañia de Mariara eraman zituzten. Hango mojengana jo zuen Zarragak orduan, eta, bere proiektua azaldu ostean, eskuzabaltasun osoz hartu zituzten.

Mojak jada alde eginda daude, baina Zarragak eta Sidik hor jarraitzen dute urtero urtero, uztailetik abuztura, Saharako Tindufeko kanpalekuetan oso baldintza gogorretan bizi diren umeei aukera bat eskaintzen uda bakean eta giro ederrean igarotzeko. Urte osoa lanean ibili ostean, oporrak ume horiekin emateko hautua egin zuten aspaldi. Sei urte daramatzate han, musu truk utzitako eraikin horren hegal bat erabiltzen. Haien proiektua hiru euskarriren gainean dago eginda. Alde batetik, Nor fundazioak jartzen du finantzaketa ekonomikoaren zatirik handiena. Bestetik, Zarraga eta Sidi Bakeleku elkarteko kideak arduratzen dira dena prestatzeaz, eta uda osoa ematen dute han umeekin: janaria prestatu, txangoak egin, medikuarengana eraman… Azkenik, Zumaiako Darahli elkarteko gazteak astero txandakatzen dira, eta monitore funtzioa betetzen dute.

Irribarretsu agertu da Zarraga. Zahartzen ari dela dio, baina energiaz beterik dago oraindik. “Oso neketsua izan arren, oso gustuko dut hau egitea. Egoera zein den jakinda, ezinezkoa da beste alde batera begiratzea”. Duela hamabost urte, umeak helduta zeuzkala hartu zuen lehen aldiz Saharatik etorritako neskato bat, Sarifa. “Pixkanaka, gero eta gehiago inplikatuz joan nintzen: behin hasita, ezin zaitezke gelditu. Monitore batek esaten zuenez, sahararrak droga goxo baten antzerakoak dira”. Orduz geroztik, guztiz murgildu da herri horrek pairatzen duen egoera latzean laguntzeko asmoz.

Hala ere, azaldu dutenez, herri oso bat dago egitasmoaren atzean. Janaria eta arropa Euskal Herriko hainbat tokitan jasotzen da; besteak beste, Getxon, Barakaldon eta Eibarren. Gainera, Urduñan bertan asko dira laguntzeko prest dauden pertsonak: eskola utzi duten mojak, Eroskiko koordinatzailea, medikuak eta dentistak, besteak beste. Guztiak prest, ume horiek artatzeko inolako oztoporik jarri gabe, nahiz eta orduz kanpo lan egin behar izan. Darahliko gazteak, bestalde, DBHn hasten dira monitore lanak egiten, eta askok 4. mailan aukera izaten dute Tindufera joateko. Gehienek monitore jarraitzen dute eskola amaitu eta gero ere. “Tratu oso ona dugu, eta familia txiki baten antzera egiten dugu lan hemen”, aitortu dute. “Sahara txikia da hau”. Ulermena ere ez da oztopo haientzat, jokoak antolatzeko duten traba nagusia horixe izaten den arren. Ume gehienek ez dakite ondo gazteleraz. “Askotan, askoz denbora gehiago ematen dugu jokoa antolatzen, jolasten baino. Baina, egia esan, uste dugun baino gehiago ulertzen dute, nahi dutenean soilik. Oso azkarrak dira, eta errespetu handia dute”.

Hala ere, dena ez dira barreak eta algarak. Azken finean, umeak dira, eta, edozein umerentzat bezala, gogorra da bi hilabete ematea etxetik kanpo. Uda amaitzean, etxera itzultzeko gogo bizia izaten dute, familiarekin, beren herrira, basamortura.

Tindufeko kanpamentuak

Tindufeko errefuxiatuentzako kanpalekua orain dela berrogei urte sortu zen. Aljeriako Gobernuak utzitako lur zati batean eraikita, Mendebaldeko Saharako auzia konpontzen zen bitartean hango herritarrentzako babeslekua izatea zeukan helburu. Berrogei urte pasatu dira, eta aldi baterako kanpalekua izatekoa zena han dago oraindik, 200.000 pertsonari baino gehiagori babesa ematen. Zaila da han bizitzea. Oso zaila. Han ezin da ezinbestekoa ez den ezer topatu, asko bilatuta ere. Minimoz osatutako kanpaleku bat da. Eta minimoekin bizitzea irautea da. Hori dute helburu hango herritarrek.

