Kultur eta arte aukeren oholtza

Kultur eta arte aukeren oholtza

Izaro Mendieta

Hasieran izaten da, bada, ideia bat, asmo bat. Baina espero gabe etortzen dira, gero, ezusteak. Eta horiei jarraikiz egiten da bidea, non amaituko den jakin gabe, oztoporik sortuko den pentsatu gabe. Eta horiei aurre egiteko ateratzen du pertsonak indarra; ez musu truk, ahaleginaren eta lanaren truke baino.

Txikitasunetik salto egin nahi izateak ematen du sarritan halako beldurra, zorabioa. Baina atzera edo aurrera egin behar izaten da; ausartu ala kikildu. Eatarrek, esaterako, lehenengo aukeraren alde egitea erabaki zuten duela zenbait urte. Gabriel Aresti seme kuttun izendatzeko asmoz, poesia ardatz izango zuen jaialdi bat antolatu nahi zuten, egun bakarrekoa, urtean bertan soilik egitekoa. Eta, egin ere, hala egin zuten. 2004. urtea zen. Hala ere, 2017an ere askotariko kultur eta arte adieren portu da oraindik Ea, uztailean.

Urte bakarrean egitekoa zenak espero gabeko jarraipena izan du, eta dagoeneko hamalaugarrenera iritsi da. Egun bakarrean egiten zena, barikutik domekara bitarte egiten da orain. Noiz arte segituko duten ez dakite, ezta zein modura jarraituko duten ere; hori urtean-urtean ziurtatzen duten gauza bat izaten da, Herrijeri Emon Arnasa taldeko kide Karmele Larrinagak azaldu duenez. Oraingoz, behintzat, atera dute indarra, eta izan dituzte laguntza eta aukerak. Eta hala jarraitzen duten bitartean, lanean jarraituko dute, “euskal sormena plazara eramateko beharrean”.

Herrijeri Emon Arnasa taldea arduratzen da, urtero-urtero, Eako Poesia Egunak antolatzeaz. Busturialdeko herri txiki bat da Ea, eta taldea bera ere ez da dimentsio handikoa. Sei bat lagun arduratzen dira egitarauaz, baina azpiegituretarako “ezinbestekoa” izaten da beste hainbat herritarren laguntza. Hala, hogei bat lagun edo badira Eako Poesia Egunen atzean.

Txikitasunetik eta zailtasunetik abiatzen badira ere, ikuskizun handiak eskaintzen dituzte eatarrek. “Baliabide murritzak ditugu, eta horrek aparteko lana egitea eskatzen du. Sortzaileek eurak ere ahalegin handia egiten dute, gure lana baloratu egiten dute eta”, dio Larrinagak. “Zale arrunt” gisa deskribatzen dute beren burua taldeko kideek. Ez direla adituak argi utzi nahi dute, eta adituen laguntza jaso izan dutela. Urteen eta esperientziaren poderioz, gainera, “aberastu” egin dira antolatzaileak; ikasi egin dute, eta gozatu ere bai.

Aukerak dira Herrijeri Emon Arnasa taldeko kideek eskaini nahi dituztenak: sortzaileekin harremanetan jartzeko aukerak; herria ezagutzeko eta tokiko giroaz gozatzeko aukerak; eztabaidatzeko espazio baterako aukerak… Trukean, herritarrak gozatzea gura dute; parte hartzea.

Auzolanean egiten du behar Eako taldeak, eta eguneroko lanaren eta ahaleginaren ondorioz sortzen dute Poesia Egunetako egitaraua. Urtean urteko poesia lanak eskaintzen dituzte; gazteentzako aukerak eta emakumeen presentzia sustatzeko ahalegin berezia ere egiten dute. “Formatu txikian eta intimotasunean” iritsiko dira aurten ere Poesia Egunak.

Poesiaren inguruan dantza egingo dute, baina euskarazko kulturan dauden sortzaile askotarikoen topagune izango da Ea. Hala, berbaldiak, errezitalak, dantzaldia, antzerkia, herri bazkariak eta kontzertuak izango dira denen gozagarri. Aurten, gainera, Elena Odriozola ilustratzailearen lana ere ikusgai egongo da hitzaldi aretoan.

Zortzigarren zaldiarri liburuxka ere kaleratuko dute: hain zuzen, aurreko urtean Lutxo Egiak Hiri hori da hiri hau izenburupean emandako hitzaldia bilduko duena. Eta aparteko lan bat ere jasoko duela jakinarazi du Larrinagak; alegia, Erramun Landaren irudi batzuk ageriko dira liburuxkan.

Zerbait antolatzerakoan, beti izaten da zer hobetu hurrengoan. Herrijeri Emon Arnasaren erronka, esaterako, “egiten dena ondo egitea” izaten da. Beraz, Eako Poesia Egunen hurrengoa ere “ondo egitean” jarriko ditu indarrak. Orain arteko bilakaera “aberatsari” helduta, beraz, poesia beste askoren oinarri izango da aurten ere kostako herri txiki bezain handian.