Reggae jai txapelduna

Reggae jai txapelduna

Aitziber Laskibar Lizarribar

Itsasoari begira, itsasoa bera ukitzen duten lurretan dago Armintza. Alde batetik, mendialde eta zelai berdeek besarkatzen dute, eta amaierarik gabekoa diruditen ur urdinek, beste aldetik. Arrantza portu txikia da. Txalupak ber-bertan dituela, itsasoari begira bizi dena. Itsas zabalaren bestaldean, ikusmenak harrapatzen ez duen nonbaitekiko maitasun istorio gisa azaltzen dute antolatzaileek ia azken hogeita hamar urtean urtero errepikatzen den jaialdiaren muina: “Armintzako arrantza portua jamaikar jatorriko musikaren eta Euskal Herririk tropikalenaren arteko maitasun gutun bat idazten hasi zen”. Txikitik sortu zen Txapel Reggae jaialdia, era xumean, eta handira egin du azken urteetan. Urruti dago Potato, Kannabis eta Yassa musika taldeeren kontzertuek abiatu zuten lehen edizio hura.

Karmengo jaietan hasi zen jaialdia, programazioaren barruko reggae egun gisara. 1990a zen. 27 urteren ondoren, tradizio bihurtu da reggae zaleentzat; galdu ezin den jaialdi berezia. Jamaikar jatorriko musika esperimentatzen hasiak ziren euskal taldeentzako plataforma gisara sortutakoa, nazioartean itzal handia duten artista ugariren lankidetzarekin egiten den jaialdi handi bihurtu da; Bizkaiko kostaldeko kultur proiektu garrantzitsuenen artean zein kultura jamaikarraren inguruko agendan leku egitea lortu duen hitzordua.

Eta, duen kokapen bereziagatik zein egitarau aberatsagatik ez ezik, beste zerbaitegatik ere bada “aparta” Txapel Reggae, antolatzaileen esanetan: “Jaialdi irekia, plurala eta doakoa delako”, giro aparta izaten duelako, eta “gau ahaztezin bat igaro nahi duen edonork ongi etorria jasoko duelako”.

Herritarren babesa

Hain zuzen, herritarren parte hartzea goratu eta eskertu dute antolatzaileek: “Marka komertzial handiek aire zabaleko makrojaialdi ugari babesten dituzten garai honetan, benetan bitxia da horren herri txiki batean biztanle guztiak eskuzabaltasunez musika saio hau antolatzeko laguntzen ikustea”.

Aurtengo egitaraua “oso internazionala” izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta jamaikar tradizioa eta doinu britaniarrak nahastuko direla bereziki. Ska, dancehall eta roots erritmo dantzagarriak izango dira nagusi biharko saioetan. Eta mundu osoan ospe handikoak diren reggae musikariak igaroko dira Armintzako portuan jarritako agertokitik. Besteak beste, Macka B, Danny Red eta Jah Observer. Tokiko taldeek ere izango dute lekua nazioarteko izen handi horien ondoan.

Bi gune nagusi

Aurreko jaialdietan bezala, bi gunetan banatuko da Txapel Reggae: Skateparkean egongo den Pay-Pay Dub Stage gunean sound system musika protagonista duen agertokia egongo da, eta Euskal Herriko musikariak izango dira nagusi, arratsaldean, 16:00etan hasita. Mad Muasel abeslari bizkaitarrak, adibidez, abesti zaharrak eta sorkuntza berriak eramango ditu Armintzara. Aiaraldeko Sound System Laudioko (Araba) gazte taldea ere Skateparkean jarritako agertokian arituko da. Baita Iruñeko Sustrainans & Titanians in Dub ere. Salda Dago, reggae mugimenduan lelo bihurtu diren hitzen egile gaztea, Thunder Clap Sound System kolektiboaren laguntzarekin arituko da.

Sadhu Stage izena eman diote beste guneari: portuan jarritako agertokiari. Izen handiko musikariak arituko dira, gauean, 22:00etatik aurrera. Erresuma Batuko eta Jamaikako musikariak izango ditu oinarri gune nagusi horrek: Macka B artista eta aktibista, sound system kulturan maisua den Jah Observer, Dany Red abeslaria, Irregular Roots banda eta The Hot Knives banda. Etxeko talde bat ere arituko da itsaso aurrean kokatutako agertoki berezian: Iruñeko Skabidean.

Baina jarraitzaile gehien bilduko dituzten emanaldiak gauean izango diren arren, Armintzara joaten denak eguerditik izango du zerekin gozatu. Txapel Reggae jaialdian ohiko bihurtu den rasta poteoa, esate baterako, 12:00etan hasiko da. Armintzako kale eta tabernetan zehar ibiliko da Batukale Sambaren musikaren laguntzarekin. Egun osoan egingo diren gainontzeko ekitaldiak ere musikaz alaitutakoak izango dira; goizean egingo den skate txapelketa, esaterako.

Jaialdian izaten den giro ona nabarmendu, eta horretan laguntzeko eskatu dute antolatzaileek: “Errespetua eskatzen dugu; Armintzara bilduko diren pertsona ororenganakoa, herria berarenganakoa eta ingurunearenganakoa”.