Musikazaleen festa piztu da

Musikazaleen festa piztu da

Natalia Salazar Orbe

Musikak giroa astindu du. Airean dago, iltzatuta. Domekara arte ez du alde egingo. Bilbo pop eta rock estiloen hiriburu bihurtuta dago ordura arte. Kobetamendi inguruko landak hainbat artista entzutetsuren ikuskizunen agertoki bilakatuko dira. Abian da XII. BBK Live jaialdia. Atzo hasi zuten, eta oraindik giroan sumatzen dira Depeche Mode, Justice zein Maadraassooren kantu eta mezuen uhinak. Hasiera besterik ez zieten eman jaialdiari. Denera, 70 talde ariko dira BBK Live jaialdian.

Ikuskizuna aurrera doa. Kartelburu entzutetsuek zein horren ezagun ez izan arren ezusteak emango dituzten taldeek girotuko dute Kobetamendi, gaur. Hantxe ariko dira Primal Scream, Blonde Readhead, Trentemoller zein The Killers, besteak beste.

Spaceman, Human edota Bones kantu arrakastatsuek lekua izango dute gaur The Killers taldearen ikuskizunean. Mundu osoan 22 milioi disko baino gehiago salduta iritsiko da Bilboko agertokira. Haren agertokitik gertu ariko da Phoenix talde frantziarra. 2009an, Grammy saria irabazi zuen, Musika Alternatiboaren Albumik onena egin zuelako: Wolfang Amadeus Phoenix.

Biharko kartelburuei dagokienez, Die Antwood aipatu dute antolatzaileek. Musika eszena irauli zuen talde hegoafrikarrak 2010ean argitaratu zuen lehen diskoarekin. Harrezkero, orduan abiatutako lan nekaezinarekin jarraitu dute, rapa, musika dantzagarria eta sustrai-musika euren estetika bereziarekin eta zuzeneko ikusgarriekin uztartuz.

Two Door Cinema Club izango da kontzertu nagusietako beste bat. Ipar Irlandako indie rock eta indie pop musika estiloak eramango ditu Alex Trimble, Sam Halliday eta Kevin Baird hirukoteak Bilbao agertokira.

Nazioarteko taldeez gain, tokiko artista eta taldeei ere lekua egin diete aurten ere. Han ariko dira, besteak beste, Izaro edota Niña Coyote eta Chico Tornado.

Leku bereziak

BBK Live jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat da pop eta rock estilo askotarikoak eramten dituela agertokietara. Iaztik aurrera, baina, beste bat ere gehitu zaie bi eredu horiei: Basoa espazio bereziak musika elektronikoa astinduko du. Hantxe ariko dira gaur eta bihar, besteak beste, Javi Green edota Nicola Cruz. Nazioartean ospea hartu duten artisten emanaldiak iragarri dituzte.

Espazio berezi horrez gain, aurten ere, Bereziak zikloak hirigunera gerturatu du BBK Live. Kobetamendiko jaialdiaz gain, hiriko hainbat espaziotan hainbat kontzertu eta jarduera prestatu dituzte. Gaur eta bihar, Rufus T. Firely eta Nudozurdo taldeak ariko dira. Bihar, Delorean eta Iseo & Dodosound w/The Mousehunters ikusi ahalko dira. Horrez gain, Jagermusic ontzia Pio Baroja kaitik aterako da. Bertan ariko dira Kaixo, Rrucculla eta King Kayman taldeak. Umeekin batera aritzeko Play’N’Kids saioak zortzi orduko jarduerak eta musika eskainiko dizkie familiei.

Ohiko musika jaialdi bat baino harago joan da BBK Live urteekin. Betidanik eskaini die espazio paregabea kontzertuez gozatu ostean atsedena agertokietatik gertu hartu nahi zuten bisitariei. Kontzertuen esparrutik hiru kilometro ingurura kokatu dute urtero kanpalekurako espazioa. Eremu berde horretan, arbolen artean, jartzen dituzte bisitariek euren dendak. Beharrezko zerbitzu guztiak aurkituko dituzte eremu horretan: ura, ur beroa, dutxak, komunak, entxufeak zein janari mota askotarikoak eskaintzen dituzten establezimenduak.

Ohiko kanpaleku horren ondoan, jaialdia esklusibo bihurtzeko beste zerbitzu batzuk ere eskaini dituzte aurten: Glamping-a, hain zuzen. Eremu horretan, atzean geratuko da era horretako topaketek sortzen duten xarma. Edo, bestela, baliteke beste xarma mota baten bila ari den beste publiko mota bat ere erakarri nahi izatea. Izan ere, denetariko luxuak eskainiko dituen zerbitzua prestatu dute: lau, bi zein pertsona bakarrarentzako dendak eskaini dituzte aukeran. Horrez gain, gosaria, berez puzten diren koltxoiak izara eta guzti, gau mahaia zein LED argia dituzte eskuragarri lekuotan.

BBK Live jaialdiaren espazioan, 22 barra jarri dituzte, denera. Hara biltzen direnek otorduetarako aukera zabalagoa aurkituko dute aurten. Eskaintza gazia eta gozoa. Arropak, diskoak, liburuak zein elastikoak salgai dituzten erakuslekuek osatzen dute, bestalde, azokaren eremua.

Ez beti da ez

Udako festen hasierak berriz ere sexu eraso matxistak agerrarazi dituzte. Salaketak izan dira, eta baita horiek gaitzesteko protestak ere. BBK Live jaialdiak eraso sexisten prebentziorako Ez beti da ez kanpaina jarri du abian. Errespetua eta askatasuna ardatz dituzten harremanen gaineko kontzientzia zabaltzea du helburu mezu sinple eta ezagun horrek. Era horretako erasoak zelan identifikatu eta horiei zelan erantzun zehazten duen gida bat jarri dute eskuragarri, besteak beste, antolatzaileek. Argi utzi gura izan dute erasorik edo faltarik txikienak ere gizartearen gaitzespen kolektiboa aurkitu behar duela aurrez aurre.

Eskumuturrekoz ordaindu

Txanponek eta billeteek ez dute lekurik aurtengo jaialdian. Eskumuturreko adimendunek kendu diote lekua esku diruari. Sistema hori besterik ezin da erabili. Eskumuturrak duen txip horrekin kontrolatzen dute Kobetamendiko esparrurako sarrera ere.

Teknologia berriekin batera egokituz joan da jaialdia bera, garai berrietara. Itxura dotore edo erosoegia hartzen ari dela pentsatuko dute zenbaitek. Eskaintza batzuek eta besteek duten erantzunak finkatuko du etorkizunerako eredua. Oraingoz, musikaren uhinek bazter guztiak beteko dituzte.