Bost izarreko hotela irekiko du Bilbon Israelgo konpainia batek

Bost izarreko hotela irekiko du Bilbon Israelgo konpainia batek

Natalia Salazar Orbe

Garai batean industriaren motor izan zen hiriak zerbitzuen sektoreari heldu dio bete-betean. Desagertu da ke beltzez osatuta Bilbo gerizpetan gordetzen zuen laino mardula. Burdin kolpeek ere ez dute astintzen hiriburua. Baina horiekin denekin batera desagertu da industria bera ere. Aldaketa guztien oinarria horretan baitago. Erdiguneko kale apainduek harrera egiten diete bisitariei. Turista horietako askok bertako ostatuetan egiten dute lo. Alor horretan ere gorakada sumatu da, Bilboko hainbat hotel itxi beharrean egon ziren garaiak atzean geratu dira. Bi urte eskas pasatu dira sektorea bateko eta besteko lan gatazkek astindu zutenetik. Datuek turismoa goraka zihoala erakutsi arren, hoteletako logelak 20 urte lehenagoko prezio beretan saltzen zituztela kexu ziren hotel kate handietako arduradunak. Preziook jaitsi ere egin zirela zioten. Orain, ordea, badirudi beheranzko joera horrek goranzko bidea hartu duela. Krisi hari buelta eman, eta nazioarteko enpresen jomuga bihurtu da Bilbo. Gainera, ez dituzte aukeratzen edonolako eraikinak euren proiektu turistikoak gauzatzeko. Eraikin enblematikoak eta arkitektura landutakoen aldeko hautua egin dute askok. Fattal Hotels Israelgo hotel talde handienetakoarena da horren adibideetako bat. Areatzako Laboral Kutxaren egoitza zena erosi zuen urte hasieran arkitektoen inbertsio funts batek. Eta horrek alokatuko dio Fattal Hotelsi, zerbitzua kudea dezan.

Bost izar izango ditu Arriaga parean kokatuko duten hotelak. Otsailan erosi zuten eraikina, 15 milioi euroren truk. XX. mendearen hasieran ere zeregin hori izan zuen eraikinak: Almirante hotela zegoen bertan kokatuta.

Hogei urte eskasetan 120 hotel zabaldu ditu David Fattal enpresaburuak 1998an sortu zuen konpainiak. 2007an jo zuen Europara. Asko eta asko erosi egin ditu. Bilbon, alokairuaren aldeko apustua egin du.

Aukeratzen dituen hiri guztietan estrategia bera darabil Fattalek. Kokaleku estrategikoa duten eraikinak hartzen ditu. Horrez gain, negozioen zein turismoaren aldetik interesa duten lekuetara jotzen du. Areatzako eraikinak 3.800 metro koadrotik gora dauzka, eta zortzi solairu. Oraingoz ez dute argitu, baina, noiz zabalduko dituen ateak.

Sercotel konpainiak iragarri du lau izarreko hotel berria noiz irekiko duen: 2018 bukaera edo 2019 hasiera izango da martxan jartzerako. Jesuitek Bilboko Aiala Kantzilerraren kalean duten egoitza hotel bihurtuko dute. Handik 200 metrora beste hotel bat ere badu kate horrek berak bere kargu. Coliseo zinema zenean kudeatzen du 2011z geroztik.

1888an egin zuten eraikin horren barrualdea oso egoera txarrean zegoen. Eta kanpoaldetik ere ez dago ondo. Eraitsi egin behar dute. 2.861 metro koadro ditu eraikinak, sei solairutan banatuta. Solairu bakoitzak 365 metro koadro ditu.

Beraz, gero eta hotel gehiago ari dira iristen Bilbora. Turismoak etorkizunean zer norabide hartzen duen ikusteke dago, ordea. Azken aldian bistakoa baita zenbait herrialdetan dauden mehatxuen ondorioz egin duela gora beste batzuetarako bisitarien kopuruak. Apustua egina dute konpainia batzuek.

Urduñan, Aduana bainuetxea

Areatza hotela kudeatzen duen Sasoibide taldea Urduñako Udalarekin negoziazioetan ari da Aduana bainuetxea kudeatzeko aukera aztertzeko. 2014ko abenduaz geroztik itxita dago bainuetxea. Akordioa itxi gabe dago. Dena den, beste batzuetan baino aurreratuago dituzte elkarrizketak. 2016az geroztik ia astero batzartu dira.
Urduñako Udalarentzat diru iturri handia izan da urteetan udal bainuetxea. 6,2 milioi euroko kostua ere izan zuten berau eraberritzeko lanek.
Aduanaren kargu hartzen duen enpresak udalari ordaindu beharko dion alokairua eta eraikina berritzeko egin beharreko inbertsioa izaten ari dira gairik korapilotsuenak.