Lurra ere isilarazi den aroan

Lurra ere isilarazi den aroan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Izenik ez dute, baina badira, hala ere. Ez daude begi bistan, baina badaude, hor nonbait. Inoren esperoan: noiz aterako zain, nork aurkituko zain. Sarraski baten lekukoak eta biktimak, bukatu gabe dagoen gatazka baten aztarna isilak. Paco Etxeberria auzi medikuak dio hobi bat husten denean, hezurrez gain, ideologia ere azaltzen dela lurpetik, eta baita hildakoaren “duintasuna” ere. Hobi bat husten duen toki bakoitzean harri bat hartzen du Etxeberriak, eta, dioenez, etorkizunean denak bilduta erakutsiko ditu, 1936ko gerrak utzitakoaren erakusle gisa. Zortzi hamarkada pasatu dira faxistek lehen kaskezurrak lurperatu zituztenetik. Horien bila dabiltza hainbat senide oraindik ere, eta, 1936ko hobien behin betiko mapa zehaztea ezinezkoa dela jakinik ere, lanean ari dira tokian-tokian. Euskal Herrian 5.118 herritar fusilatu zituzten, Euskal Memoria fundazioaren arabera, eta 6.316 hil ziren borroka eremuetan. Desagertuta daude horien erdiak.

Munduan ez da antzeko kasurik, Kanbodiakoa salbu: 1975etik 1979ra bitarte populazioaren %15-30 bitartean desagerrarazi zuten. Zerrenda osatu gabe duten arren, milioi batetik gora dira desagertutakoak, adituen arabera. 1936ko gerrako emaitzak dira gordinenak Kanbodiakoaren ondoren: izan ere, guztira, 150.000 lagun inguru daude desagertuta oraindik. Euskal Herrian, 250 biztanletik bat desagertu zen 1936ko gatazkaren ondorioz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 8.666 gizon emakume daude desagerpen behartuen zerrendan, Aranzadi zientzia elkarteak Eusko Jaurlaritzari hobiei buruz aurkeztutako txostenean jasotako datuen arabera.

Lurrak irentsitako herritarrak aurkitzen aritu da Aranzadi azken hamarkadan, eta, orotara, 275 hobi kokatu ditu Euskal Herriko mapan. Baina lekukotza berriek, artxibategietan agertutako txostenek eta ezusteko informazioek areagotu egin dituzte hobien kopuruak azken urteetan. Ironia dirudi, baina inoiz baino biziago dago 1936ko gatazkan desagertutakoen mapa. Lemoan hustu zuten azken hobia, joan den hilean. Metalak detektatzeko gailuarekin hainbat objektu aurkitu zituen herritar batek Lemoatxeko haitzean, eta hildako borrokalari baten gorpuzkiak agertu zitzaizkion ondoan. Azken bost urteetan Lemoan aurkitutako laugarren hobia da joan den hilean hustu zutena, eta egoeraren isla ere bada: 80 urte igaro direla, bide bazterretan, mendietan eta orduko lubakietan gorpuzkiak azaltzen dira oraindik ere.

Frankismoa izan zen bere bandokoen gorpuak hobietatik ateratzeaz arduratu zen lehena, 1950eko hamarkadan. Berrogei hobi ireki zituzten, aztarnak Madrilgo Erorien Haranera eramateko. Bizkaiko hainbat herritan hustu zituzten: Arrigorriagan, Balmasedan, Bermeon, Bilbon, Busturian, Durangon, Fruizen, Gamiz-Fikan, Gernika-Lumon, Gordexolan, Gueñesen, Karrantzan, Loiun, Markina-Xemeinen, Muxikan, Otxandion, Saturtzin, Urduñan eta Zallan. Guztira, 212 herritarren aztarnak daude han. Haien hiltzaileak goratzeko tokian hobiratu zituzten borrokalari errepublikanoak.

Bizkaikoak ez ezik, Arabako 62 lagun eta Gipuzkoako 238 ere eraman zituzten, baita Nafarroako 140 errepublikanoren gorpuak ere. Baina 140 horietatik, 133 atera zituzten 1980an, Itzulera operazioa deitu zitzaion mugimenduan. Errepublikanoen senideek behin eta berriz eskatu dute epaitegietan gorpuak handik ateratzeko, baina ez dute inolako erantzunik jaso.

Aldi berean, desagertutakoen senideek beren gertukoak lurpetik ateratzeko hainbat saio egin zituzten beren kabuz. Esku hartze bakanak izan ziren ordukoak, eta, nola ez, isilpean egin beharrekoak. Izan ere, Francoren diktatura bete-betean, senideak hiltzeaz gain, lurpetik ateratzeagatik bestelako zigorren bat hartzeko beldur ziren herritarrak.

