Laborariek munduan duten tokia aldarrikatuko du Via Campesinak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Erdigunean dago. Bizitzaren epizentroa da. Munduko edozein txokotan baserritar batek landatzen duen hazia da gakoa. Zimbabwe, Senegal, Japonia, India, Txile, Guatemala, Kuba, Mexiko, Finlandia edo Euskal Herrian, laborariek beren lana egiteko duten eskubidea eta herritarrek elikagai osasuntsuak jasotzeko dutena aldarrikatzen du Via Campesina erakundeak.

“Nekazariek elikagaiak produzitzeko egiten dugu lan. Gizarte eraldaketa bultzatzeko edo gizarte justuago bat lortzeko bidean, baserritarrei elikagai osasuntsuak ekoiztea dagokigu”. Hala dio Alazne Intxauspe Bizkaiko ENHE sindikatuko kideak. Nazioarteko 73 herrialdetako 164 elkartek osatzen dute Via Campesina erakundea, eta bi milioi baserritar baino gehiago ordezkatzen ditu; tartean dago Bizkaiko EHNE ere. Lau urtetik behin elkartzen da nazioarteko plataforma, eta datozen urteetako jardunari buruzko erabakiak hartzen dituzte. Derioko apaiztegi zaharrean dute VII. biltzarra egitekoa, igandetik hilaren 24ra bitarte.

Azken prestaketetan murgilduta daude Bizkaiko EHNEko kideak, Via Campesinaren VII. biltzarreko anfitrioi lanak egitea egokitu baitzaie sindikatuko kideei oraingoan. Bigarren aldia da erakundeak bilera Europan egiten duena: lehen batzarra 1993. urtean egin zuten, Mons hirian (Valonia, Belgika). Azkena, 2013an, Jakartan egin zuen (Indonesia).

“Europaren izenean hartuko dugu Bizkaiko EHNEko kideek datozen egunetako biltzarra”, argitu du Alazne Intxauspek. Via Campesina erakundeko bostehun laborari inguru elkartuko dira Derion igandetik aurrera, eta, orotara, berrehun boluntario baino gehiago izango dira lanean biltzarrean.

Nekazaritzatik harago

Nazioarteko mugimendu indartsuenen artean kokatzen da Via Campesina. Haren jarduerak eragina du mundu mailan, eta, era batean ala bestean, nazioarteko erakundeek ere aintzat hartzen dute haren ahotsa; Nazio Batuen Erakundeak, kasurako. Lau urtetik behin Via Campesinak egiten dituen biltzarrek garrantzia dute horregatik: oihartzuna izaten du ekitaldiak, eta nekazarien egoera ikusarazteko baliagarria ere bada. “Gure aldarrikapenak agendan jarri eta mapan kokatzeko balio dute bilerek”.

Intxausperen arabera, laborantza esparrutik harago doa nazioarteko erakundearen aldarrikapena. “Bestelako gizarte eredu baten eraikuntzarako tresna ere bada nekazaritza”. Norabide horretan hautatu dute datozen egunetan egitekoa den biltzarreko leloa ere: Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua elikatzeko. Intxausperen arabera, funtsezkoa da elikadurak gizartean duen garrantziaz kontzientzia hartzea.

Igandean abiatuko dute bilkura, gazteen batzarrarekin, eta asteartean emakume laborarien batzarrak hartuko du txanda. “Gazte eta emakumeei espazio propioa eskaintzen zaie Via Campesinaren biltzarretan; entrenamendu gisa elkartzen dira bilera orokorraren aurretik, posizio komun bat izateko gero”. Erakundearentzat sektore garrantzitsuak dira bi-biak, eta barne arauetan ere neurriak hartzen dira ordezkatuta daudela bermatzeko: hau da, herrialde bakoitzeko ordezkarien %50ek andreak izan behar dutela azaltzen da araudietan; eta hirutik batek gaztea izan behar duela.

Igandetik asteartera bitarte bi sektoreek propio egingo dituzten batzarrez gain, konferentzia orokorrean ere emakumeen egoerak tokia izango du estreinakoz, Intxausperen hitzetan. “Biltzarrean bi orduko saioa egingo da biolentzia matxista estrukturalari buruz. Via Campesinaren bilera orokor batean halako gai bat lantzen den lehen aldia da”.

Hilaren 24ra bitarte iraungo du biltzarrak, eta azken egunean bisitak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat txokotara. “Herri perspektiba bat ematea da gure asmoa. Horretarako, bederatzi autobusetan banatuko ditugu mundu osotik etorriko diren ordezkariak, eta tokiko esperientzia eta ekoizpenak ezagutuko dituzte”. Besteak beste, Gernikako Azoka, Larrabetzuko baratze ekologikoak, Errigoitiko Bizkaiganeko esneki produkzioa eta Arratiako kontserberak eta ezti ekoizpenak ezagutuko dituzte mundu osoko laborariek.