Iaz, 426 animalia abandonatu jaso zituzten Bilboko kaleetatik

Iaz, 426 animalia abandonatu jaso zituzten Bilboko kaleetatik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gainezka. Bazterrean utzitako txakur eta katuak jasotzen dituzten elkarteak tokirik gabe daude: kaleetan aurkitzen dituzten animali guztiak artatzeko baliabiderik gabe. Azken urteetan gora egin du animalia abandonatuen kopuruak Bizkaian. Bilbon jasotako datuak izan daitezke horren adibide: 2016an, 236 txakur eta 190 katu hartu zituzten kaletik; 426 animalia daude, hortaz, norbaitek etxera eramateko zain. Arazoa arindu eta herritarren kontzientziak astintzeko asmoz, kanpaina bat abiatu du udalak, Maitasuna ez da erosten. Har nazazu zuretzat lelopean. Animaliak adoptatzeko prozesuei buruzko informazioa zabaldu du erakundeak hiriburuan zehar.

Mahatma Gandhi pentsalari eta politikari indiarrak zioenez, animaliak tratatzeko erarekin neurtu liteke herri baten kultura. Hala balitz, atzera bidean legoke Bizkaia. Izan ere, gero eta gehiago dira bazterrean uzten diren animaliak. Adituen arabera, gehiegi pentsatu gabe erosten dira gaur egun etxerako animaliak, eta, horregatik, eskuratu eta gutxira, maskota izateaz nekatu, eta abandonatu egiten dituzte jabeek. Horregatik, kasu asko saihestu daitezkeela uste dute adituek, eta ildo beretik jo dute animalien babeserako elkarteek ere azken hilabeteetan. Argia da mezua: etxerako animaliak erosi aurretik, oinarrizkoa da hausnartzea eta erantzukizunez jokatzea.

Bestalde, babes elkarteetan dauden txakur eta katuak etxean hartzeko eta eskuzabaltasunez jokatzeko deia egin du Yolanda Diezek, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak. Galdu diren animaliak jasotzeko, berriz, mikrotxipek berebiziko garrantzia dutela azpimarratu du Diezek. “Identifikazioa da gure txakurrak eta katuak identifikatzekoko lehen urratsa. Mikrotxipak dira galdu edo lapurtu dituzten animaliak aurkitzeko modurik eraginkorrena”. Txakurren kasuan, derrigorrezkoa da txipa jartzea; katuen kasuan, ez. Edonola ere, galdu baino, animalia kopuru handiagoa abandonatzen da, eta, kasu horietan, txipa ere kentzen diete jabeek, animalia beraien jabetzakoa izan dela ezkutatzeko.

Gero eta gehiago

Txakurrak dira gehien abandonatzen diren etxeko animaliak, baina katuak ere gero eta gehiago abandonatzen dira. Hala baieztatu du Felinos Bilbao elkarteak. Udalarekin lankidetzan dihardu animalien babesa bermatzeko zereginean, eta kezkaz begiratzen diote azken asteetan kaletik jaso duten katakume kopuruari: guztira, 20 kume eraman dituzte kaletik egoitzara azken hamabost egunetan, eta egun bakarrean bederatzi katakume ere jaso dituztela azaldu du elkarteak.

Ugalkorrak dira katuak, eta, orain arteko joera ikusita, datozen hilabeteetan kopurua areagotu egingo den ustea daukate. Horregatik neurriak hartzea oinarrizkoa dela iritzi du Felinos Bilbao elkarteak: “Beharrezkoa da animalien esterilizazioaz, abandonuaz eta adopzioaz gogoetatzea eta kontzientzia hartzea”.

Baina arazoa ez da bakarrik Bizkaiko hiriburukoa. Gero eta herri gehiagotara zabaltzen ari den arazoa da bazterrean utzitako animaliena, eta, beraz, animaliak kaletik hartzen dituzten elkarteek gero eta beharrezkoagoak dituzte baliabide ekonomikoak: jasotzen diren animalien albaitaritza lanak ordaintzeko, batetik, eta animalia horien mantenu lanek eragiten duten gastuei aurre egiteko, bestetik. Horregatik, dirua biltzeko merkatu txikiak antolatu ditu ikasturte osoan SOS Bilbao elkarteak; besteak beste, Leioan, Santurtzin, Bilboko Errekalde auzoan, Barakaldon, Sestaon eta Galdakaon izan dira azken hilabeteetan.

Sopelako Udalak ere herrian abandonatu dituzten animaliak hartzera deitu ditu herritarrak. Aurtengo martxoan udalak azaldu zuenez, herrian jasotako hamar txakur baino gehiago daude Iurretako Zaunk animalien babeserako zentroan. Egoitza berera bidaltzen dituzte herrian aurkitzen dituzten animaliak Etxebarri eta Berangoko udalek ere: Berango jasotako bost txakur daude Iurretako zentroan nork adoptatuko zain, eta Etxebarrin jasotako zazpi.

Gehien zigortzen direnak

Txakur baztertuen artean, setter motakoak eta galgoak dira ugarienak. SOS Setter elkartearen arabera, horiexek dira guztien artean gehien zigortuak. Ehizarako erabiltzen dira arraza horretako animaliak, eta, behin denboraldia bukatuta, abandonatu egien dituzte jabe askok, erdi zaurituta daudelako, edo uste dutelako behin ehizara eramanda gero txakurrek ez dutela nahikoa ezaugarri jarduera horretan aritzeko.

Txakur horiek guztiak jaso, eta Gueñesen duten zentrora eramaten dituzte SOS Setter elkarteko kideek. Baina gero eta gehiago dira bildutako txakurrak, eta gainezka daude egoitzan: 250 animalia baino gehiago dituzte. Urtearen hasieran, txakurrak adoptatzeko kanpaina bat abiatu zuen elkarteak. Arduradunen arabera, animalia arraza batzuek ospe txarra dute, eta, aurreiritzi horien eraginez, zailagoa da herritarrek halakoak adoptatzea. Babes etxeetan pilatu egiten dira setterrak eta galgoak horregatik.