Gaua

Igor Elordui Etxebarria

Zure altzoan jaio nintzen, urteberri eguneko ordu txikietan. Imajinatzen dut nire bizitzako lehen hilabetetan guztiz emankorra suertatuko zinela, guztiontzat bezala, pertsonoi jaio berritan dagozkigun zereginetarako: bularra edota biberoia hartu, txiza eta kaka egin, lo egin, amets egin, atseden hartu, hazi… Koxkortzen hasita, zure iluntasunaren beldur, etxeko korridore luzeko argia piztuta hartu behar izaten nuen lo. Zuri zor dizut beldurra izatearen kontzientzia ere.

Baina beldurgarria izateari utzi eta magikoa ere izaten hasi zinen: Olentzero, Maritxu Teilatuko… Horrela, hasi ziren arte umetako amets goxoak nerabezaroko amets goxoak izaten, eta ohean arrastoa uzten. Sasoi berean, gutxi gorabehera, hasi nintzen zutaz itzarrik eta etxetik kanpo disfrutatzen. Ai, Gabon Zaharreko lehenengo parranda haiek!

Zure babesean ausartu nintzen ematera lehen musu hezeak, egitera lehen zirriak. Ostendu zenizkidan lehen maitasunezko malko penatuak, baina, handik gutxira, zure domeinuetan topatu nuen kontsolamendua (hain ziren iragankorrak maitasuna eta pena sasoi hartan).

Denborarekin, hurrengo eguneko azterketak gainditzen lagunduko zidan aliatu perfektua bilakatu zinen, irratiarekin eta kafearekin batera. Eta, azterketarik ez zegoenean, zure konplizitatearekin hori ere, liburuak eta zigarroak irensten hasi nintzen zuk opari egindako desorduetako bakardadean.

Lana eta ardurak urteak adina pilatzen joan ziren heinean zure aurpegi mingotsena ezagutu nuen. Zenbat bider esnarazi nauten kezkek eta beldurrek, eta zenbat bider etorri zaren nire gainera goizaldeko lo eten horietan. Egia da, pentsamendurik larrienak bakarrik ez, ideia jenialenak ere erakartzen dituzu lorik egin gabeko orduetan, baina lehen argi printzekin ihes egiten dute gehienetan.

Insomnioak bisita egiten didan bakoitzean akordatzen naiz ospitaleko jarleku deseroso horietan etzanda edota etxean loak hartu barik pasatu nituen zu guztiekin, harik eta zure berezko isiltasuna urratu zuen telefono-deiak ama betiko gure ondotik eraman zenidala iragarri zidan arte.

Halarik ere, ez dizut amorrurik ez gorrotorik. Batzuetan, zure magalean deskantsu hartzen ez dudanetan, bizitakoaz hausnartzeko eta etorkizunaz deliberatzeko baliatzen zaitut bakardadean. Beste batzuetan, ostera, lagunartean, bizitzaren zama arintzeko.

Gaur eman behar diguzu urteko bertsiorik laburrena. Eta ilunena, ilargiak ere ez dio enbarazurik egingo eta zure iluntasunari, ilberria denez gero. Suak utziko dituen hausberoak itzali orduko joana izango zara, baina berriro etortzeko, egunero legez. Zure magiarekin, zure ametsekin eta zure minarekin etortzeko. Zenbat gauza eder zein latzen lekuko zaren zure txandan; zenbat erditze, heriotza, lapurreta, larru-jotze, mozkorraldi, amets, kezka eta abarren konplize. Egunaren beharrezko ifrentzua zara, baina niri behintzat, emadazu gaur atseden.