Hegoak noiz astinduko zain

Hegoak noiz astinduko zain

N. Salazar Orbe

Eskoziako Highlands eskualdean lokartu, eta, ordu batzuen buruan, Urdaibaiko paduretan atseden hartzen aurkitu dute euren burua arrano arrantzalearen hamabi txitok. Biosferaren Erreserban espezie hori berreskuratzeko programaren barruan, Busturialdera eraman dituzten 60 arranoetako azkenak dira. Bi hilabete eta erdi inguru egingo dituzte eremu horretako paduretan. Hegan egiteko gaitasuna dutenean, migrazioari ekingo diote. Afrikara bidean zuzenduko dute bizitzaren bidaia. Beste bidaia luze bat, Saharaz hegoaldeko Afrikara. Han bi eta lau negu artean igaro ostean, hazi diren tokira itzultzea da programa zuzentzen duen Bird Centerren helburua. Hala, bikote bat eratu eta ugaldu ostean, uma daitezen. 2013an abiatu zuten programa. Orduz geroztik, zazpi arrano itzuli dira Urdaibaira. Baina ez dute lortu umatzerik. Denak izan dira-eta arrak. Datorren udan dute jarria itxaropena. Orduan aurreikusi dute sortuko dela ugalduko den lehenengo bikotea. Urdaibaira iritsi berritan bidea hasi besterik egin ez duten azken txitoek bestelako prozesuak dituzte oraindik egiteko.

Edonor liluratuta uzteko moduko espezieak dira hegaztiok. Migrazio bidaiak abiatu, eta, urtero, data berean itzultzen dira euren bizimodurako baldintza onenak eskaintzen dizkieten eremuetara. Kasualitatetzat jo dezakete askok garai berean, ia egun berean iristea bidaia luzeetatik, urtero, leku beretara. Hala diruditenak kasualitateetatik urruti samar daude, ordea. Sen onari jarraituta bizirik irauten dute espezieek. Urdaibaira iritsi berri diren arrano arrantzaleok ere kontzientzia hartu dutenerako euren jaioterritzat hartuko duten eremura itzuliko diren konfiantza dute adituek; eremu hori gogoratuko baitute jaioterritzat. Hala baieztatu dute, orain arte garatu duten programari esker.

Aitor Galarza aritu da prozesu guztiaren jarraipena egiten. Bera da arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren arduraduna. Eskoziatik Euskal Herrirako bidaia egin du txitoekin batera. “Highlands eskualdean habietatik txitoak ateratzen dituen eskalatzaile talde bat dago. Habia bakoitzetik txito bakarra ateratzen dugu. Eta, gutxienez, bizpahiru txito egon behar dira habietan. Bakarra baldin badago, ez dugu hartzen”.

Urdaibaira astearte goizaldean iritsi ziren arrano arrantzaleok oraindik ez dakite hegan egiten. Hala ere, euren espeziearen ohiturak eta ezaugarriak hartzeko nahikoa denbora izan dutela bermatu dute. Izan ere, arrautzetan daudela iritsiko balira, ez lituzkete barneratuta izango euren espeziearen portaerak. Are gehiago, euren burua gizakitzat izango lukete, gizakiak baitira egokitzapen prozesuan elikatzen dituztenak. Gurasotzat hartuko lituzkete horiek, eta haiek ere espezie horretakoak direla sinetsiko lukete.

Paduretara begira daude orain, kaiola batzuetan. Etengabean Bird Centerreko beharginen zein boluntarioen begiradapean. Garrantzitsua baita ondo elikatzen ari direla eta behar bezala garatzen ari direla bermatzea. Hala azaldu du Josemari Unamuno Bird Centerreko zuzendariak. “Ekonomikoki balio handirik ez izan arren, bestelako balio handia dute Eskoziako gobernuak eman dizkigun arrano hauek”. Urrunetik zaintzen dituzte, kamera batzuen bidez, gurasoengandik aldendu izanak eta bidaiak sortu dien aztoramendua ez handitu aldera.

Txitoek Gautegiz Arteagan egingo dituzten bi hilabete eta erdi inguruan hegan egiten ikasiko dute. Urdaibaiko paduretan biziko dira. Paisaia hori eurentzat bereganatuko dute, euren jaioterritzat. Eta euren kabuz bizirik irauteko gai direnean abiatuko dute Afrikarako bidaia.

Espezie horren garrantzia

Arrano arrantzaleak dituen ezaugarri bereziak direla eta espeziea Urdaibain berreskuratzearen garrantziari buruz mintzatu da Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua. “Lehenengo eta behin, espezie zentinela da, eta, kate trofikoaren goi mailan dagoenez, hezeguneen egoera ebaluatzen laguntzen digu. Bigarrenik, aplikatzen dizkiogun kontserbazio neurriak oso baliagarriak dira habitat horretako beste animalia eta landare askorentzako ere. Hirugarrenik, bereziki erakargarria eta ezaguna den espezie bat izanik, baliabide eraginkorra da ingurumen-hezkuntza eta biodibertsitatearen kontserbazioaren gaineko sentsibilizazioa sustatzeko eta ingurumenarekiko errespetuzkoa den turismoa erakartzeko”.

Arrano hauek ez dute ezaugarri berezi horien berri; hegoei astindua emateko zain besterik ez daude.