Egia da urteen poderioz azpiegitura gehiago sortu dituztela eta egoera hobetu egin dela. Egia da urteen poderioz Kuban, Libian edota Aljerian hezitako umeen itzulerak ere asko lagundu duela. Medikuek, irakasleek, ingeniariek… kanpalekuko egoera hobetu dute. Egun, Kubako eta Venezuelako gobernuen laguntzari esker, batxilergoa ere sortu dute, eta aurten lehen selektibitatea egin dute. Hala ere, aipatu bezala, desertuaren erdian dagoen aldi baterako kanpaleku bat ez da bizitzeko toki aproposa, are eta gutxiago 10-12 urteko umeentzat. Udan, basamortuko eguzkia goi-goian dagoenean, bere izpi guztiak desertura igortzen dituela dirudi, eta tenperaturak 52 graduraino heldu daitezke. Desertuaren erdian. Herritik urrun. Udan Euskal Herrira egiten duten bidaia da, askorentzat, kanpalekuetatik irteteko lehen aukera. Itsasoa ezagutzeko duten lehen aukera. Larre berdeetan jolasteko lehen aukera. Baina ez datoz dibertitzera soilik: premiazko osasun zerbitzu bat jasotzen dute hemen, eta hori funtsezkoa izan daiteke haien etorkizunerako.

Geroz eta familia gutxiago

Baldintza horiengatik guztiengatik da Euskal Herria oasi bat ume horientzat. Zarraga, Sidi eta halako jendearen lanari esker da posible, baita urtero Saharako ume bat hartzeko prest izaten diren familiei esker ere. Bero kiskalgarritik ihes egiteaz gain, uda desertutik kanpo igarotzeak beste hainbat gauza ere eskaintzen baitizkie ume horiei: medikuarengana eta haginlariarengana joan eta azterketa on bat egin ahal izatea, hondartzan eta igerilekuan bainatzea, inoiz jan ez dituzten hamaika jakirekin elikatzea… Aurten, eskailera bat inoiz ikusi ez zuen ume bat ere izan dute. Eskailera bat.

Alta, ume horiek ez datoz jasotzera soilik. Asko dute emateko. Hamdik aitortu duenez, bere herriko enbaxadore txikiak dira, Mendebaldeko Saharako gatazka ikusarazten dutenak eta beren gardentasunarekin herri oso baten inplikazioa eta elkartasuna lor dezaketenak.

Hala ere, gero eta gutxiago dira Saharatik datozen umeak hartzera animatzen diren familiak. Aurten zertxobait gora egin arren, urrun daude orain dela bost urteko datuetatik: uda honetan 140 ume etorri dira Bizkaira. Zarragak dioenez, garrantzitsua da ulertzea zein den ume horiek uda kanpalekuetatik urrun igarotzeko duten premia. “Ez da soilik aisialdi kontua. Osasun kontua da. Hona etorrita, ume horiek medikuarengana joan eta osasun azterketa on bat egiteko aukera dute”. 10 eta 12 urte bitarteko ume horientzat ezinbestekoa dela azpimarratu du. Sarri aurkitzen diete gaixotasunen bat. Ugarienak begiekin lotutakoak dira —lehortu egiten zaizkie desertuko baldintza gogorrak direla eta—. Baita elikadura egoki baten gabezia ere: desnutrizioa izaten dute gehienek.

“Hemen oso ondo jaten dute, baina nabaritzen zaie urdaila murriztua dutela baldintza gogorren ondorioz”, dio Zarragak. Normalean, neurriz azpiko pisuarekin heltzen dira, eta irabazten dituzten hiru edo lau kiloak oso lagungarriak dira negurako. Are gehiago kontuan izanik umeak direla, hazten ari direla eta elikadura on baten premia dutela. Gehienek ez dute inoiz arraina dastatu, eta ez dakite zein den barazki fresko baten zaporea. Beti dute bitaminaren baten falta. Horregatik, Oporrak Bakean programaren arduradunek behin eta berriro esaten dute familien beharra dagoela. Elkartasunaren beharra. Ume horientzat luxua dena desertuan bizirik irauteko premia ere badelako. Sidik nabarmendu duenez, ekarpen oro da garrantzitsua: “Ez du inporta asko edo gutxi izateak: garrantzitsuena laguntzea da”. Hartara, sahararren aldeko elkarteek umeak etxean hartzeko deia egin diete herritarrei.