“Zalantza eragin digu zergatik sortu den bat-batean interes hau”

“Zalantza eragin digu zergatik sortu den bat-batean interes hau”

N. S. O.

Eguzki talde ekologistak argi du Lemoizko zentrala dagoen eremuan martxan jartzen den proiektuak zein baldintza edo irizpide bete beharko lituzkeen. Garikoitz Plazaola taldeko kideak (Andoain, Gipuzkoa, 1971) azaldu du: ahal den neurrian eremua lehengo egoerara ekarri behar da, eta erabilera publikoa eman behar diote. Historiarekin bat datorren erabilera ere izan beharko luke.

Lemoizko zentral nuklearraren lurrei historiarekin bat datorren erabilera emateko eskatu du Eguzkik. Zer esan nahi du horrek, zehatz?

Ezin dugu ahaztu Lemoiz kokatuta dagoen ingurune hori —Basordako kala eta eremu hori guztia— zergatik dagoen gaur egun dagoen egoeran. Kontuan hartu behar dugu eremu publikoa dela. Jabari itsas lurtarrekoa da, eta helburu zehatz baterako kendu zitzaion jabari edo muga hori: Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko, hain zuzen. Aukera hori behin betiko desagertu denez, hori bera nahikoa arrazoi da lur hori berriz ere denon eskuetara bueltatzeko. Eta legeak ere babesten duela uste dugu. Lemoizko zentral nuklearra itxi zen itxi zen baldintzetan: herritarren presio jarraitu, iraunkor eta luze baten ondorioz. Hori dela eta, erabilera publikoa izan behar du lurzoru horrek. Eta, era berean, bere ingurunean integratuta egon behar du. Zentral nuklearra eraikitzeak ingurunean sortu dituen eraginak nabariak dira, eta, ahal den neurrian, eremua lehengoratu egin behar da.

Era berean, ondo legoke gogoraraztea zer gertatu zen eremu horretan. Horregatik, eskaera bikoitza egiten dugu: eremuari herriarentzako erabilera ematea eta lehengoratzea. Ez genuke joko logikotzat ekimen pribatuei ateak zabaltzea.

Zer-nolako eragina izan du zentralak inguruan, nahiz eta inoiz martxan jarri ez?

Eragina oso handia izan da. Argazki zaharretan ikusten da ingurua oso polita zela. Bukolikoa esatera ere ausartuko nintzateke. Itsasoa eta lurra elkartzen diren lekua da. Hondartzaren eta paduren arteko nahasketa bat ere bazegoen. Gaur egun hori guztia ezin daiteke ikusi. Eraikita dagoen dikea edo pareta botako balitz, neurri handi batean, berreskuratuko litzateke, itsasoaren sarrerarekin. Baina zerbait gehiago ere egin beharko litzateke. Era horretako paraje bat lehengoratu egin beharko genuke, ahal den neurrian. Bestalde, zaila da baloratzea zein balio natural zuen eta zenbat espezie zeuden. Garai hartan arlo horri buruzko kontzientzia txikiagoa zegoen, eta ikerketak ez ziren horren ohikoak. Bestetik, ikerketa horiek ere saihestu egingo zirela uste dut, beste batzuei argudiorik ez emateko. Zehaztapenik ezin dut eman, baina natur baliabide aberatseko eremua izan zen. Nekazaritza gunea ere bazen. Ingurura begiratu besterik ez dago zelakoa zen irudikatzeko.

Esan duzue balitekeela Eusko Jaurlaritzak buruan proiektu zehatzen bat izatea, Bimep plataforma edo akuikultura proiektu bat han kokatzekoa, besteak beste. Zer iritzi duzue era horretako proiektuei buruz?

Prentsan azaldu dira. Lehen esan dudanaren bidetik jarraituz, hartzen diren erabakiek adostasuna bilatu behar dute. Kontuan izan behar dugu lurzoru hori denon artean ordaindu dugula. Hain zuzen, argindarraren ordainagirietan ordaindu dugu. 1984an Lemoizko zentral nuklearra luzamendu baten ondorioz geratu zen geldi, atzerapen nuklearra zela tarteko. Hiru zentral nuklearretan izan zuen eragina luzamendu horrek. Espainiako Estatuak ulertu zuen 2.300 milioi euroko galera eragin ziela horrek konpainiei. Beraz, argindarraren ordainagirian aritu gara ordaintzen gainkostu bat hilero, eta, geroago, bi hilean behin. Ez dago zalantzarik: ederki ordainduta daukagu herritarrok. Iturriak ez dira ados jartzen kopuruari dagokionez, baina lasai asko esan dezakegu sei eta bederatzi milioi euro artean ordaindu ditugula. Eusko Jaurlaritzak hori ere kontuan izan beharko luke. Ezinbestekoa da memoria ere kontuan hartzea, beste zenbait gaitan jorratzen ari den bezala. Honetan ere memoria ezin dezakegu alde batera utzi.

Herritarren urteetako protestek geldiarazi zuten proiektua. Orain, Espainiako Gobernuak lurrak eta zentralaren kudeaketa bera bertoko administrazioen esku uzteak zer esan nahi du zuentzat?

Notizia baikorra da. Gertukoagoa den administrazio baten esku uztea albiste pozgarria da. Hala ere, zalantza eragin digu zergatik sortu den bat-batean interes hau. Agian jada norbaitek emana dio helburu jakinen bat; ez dakit asmoa besterik izango den edo paper gainean irudikatuta ere egongo den, baina emana dio norbaitek helburu jakin bat Basordako eremu horri guztiari. Beraz, pozgarria da, baina kezka ere sortzen digu. Izan ere, aspaldiko urteetan ez dira askorik gogoratu Lemoizko zentrala eraiki behar zeneko lurzoru hauetaz.