Aireportuen antzera egituratuko da Bilboko autobus geltoki berria

Aireportuen antzera egituratuko da Bilboko autobus geltoki berria

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Modernoa” izango da; inguru zabaleko “modernoena”. Eta eraginkorra espazioaren banaketaren aldetik, zerbitzuen eta antolaketaren ikuspegitik. Bilboko Garellanoko autobus terminal berria lurpean egongo da osorik, eta Bizkaibus, Bilbobus, metroa, tranbia, aldirietako trenak zein taxiak batuko dira han bertan. Zerbitzu gehiago ere izango ditu, merkataritza gunea barne. Terminalaren gainean, plaza bat egingo dute, eta L itxurako eraikin handia. Besteak beste, hotela, gimnasioa eta ikasleentzako egoitza batuko dituena. Terminalaren beraren egituraketak aireportuen itxura izango duela azaldu dute Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikorako zinegotziak.

Autobusentzako sarrerak eta, batez ere, autobusen sarrera-irteerak goitik ikusteko aukera emango duen beirazko guneak emango dio aireportu itxura geltokiari. Gainera, bezeroak ke eta zaratetatik babesteko sistema berritzailea izango du. Baita libre dauden nasak automatikoki banatuko dituen sistema ere. Terminal berrian espero duen bidaiari kopurua aipatzean ere, aireportuarekin alderatu du geltoki berria alkateak: urtean bost milioi bidaiaritik gora izango dituen esperantza azaldu du; “Bilboko gure aireportuak baino gehiago”.

18 hilabeteko lanak

Intermodalaren proiektua asteazkeneko Gobernu Batzordean onartu, eta lanak abuztuan hastea aurreikusten du Udal Gobernuak. “Datorren hilean makinak martxan egotea espero dugu”, esan du Barkalak. 18 hilabete beharko dituzte lanek, eta, beraz, terminal berriak ateak 2019rako zabalduko dituela aurreikusten du. Lur gaineko lanei dagokienez, proiektua onartzen denetik, 48 hilabeteko epea izango dute enpresek lanak amaitzeko. Parkea, eta 180 ohe izango dituen hotela, 380 ikaslerentzat tokia izango duen egoitza eta gimnasioa batzen dituen 11 solairuko eraikina jasotzen du proiektuak. Udalak zehaztutako epeen arabera, 2022ra arte iraun dezakete zeregin horiek.

Autobusen geltokirako beharrek 22 milioi euroko kostua izango dute. Hotela, ikasleen egoitza eta kiroldegia jasoko dituen eraikina egiteak, beste 18 milioikoa. Eta udala harro agertu da dirutza hori ordaintzeko lortu duen akordioarekin: “Euro bat ere ez da aterako udal kutxatik”.

Hainbat enpresak intermodala egiteko iaz sortu zuten sozietateak ordainduko ditu lan guztiak. Trukean, lurrak utzi dizkio udalak. Eraikina eta barruko zerbitzuak kudeatzeko baimena eman die enpresei, eta geltokiaren zein aparkalekuen ustiapen sozietate horren esku utzi du, 40 urterako. Hala ere, Barkalak nabarmendu du aurrerantzean ere udalaren izango dela intermodalaren titulartasuna. Eta, 40 urterako kontzesioaren ondoren, geltokiaren eta aparkalekuen kudeaketa udalaren eskuetara itzuliko direla.