Norbanakotik kolektibora

1936ko gerraren ondorioz hildakoen senideek isilpean eta etxe barruan gorde dute galdutakoaren oroimena. Samina jendaurrean agertu ezin, eta mina irentsita igaro dute belaunaldi ugarik bizitza, harik eta hirugarren ala laugarren belaunaldiek bilaketa lanak berpiztu dituzten arte. Mendea hastearekin batera suspertu ziren desagertutakoak bilatu eta lurpetik ateratzeko lan zientifikoak eta ofizialak Euskal Herrian; administrazioaren babespean, nolabait. Ezkutuan hustu beharrean, publikoki hustuko ziren, ordutik aurrera, 1936ko gerrako hobi guztiak.

Zehazki, 2002an ireki zuten Euskal Herriko lehen hobia Aranzadi Zientzia elkartekoek, Zaldibian (Gipuzkoa). Leonen (Espainia) aurkitutako hobi bati buruzko elkarrizketa entzun zuen herrikide batek irratian, eta udalera jo zuen berehala, azaltzeko Euskal Herrian ere halakoak gertatu zirela eta bazuela hobi bati buruzko informazioa. Udalak Aranzadira jo zuen, horrek ikerketa egin zuen, eta bi gorpu aurkitu zituzten, fusilatutako bi gazterenak. Tiro bana zuten garezurrean. Zaldibiko hobi haiek zabaltzeak “katarsia” eragin zuen, Aranzadi zientzia elkarteak inoiz azaldu duen gisan. Bukaerarik ez duen katearen lehen katebegia izan zen ordukoa, herritarrak hobiei buruz zuten informazioa ematen hasi baitziren.

Etxeko sutondoetan gordetako sufrikario indibidualak, belaunaldiz belaunaldi transmititu zirenak, albo batera utzi eta hildakoen inguruko berriak boz gora azaltzen hasi ziren orduan. Norbanakoen mina kolektibo bihurtzen hasteko eta 1936ko hartan gertatutakoak aztertzeko mugarria izan zen, hortaz, Zaldibiakoa. Eta hil zituztenen iloben lan eta ekitea oinarrizkoa izan da jardun guztian. Hainbat adituren arabera, katalizatzailea izan zen hobien auzia, eta orduan hasi zen ernatzen oroimen historiko edo kontzientzia historiko gisa ezagutuko zen kontzeptua eta mugimendua. Norabide berean, tokian toki 1936ko gerra eta ondorengo urteak aztertu eta ikertzeko taldeak sortu ziren, eta herri ekinaldiek oinarrizko zeregina izan dute jardun horretan. Nafarroa aitzindari izan da oroimen historikoaren lanketan. Altaffailla kultur elkartearen Navarra 1936. De la Esperanza al Terror liburukia da horren erakusle argiena. 1986an argitaratu zen, fusilatutako herritarren zerrendarekin.

Lekukotzen premia

Zaldibiako hobia ireki ondoren iritsi ziren Arrasate, Andoain eta Elgeta (Gipuzkoa), eta Abadiñoko hobi husteak. Zerrenda hazi besterik ez da egin ordutik. Bizkaiko lurretan azken urteetan egin dira esku hartze gehienak: Urduñako hilerrian, adibidez, hamalau errepublikanoren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik 2014an. 2016an, Pedro Uriguen gudariaren gorpua atera zuten Mendatan; Etxeberriako Zelaietaburuko defentsa lerroan ere borrokalari bat atera zuten lurpetik, eta Larrabetzun lau hobi aurkitu zituzten: Ramon Portilla Acedo CNTko borrokalariarena, tartean.

Beste horrenbeste gorpuzki aurkitu dituzte Lemoan ere, eta Artxandan beste borrokalari bat atera zuten lurpetik iaz. Gaur-gaurkoz, 46 dira Bizkaian mapan dauden hobiak, eta hamahiru atera dituzte lurpetik. Hezurrei izen-abizenak jartzeko bidea erraztu dute hainbat tokitan gorpuzkien ondoan aurkitutako identifikazio plakek. 64160 zen Portillarena.

Ezbairik gabe, tokian-tokian jaso eta gorde diren lekukotzek oinarrizko informazioa eman dute 1936ko gerrako hobiei buruz, eta ahozko historia jasotzeari garrantzia eman zaio horregatik azken urteetan. Baina sarri askotan aipatu da berandu egiten ari dela lan hori guztia, eta testigantzak jasotzeko premia gero eta handiagoa dela, gutxi baitira orduko garaiak bizi eta bizirik daudenak. Milaka desagertu dago oraindik re Bizkaian, eta, guztiak aurkitzea ezinezkoa izango den arren, beharrezkoa da eginahalak egitea. Sarraski baten lekuko dira, eta izen-abizenak dituzte.