“Garaipenek baino oihartzun handiagoa du Girora ez joateak”

“Garaipenek baino oihartzun handiagoa du Girora ez joateak”

Zihara Jainaga

Denboraldi oparoa betetzen ari dira Bizkaia-Durango taldeko txirrindulariak. Ia txapelketa guztietatik dominekin bueltatzen ari dira, eta harro dago Agurtzane Elorriaga taldeko zuzendaria (Iurreta, 1978). Azken egunotan jakin dute ez dutela Giroan parte hartzerik izango. Ez diete zergatirik azaldu, Elorriagak dioenez, baina, ezezko horretan trabatu ordez, egindako denboraldi borobilean jarri nahi du arreta. Hori azpimarratu du zuzendariak.

Zelan doa denboraldia? Zein balantze egiten duzue?

Oraindik denboraldi erdia pasatu den arren, orain arteko balantzea oso positiboa da. Aurtengo helburu nagusia Espainiako Kopa taldeka irabaztea zen, eta, proba baten faltan, ia-ia irabazi dugu. Horrez gain, sailkapen indibiduala ere irabaziko du Mavi Garciak; azken probaren zain, liderra da momentu honetan.

Zenbat probatan lehiatu zarete?

Parte hartu dugun zortzi probatatik sei irabazi ditugu, eta ia guztietan podiumean bi-hiru taldekide egon dira.

Espainiako Kopak eta Espainiako Txapelketak dute garrantzi handiena estatuan. Bestalde, nazioarteko lasterketetan ere parte hartzen dugu, World Tourreko lasterketa batzuetan egon gara: Gante-Wevelgemen, Flandriako Tourrean, Fleche Wallonen eta Lieja-Bastogne-Liejan, besteak beste. Azken horrek emakumezkoen lehen edizioa izan du. Bertakoei dagokienez, Durango-Durango internazionalean eta Emakumeen Biran urtero egoten gara.

Nola hartu duzue aurtengo Giroan ezin parte hartu ahal izatea? Eman al dizuete arrazoirik?

Taldeak baino gehiago, hedabideek eman diote garrantzia Giroan ezin parte hartzeari. Zenbait hedabidek garaipenengatik ez dute deitu, baina bai Girora zer dela-eta ez goazen galdetzeko. Guretzat garrantzitsuagoa da egiten gabiltzana egingo ez duguna baino, eta, kasu honetan, garaipenek baino oihartzun handiagoa izan du Giroarenak.

Egia da egoera ez dela oso ohikoa, baina arrazoi zehatzik ere ez digute eman. Uste dugu azaldu nahi ez dizkiguten kontuak daudela atzean. Ez dugu izango Girora joaterik, nahiz eta guk gastuetarako beharrezkoa zen dirua lortu eta eman beharreko pausoak jarraitu genituen.

Lasterketa berezia izaten da Giroa txirrindularientzat.

Txirrindulariek interes berezia izaten dute Giroarekiko, baina ezin zaizkio buelta gehiago eman gaiari, ez baitauka soluziorik. Hamabost urteren ondoren Giroan ezin egon ahal izateak pena handia eman digu, baina datorren urtean berriro bertan egotea espero dugu. Jakinarazi digutenez, UCI-ko arau bat aldatuko dute, taldeek erraztasun gehiago izan ditzagun.

Etorkizunera begiratu eta beste helburu batzuk jartzea da onena, ahalik eta ondoen konplitzeko. Hurrengo lehiaketak buru-belarri prestatzen jarraituko dugu. Giroaren ondoren Turingo lasterketa izaten da emakumeen egutegian luzeena.

Nolakoak izaten dira lehiaketetarako prestaketak? Nola antolatzen zarete?

Txirrindularitzan entrenamenduak indibidualak izaten dira. Ez da taldeka entrenatzen, baizik eta txirrindulari bakoitza bere kontura entrenatzen da; hots, bere neurrira egokitzen zaizkio entrenamenduak eta gero taldeari eskaintzen dio bere mailarik onena.

