Paretek ere entzuten dute

Paretek ere entzuten dute

A. Larrabe Arnaiz

Larrabetzuko Legina auzoan, Jose Artetxe, 91 urteko auzokidea. Hobi bat non dagoen azaldu dio aurrean duen kamerari. “Rec”. Dio, gogoan duela 11 urte zituela gerra frontea herritik pasatu ondoren, etxera itzuli zenean, Pedro Etxebarria auzokideak lur eman ziola auzoko bide ertz batean hilda zegoen militar bati. “Han egon behar du oraindik”. Artetxe ez zebilen oker, han aurkitu baitzen hobia, gerora. “Eta etxera itzultzean, zer?”, galdetu dio kameraren beste aldean dagoenak agureari. Isilik geratu da, eta irri egin du: “Gerra ostean?”. Ahoa ixteko keinua egin du atzamarrak ezpainetara eramanda. “Isilik egon, eta bizi”.

Artetxe jaioterrira itzuli zenean, bukatzear zegoen gatazka militarra. Bilbo hartuta, Enkarterrietara mugatu zen bi bandoen arteko borroka; harik eta, faxistek, Lanestosa eta Karrantza hartu zituzten arte: bando errepublikanoaren esku zeuden azken lurraldeak. 1937ko abuztuaren 24an Bizkaia osoa geratu zen Francok gidatutako armadaren menpe, baina aldez aurretik lurraldearen patua zein izango zen idatzia utzi zuen.

Ekainaren 23ko 247 lege dekretuan Bizkaia “traidore” izendatu zuen Francok, eta kontzertu ekonomikoa kendu zion, “traizioa” ordainarazi asmoz. Hala zioen: “Mugimendu Nazionalaren aurka altxatu ziren Bizkaia eta Gipuzkoa uztailaren 17an, emandako eskuzabaltasunari traizio eginez […] Beraz, ez da onargarria mugarik gabeko sakrifizioa eginez armadaren garaipenean lagundu zuten lurraldeek ez duten pribilegio bat izatea”. Francok 1939ko apirilaren 1ean eman zuen bukatutzat gatazka militarra, guda fronteen tiro hotsak isiltzean. Baina kolpe militarra eman zuten berberek diseinatu eta iraunarazi zuten 40 urteko diktadura.

Ezbairik gabe, beldurra izan zen frankismoaren armarik eranginkorrena, eta hark hezitako belaunaldi guztiek jaso dute ikararen ondoriozko isiltasuna. Berrogei urteko jazarpen fisiko, politiko, ekonomiko, kultural eta sozialek utzitako orbanak ez dira berehalakoan ahazten.

Gerra osteko gerra

Falangeak 80.000 lagunen joera politikoei buruzko txostenak egin zituen Bizkaian. Sarritan, auzokideak behartzen zituzten tokian tokiko bizilagunari buruzko txostenak osatzera, herritarren artean polizia lana zabaldu eta erregimenaren aurkako edozein pentsamendu plaza publikoan azal zedin saihestu eta zigortzeko. Horregatik azaltzen da maiz, hormek ere entzun egiten zutela frankismo garaietan, eta hobe zela ozenean ezer ez azaltzea; hots, isilik egotea. Gerra ondorengo gerra zen ordukoa.

Bortxa eta beldurra izan ziren erregimen berriaren armarik eraginkorrenak, eta hark hezitako belaunaldi guztiek jaso dute ikararen zantzu bat ala beste. Abertzale eta errepublikanoei zegokien guztia baztertu zuten: jaiak, erreforma politikoak, hizkuntza… memoriatik ezabatu zituzten Espainia Berria eraikitzeko, “bestearen” edo garaituaren deuseztapenaren bidez eta garaileen erabateko zigorgabetasunez.

Orduko errealitatea ezerk baino hobeto islatu zuen Ramon Sierra El Diario Vasco-ko zuzendariak 1937an. “Belaunaldiz belaunaldi madarikatuak izango diren zuen izenak desagerraraziko ditugu. Marra berde batekin mapetan Euzkadi artifizial hori markatzen zuen maisua desterratuko dugu. Pilarko eta Santioko festa tradizionalak ospatzeari uko egiten zion apaiza desterratuko dugu. Botikan Espainiaren kontrako konspirazioa zeukan botikaria desterratuko dugu, eromen honen eta lur baskongadoen mapa estaltzen duen esker txar beltzeneko orbanaren erantzule oro fusilatzen ez badugu”.

Horra ziurrenik erregimen frankistaren lorpen handiena: jazarrien umeek ia ez dakite ezer etxean gertatutakoari buruz. Ez soilik hori; deigarriena, sarri, ez da garaiari edo gertakariei buruzko ezagutza eza, herritar askoren jakingura eza baizik. 1936ko kolpe militarraren ondorengo egun eta hilabete beltzak gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egin dira aurten, 80. urtemugaren harira: guduak, bonbardaketak eta lurren konkistak ekarri dira gogora. Baina badira egun zehatzik ez duten eta aztarna uzten duten ehunka sentipen eta gertakari ere.