Ondo

Nerea Ibarzabal

Helduen margotzeko ohitura faltari buruzko sarrera bat irakurri nuen behin Argia aldizkarian, nola umetan denontzat hain normala den jarduera bat pixkanaka desagertuz joaten den gure bizitzetatik, “nik ez dakit marrazten” esatera iristeraino. Francesco Tonucci pedagogoaren ustez, nagusitu ahala hezkuntza sistemak eta inguruak beste jarduera batzuei ematen die garrantzia, eta sormenarekin lotura duten arloak gutxietsi egiten dira —kantua, marrazketa, eskulanak…—.

Kontzientzia falta horregatik, beharbada, adin batetik aurrera “ondo marraztea” errealitatearen antz handia duten gauzak egitea dela esaten digute. Eta “ondo kantatzea”, tonu altuetara erraz iristea. Eta “ondo dantzatzea”, beti erritmoa errespetatzea soinketako aerobik klaseetan.

Pentsatzen jarri naiz txarto egiten ditugula esan diguten gauza guztietan, eta nora joan ote diren jarduera horietan izan gintezkeen “gu” guztiak, sor genitzakeen gauzak. Hor nonbait geratu dira ertzetatik irtendako zuriunedun marrazki desproportzionatuak, ganbararen batean erraketak, behin bakarrik erabili, partidua galdu eta gorde genituenak.

Apartatu ginen futbitoko taldetik gainerakoei garaipenerako bidea ez oztopatzeko, utzi genuen bertso-eskola bertsoak soilik idatziz ateratzen zitzaizkigulako, trikitia hautsa hartzen pianoaren ondoan. Orain arraroa da berriro eustea, 13 urterekin ez baginen nabarmendu… ezta?

Banaketa argia da horrelakoetan; edozein ikasgelatan daude “onak direnen” taldetxoak, izan marrazteko, izan kirolerako, izan dantzarako… eta denok dakigu zeinetan gauden eta zeinetan ez.

Jakin nahi nuke non amaitzen den jarduera batekiko pasioa eta non hasten den, beste behin, besteen onarpena eta espektatibak asebetetzeak dakarren plazera. Eta jakin nahi nuke noraino iritsiko ginatekeen albo batera utzitako jarduera guztietan, “ederto egiten duzu” esan izan baligute, edo besterik gabe, lasai egiten utzi izan baligute.

Agian gozatzera iritsiko ginateke, eta hori bera oso urruti iristea da.

Lagun batek kontatu zidan lehengoan gazte batzuekin egin zutela ariketa bat, udalekuren batean edo —memoria kontuetan inoiz ez naiz ona izan—. Bakoitzak “txarto” egiten duen —edo hala esan izan dioten— zerbait aurkeztu behar zuen jendaurrean, eta erakustaldi txiki bat egin.

Emaitza izugarria izan omen zen, balleteko dantzaldiak, bertsoak, marrazkiak… denetik egin zuten, eta poz-pozik gainera.

Imajinatu jendarte bat, zerbaitetan onena izan gabe, hori publikoki erakustera ausartzen dena.

Zu gai izango zinateke?

Zer daukazu gordeta ganbaran?