Munduko musiken plaza

Munduko musiken plaza

Zihara Jainaga Larrinaga

Elorrion, udan, kultura kalera irteten da. Herriko kaleetako ondare artistikoa agertoki ezin hobea bihurtzen da udako gauetan musikaz gozatzeko. Datorren ostiralean hasiko da Musikaire, musika eta arte eszenikoak uztartzen dituen jaialdia. Era horretan, Euskal Herriko mugetatik harago, munduko musika eta kultura ezberdinen plaza bihurtuko da Elorrio hilabetez.

Urtez urte eskaintza oparoa dakarren jaialdi horretan, aurten, besteak beste, The Skatalites, Ruper Ordorika eta Mahotellasen kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.

Lehen egunetik gogor ekingo dio jaialdiak. Izan ere, Jamaikako The Skatalites taldeak izango du hasteko ardura, herriko plazan. Hurrengo egunean, Shaun Booker emakume abeslari estatubatuarrak Mississippiko sustraiak ekarriko ditu elizpera.

Uztailaren 15a Mahotella Queens Hegoafrikako emakumez osaturiko talde ospetsuaren txanda izango da.

Bertako taldeek ere izango dute tokia, Max saria jaso berri duen Kukai dantza taldeak, Amaia Elizaranek zein Ertza konpainiak, besteak beste, erakustaldia egingo dute.

Plazatik jauregira

Jaialdiak zerbait berezia badu, hori espazioa da. Jauregiak izango dira Musikaireren agertoki nagusi. Uztailaren 21ean jazzaren eta flamenkoaren mundu mailako erreferente Jorge Pardok bere lengoaia mestizoa helaraziko du Lariz Jauregian. Hurrengo egunean, Guineako soinuak bihurtuko dira protagonista jauregi berean, Ba Cissokoren eskutik.

Hasi bezain indartsu bukatuko da jaialdia. Uztailaren 28an, aurkezpenik behar ez duen Ruper Ordorikak Tola jauregiko lorategia girotuko du. Halaber, espazio horiek xarma berezia ematen diete ikuskizunei. Hurrengo egunean, Antonio Lizanaren txanda izango da, eta, azkenik, euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkezten dituen Khami taldea igoko da Tola jauregiko oholtzara, uztailaren 30ean.

Saioak, oro har, errezitalak izaten dira; akustiko samarrak, burrunbarik gabeak.

Musika ez beste

Musika ez da protagonista bakarra izango: antzerkiaz ere gozatu ahalko da. Bigarren asteburuan, esaterako, Elorrioko plazan Los Pelopidas ikuskizuna eskainiko dute Suripanta antzerki taldekoek (Espainia). Horrez gain, Euskal Herriko zenbait antzerki taldek mikroantzerki ikuskizunak egingo dituzte Zearsolo jauregian, Casajaran. Beheko solairuko gela bakoitzean, agertoki hutsetan, antzerki bana ikusi ahalko da.

Kultura kalean eta doan, gozatu nahi duenaren zain.

Erritmo eta soinuz beteriko programazioa prestatu dute, kalitatezko osagai erakargarriz osatua.

Uztailak 7, ostirala. The Skatalites Jamaikako taldea ariko da 22:30ean, Elizpean.
Uztailak 8, larunbata. Shaun Booker AEBetako taldea, 22:30ean, Elizpean.
Uztailak 14,  ostirala.  Los Pelopidas (Espainia). 22:30ean, Elizpean.
Uztailak 15, larunbata. Mahotella Queens Hegoafrikako taldea, 22:30ean, Elizpean.
Uztailak 16, igandea. Dantza garaikidea egingo dute Euskal Herriko Kukai dantza taldeak, Amaia Elizaranek eta Ertza konpainiak, 19:00etan, plazan.
Uztailak 21, ostirala. Jorge Pardo (Espainia). 22:30ean, Lariz jauregian.
Uztailak 22,  larunbata. Ba Cissoko (Ginea). 22:30ean, Lariz jauregian.
Uztailak 23,  igandea. Mikroantzerkia (Euskal Herria). 19:00etan, Zearsolo jauregian.
Uztailak 28,  ostirala. Ruper Ordorika (Euskal Herria). 22:30ean, Tola jauregian.
Uztailak 29,  larunbata. Antonio Lizana (Espainia). 22:30ean, Tola jauregian.
Uztailak 30,  igandea. Khami (Euskal Herria). 19:00etan, Tola jauregian.