Herdoilarentzako irtenbide bila

Natalia Salazar Orbe

Basorda baserria itsasoari begira zegoen, Lemoizen. Lasai asko. Lurrak eta itsasoak bat egiten duten eremuan, kostaldearen bukaeran, infinitura begira. Etxe hartatik hartu zuen izena bertako kalak ere. Talaia paregabe hartatik atera egin zuten Basorda baserriko familia, ordea. 1972. urtea zen. Makinak sartu zituzten, lur eremu handiak aterata 200.000 metro kubiko porlanentzako lekua egin behar zuten eta. Lemoizko zentral nuklearra eraikitzeko lanak hasi zituzten. Urteetan protestak izan ziren. Baita hildakoak ere. ETAk eta Guardia Zibilak hildakoak. 55.000 metro koadro hartu zituen zentralaren eraikinak. Baina inoiz ez zuten jarri martxan. Han jarraitzen du. Irmo. Baliorik gabe. Utzita. Erabat abandonatuta. EAJk eta PPk Espainiako aurrekontuak onartzeko lortutako akordioaren ostean, Madrilek euskal instituzioen esku utziko ditu zentralaren lurrak eta eraikina.

Han zer egin aztertzeko batzordea eratu dute Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Lemoizko Udalak. Lurrak lehenbailehen eskuratzeko prozesua koordinatzeko eta haren jarraipena egiteko eginbeharra du batzorde horrek. Asmo argirik ez dute plazaratu oraingoz. Hainbat proposamen egon dira urteetan, baina batek ere ez du aurrera egin. Orain, garrantzitsuena lurrak ematea ahalik eta azkarren bermatzea da, aldundiaren ustez.

EAJk dagoeneko asmo zehatzen bat izatea balitekeela pentsatzen duenik ere bada, ordea. EH Bilduk zentralaren etorkizunari buruzko mozio bat eztabaidatu gura zuen atzo Lemoizko Udalean egin zuten osoko bilkuran. Joan den asteko asteartean sartu zuten erregistroan. Baina ez dute sartu eguneko gai zerrendan. “Alkateak dauka eguneko gai zerrenda erabakitzeko eskumena. Mozio hau eztabaidatzerik nahi ez dutelakoan nago”. Hala mintzatu da Gabriela Frances Zubillaga EH Bilduko zinegotzia.

Hiru puntu nagusi barne hartzen ditu koalizioak eztabaidatu nahi duen mozioak: lehenengoa da lurrak Lemoiz herriaren esku uztea ahalik eta azkarren. Zentral nuklearra osatzen duten orube eta eraikin guztiak kudeatu eta bertan egingo dena ekonomikoki zein politikoki bultzatu eta finantzatzeko euskal instituzioek parte hartuko duten formula bat planteatzea eskatu dute, bigarrenik. Finantzaketak Lemoizko Udalaren, aldundiaren eta Jaurlaritzaren esku egon beharko luke. Kudeaketari dagokionez, eragileek ere parte hartzea nahi dute. Azkenik, eremu hartan zer egin erabakitzeko herritarren parte-hartze prozesu bat zabaltzeko beharra aldarrikatu du koalizioak.

Lehenengo bi puntuak Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak berak adostuak dituzte. Dena den, Francesek garrantzitsu deritzo behin eta berriz eginbehar horiek azpimarratzeari: “Indarra egin nahi dugu herritik bertatik helburu hori ahalik eta azkarren lortzeko. Gai hau eztabaidaren erdigunean kokatu nahi dugu. EAJren eta PPren arteko akordioaren arabera, Espainiako Gobernuak lurrak berehala emateko konpromisoa hartu du. Beraz, aurrekontuak indarrean sartu bezain laster, azkar egin behar da prozesua. Ez dugu nahi tiraderan gordeta geratzerik”.

Hainbat asmo

Lemoizko zentral nuklearra dagoen lekuan energia eta ingurumena ardatz izango zituen parke tematiko bat egitea proposatu zuen aldundiak duela zenbait urte. Aisialdirako parke handi bat egiteko proposamena ere egin zuten. Ziklo konbinatuko zentral nuklear bat kudeatzeko enkantea egitea ere aztertu zuten erakundeek. Arrain haztegi bat egiteko proposamenik ere izan zen. Oraingoz, ordea, ez dute ezer zehaztu, eta erakundeek ez dute egoerari buruzko informaziorik eman nahi. Bizkaiko Hitza saiatu da Unai Andraka alkatearekin eta aldundiarekin harremanetan jartzen. Lehenengoarekin hitz egiterik ez du lortu. Aldundiak esan du ez dagoela erabaki edo proposamen zehatzik, eta oraingoz ez dutela inongo ekarpenik egiterik, ez dagoelako informazio berririk.

Hilaren hasieran Batzar Nagusietan egindako kontrolerako saioan, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak azpimarratu zuen lur horiek “estrategikoak” direla “Bizkaiarentzat zein Euskadirentzat”. Hala ere, gogorarazi zuen datorren urtera arte ez dela bukatuko Iberdrolaren kontzesioa. “EAJren akordioari esker, lurrok euskal instituzioen esku egongo dira”. Hala azpimarratu zuen.

EH Bilduko batzarkide Onintze Oleagak, ordea, gogorarazi du hainbat ekimen aurkeztu dituela bere koalizioak azken urteetan lurrok berreskuratzeko. Besteak beste, 2016ko apirilean Batzar Nagusietan eurek aurkeztutako proposamen bat onartu zuten, aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Lemoizko lurrak berreskuratzeko beharrezko pausoak eman zitzatela eskatzeko.

Ikusteko dago zer gertatuko den. Oraindik luze jo dezake erabaki irmo batek. Ideiak egon badaude. Francesek Gironako herri bateko udalean arkitekto-laguntzaile lanetan ari den armintzar baten proposamena ekarri du gogora. Zentralaren eremua eta zentrala bera industria ondare izendatzeko proposatu du hark. “Memoria historikoari lotuta ere badago proiektu hori. Izan ere, Lemoizen gertatu dena asimilatu egin behar dugu, herri honetan gertatu diren beste hainbat gauzaren antzera”. Ez da koalizioak babesten duen proposamena. Ez oraingoz, behintzat. Herritarren iritzia jaso behar dutela argi du.

Ibilbide luzea

35 urte bete dira Lemoizko zentral nuklearraren lanak behin-behinean gelditu zituztenetik. Orduz geroztik ez dituzte jarri martxan berriz. Armintza eta Bakio arteko errepidearen bazterrean dago porlanezko eta burdinazko eraikin erraldoia, urteen poderioz eta erabilerarik ezaren ondorioz herdoilez bete dena. Zentrala ez zen inoiz martxan jarri. Horretan zeresan handia izan zuen zentral nuklearren aurkako mugimenduak, 1970 eta 1980ko hamarkadetan indar handia hartu zuenak.

1984ko atzerapen nuklearraren ondorioz, behin betiko geratu ziren itxita zentralaren ateak. Lanak gelditu zirenean eraikina zegoen bezala iritsi da gaur egunera arte. Denborak izoztuta geratu da. Belar txarrek janda. Herdoilak paisaia zikinduta. Mugimendu sozialen aldarrikapen eta indarraren erakusgarri.