Lasterketa ezaugarrien arabera bideratzen dugu txirrindulari batentzat edo bestearentzat. Liderrak ere aldatuz doaz, beti ez da bera izaten. Daten arabera planteamenduak edo karrerako taktikak aldatzen ditugu. Lasterketa lauak esprinterrentzat eta aldapadunak ondo igotzen dutenentzat.

Nola deskribatuko zenuke Bizkaia-Durango taldea?

Talde indartsua da. Lider bat bakarra ez egoteak erakusten du taldeak maila handia duela. Horren ondorio da aurten bost txirrindularik lortu dituztela garaipenak. Txirrindulari batzuk, gainera, bertan hasitakoak dira, kadete mailatik Durangoko txirrindulari elkarteko taldeetan ibiliak. Horrek ilusio berezia egiten du. Bestalde, esprint ona duten txirrindulariak daude taldean, baina taldearentzat lasterketa egokienak ahalik eta gogorrenak izaten dira, aldapetan ondo moldatzen diren txirrindulariak ditugulako gehienbat.

Zerk desberdintzen zaituzte gainontzeko taldeetatik?

Nazioartean oso egutegi ona izaten dugu. Azken batean, maila profesionalean lehiatzen ari gara, baina txirrindulariak ez dira profesionalak. Hala ere, txirrindulari guztiak oso ondo zaintzen ahalegintzen gara gustura senti daitezen taldean.

Ezaguna da bizimodu gogorra dela txirrindulariarena. Zeintzuk dira zuen egunerokoan zailtasun nagusienak?

Egoera ekonomikoa da txirrindularitza talde bat aurrera eramateko zailtasunik handiena, eta are gehiago emakumeen kasuan. Gure taldekideek, nahiz eta beraien denbora libre dena honetara dedikatu, ez dute soldatarik. Aurrerapauso handi bat izango litzateke guretzat profesionalizatzeko aukera izatea eta nolabait ordainduak izatea, era berean, beraien ahalegina aitortua izan dadin.

Horretarako, babesleak ezinbestekoak dira.

Babesleak lortzea oso zaila da, eta hori da falta dena. Aurten, kirol denboraldia ezin hobeto doa, baina, ekonomikoki, diru iturri gehiago eta babesle gehiago beharrezko ditugu proiektua bizirik mantentzeko.

Lehiaketek sortzen dituzten aparteko gastuak nola kudeatzen dituzue?

Babesleek ematen diguten diruari esker. Guztiak entitate publikoak dira: Durangoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, hurrenez hurren. Gure helburu nagusia orain babesle pribatu bat aurkitzea da.

Nola antolatzen zarete txirrindulariez aparteko taldekideak?

Taldean lan egiten dugun guztiok boluntarioak gara, inork ez du dirurik irabazten, kirola gustatzen zaigulako egiten dugu. Ikusten dugu lan asko dagoela egiteko. Beharrizan bat dagoela. Lanez gainezka gaude, eta oso pertsona gutxi lan askorako.

Gogoan duzu nola hasi zinen? Zerk bultzatu zintuen?

Etxean, betidanik gertutik jarraitu izan dut txirrindularitza mundua. Aita beti egon da Durangoko txirrindulari elkartean, eta eskolan izen ematea erabaki nuen. Urteak igaro ahala, serioago entrenatzen hasi nintzen, eta emaitzak ere iritsi ziren. Nazioarteko lasterketetan zein mundialetan parte hartzen nuen. Herrian, Bizkaia-Durango sortu zen, eta taldearekin lasterketarik garrantzitsuenetan lehiatzeko aukera izan nuen. Gogoan ditut Frantziako Tourra eta Italiako Giroa.

Maila gorenean lehiatzeko eduki nuen aukera hura bera orain dauden neskek ere eduki dezaten lanean nabil orain.