Ia urte eta erdi etxera begira

Ia urte eta erdi etxera begira

Eider Mugartegi

Amaigabeko amesgaiztoari irteera ikusten hasi dira Ondarroako San Ignazio kaleko kaltetuak. 2016ko martxo hasieran, Kamiñaldeko mendi magala erortzen hasi zen, eta etxetik kanpo utzi zituen 84 familia. Ia aldean zutenagaz bakarrik atera behar izan ziren etxetik, harriak euren etxeen gainera erortzen ikusten zituzten bitartean eta noiz itzuliko ziren jakin barik. Handik egun gutxira, egoerak okerrera egiten zuela eta, kaltetutako eraikinaren ondoko eta aurreko beste 11 atari (92 etxebizitza) hustu zituzten. Azkenean, guztira, 176 familia utzi zituen Kamiñaldeko lur jausiak etxetik kanpo.

Ia urte eta erdiko borroka gogorra daramate, eta esperantza ere galduta daukatela adierazi dute kaltetuek sarri. Hala ere, Saiñazio Mendi Azpixan gestora sortu eta bat eginda egin dute aurrera, eta pairatzen ari diren egoera latza kaleratu dute hilero, gorriz jantzita eta gestorako zapiak soinean, herritarren babesarekin.

2016ko abuztuaren hasieran itzuli ahal izan ziren etxera lehen bizilagunak, kaltetutako eraikineko aurreko parteko etxebizitzetakoak, eta urrian itzuli ziren ondokoak. Lur jausiak kaltetutako eraikineko bizilagunek, berriz, hilabete honetara arte itxaron behar izan dute itzuleraren argi izpiren bat sumatzeko.

Hil honen hasieran, 46A, 46B eta 40A atarietako 28 familia etxera itzuli ziren, eta 44A eta 44B atarietakoek aurreko asteko eguaztenean izan zuten berri ona. Ondarroako Udalak itzulera baieztatu zien Kofradia Zaharrean eduki zuten bileran.

Udalak mendiko finantzaketa plana aurkeztu zuen geologoekin edukitako azken bileran, eta, egoera ikusita, lanen zati garrantzitsuena burutuko dela baieztatu zuten, eta, orain, bizilagunak etxera itzultzea onartu dute teknikariek.

Hala, lau ataritako bizilagunak daude etxetik kanpo momentu honetan (40B, 40C, 42A eta 42 B). Itzuli ezin diren San Ignazioko bizilagunak atarietan kalteak dituztenak dira, alde batetik, eta etxebizitzak apurtuak dituztenak, beste aldetik. Horiek ere “ahalik eta arinen” euren jabetzetara itzultzea da udalaren helburua. Horrela, etxebizitzak ondo dituzten baina atariak kaltetuak dituzten bizilagunak Andra Mari jaietarako etxean egotea espero du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Etxebizitza barruan kalteak dituzten bizilagunek, berriz, denbora gehiago itxaron beharko dute.

Urtarrilerako

Udalak jakinarazi duenez, urrian aurrealde eta terrazen konponketagaz hasiko dira, eta lan horien ostean hezetasun kengailuek 60 egunez lanean aritu behar dutenez, horrek atzeratu egingo du itzulera. “Urtarrilerako izan daiteke”.

Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramaileak azaldu duenez, albiste onak dira joan den astean jasotakoak, eta “nahiko pozik” daude, baina “poza erabatekoa izateko beharrezkoa izango da oraindik ere kanpoan dauden 40 familiak etxera itzultzea eta aurreikusitako data guztiak betetzea”.

Nabarmendu nahi izan dute nahiz eta familia gehienak San Ignazioko etxebizitzetara itzuli mendiko lanek dirauten bitartean euren egunerokotasunak baldintzatuta egoten jarraituko duela: “Mendi magalean lanean ari diren bitartean, etxeen atzeko aldeak itxiko dituzte, egurrez, segurtasunagatik”. Arazoa ez dagoela erabat konponduta gaineratu dute, eta gestorak orain arte bezala lanean jarraituko duela “azken bizilagunak etxean sartu arte”. Bihar ospatuko den Zapato Azulean ere kalean egongo dira. “Kuadrilla bat ailegatuko da Dinamartxan banderekin, eta zapi gorriekin ibiliko gara kalean”.

Diru falta oraindik

Bizilagun gehienak etxera itzultzeko moduan badaude ere, lan guztien kostua oraindik ordaindu gabe dagoela gogorarazi du udalak: “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu”. Gainera, diru premiak eta lanak ordaindu behar izateko bankuekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako maileguek asko kezkatzen dute udala. Lanen zati bat ordaintzeko, 4 milioiko mailegua eskatu behar izan zuen herriak, eta zorpetu egin zen. “Ondarroako herria da Kamiñaldeko kaltetu zuzena, herriarentzako berebiziko garrantzia duten hainbat proiektu egin barik geratuko direlako: Kamiñazpiko urbanizazio proiektua, futbol zelaiko azpiegiturak hobetzea, Kaleandiko igogailua, eta beste asko…”. Dena dela, udalean “herriaren mesedetan lanean” jarraituko dutela adierazi dute, eta beharrezko den leku guztietan atea joko dutela “herrian behar-beharrezkoak diren proiektu guztiak gauzatu ahal izateko”.

Horrez gain, Ondarroako Udalak eskari zuzena egin die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eta “aurten egin ez bezala” Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikustea eskatu die. Udalak gogorarazi du ez Eusko Jaurlaritzak ezta Bizkaiko Foru Aldundiak ere ez dutela beraien aurrekontuetan Kamiñaldeko arazoa konpontzeko dirurik jarri, eta horrek “azken momentura arte finantzaketa ezin lotuta” ibiltzea ekarri diola. “Hurrengo urtean Ondarroa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan kontuan hartzea nahiko genuke”.