Ezezagunak ezagun 80 urtera

Ezezagunak ezagun 80 urtera

Izaro Mendieta

Jasotzea, gehienetan, gauza ona eta polita izaten da; are gehiago, dohaintza bat denean. Gauza materialek bere balioa izaten dute; sarri askotan, prezio bat ere bai. Baina badira diruarekin ordaindu ezin daitezkeenak, preziorik ez daukatenak.

Argazkiek ere izaten dute balio berezi, ukiezin eta nabarmen bat. Ahaztuta geneukan hori gogorarazteko balio dute, edota gogoan daukagun eta ukitu ezin dezakegun hori esku artean sentitzeko. Denboran atzera egin eta momentu hartan murgiltzeko aukera ematen dute, istorioa berriz bizitzeko gonbita eginez.

Momentu jakin batean gertatutakoa ezagutzeko ere balio dezakete argazkiek. Berbaz kontatzen den istorioa azaltzeko lagungarri izan daitezke. Ez litzateke gauza bera izango, esaterako, Gernikako bonbardaketari buruzko azalpena, argazkirik edo irudirik gabe. Informazio objektiboa ematen zuten argazkiek, irudiak editatzeko programarik ez zegoenean. Hala gertatu zen Gernikako bonbardaketarekin; duela 80 urte gertatutako sarraskiaren ondorioak zeintzuk eta nolakoak izan ziren erakusten baitute.

Orain arte, hainbat argazki ikusi izan dira, baina badira ezkutuan izan direnak ere: hain zuzen, Fifi Roberts argazkilariarenak. Ingalaterrako argazkilari horrek bonbardaketa gertatu eta bi egunetara erretratatu zuen Gernika. Hala, egun hartan ateratako argazkiak album batean bildu zituen, eta, orain, bilduma hori Gernikako bonbardaketari buruzko Dokumentazio Zentroaren eskuetan dago.

Francoren aginduei iskin

20 urte zituela iritsi zen Roberts Bilbora, itsasontziz, bere aita ontziko kapitaina zela. Dokumentazio Zentroak jakinarazi duenez, merkataritza ontzi hori izan zen Bilboko itsas-blokeoa saihestu zuen lehen itsasontzia. Bilbora gerturatzen ziren ontziak atzeman edota hondoratuko zituen mehatxua egina zuen Francok. Hala ere, Roberts aita-alabek, Francoren aginduei jaramon egin gabe, Bilboko portura sartzea lortu zuten, eta Eusko Jaurlaritzakoen harrera ona jaso zuten.

Gernika bonbardatu zuten egunean, Bilbon zegoen Fifi Roberts, George L. Steer eta beste kazetari batzuekin batera. Hala, posible izan zuenean, Busturialdeko herrira joan eta argazki ugari atera zituen. Horietako batzuk News Chronicle egunkarian argitaratu baziren ere, gehienak inoiz argitaratu gabeak dira. Fifik bilduma batean jasoak zituen argazki horiek, eta bere heriotza egunera arte gorde zituen. 90eko hamarkada bukaeran, baina, Winchester hiriko (Ingalaterra) birziklatze plantan aurkitu zituen Sally Insgramek, eta, gerora, arte galeria batean erakutsi zituen.

2016an, Gernikako Bonbardaketari buruzko dokumentazio zentroko arduradun Ana Teresa Nuñezekin harremanetan jarri zen Insgram, eta Nuñezek bere lagun Geoff Reynoldsen eskutik jaso zuen aipatutako argazki bilduma. “Garrantzi handiko dohaintza” dela azaldu du Nuñezek; “Fifi Robertsek ateratako argazki originalak eta aurretik argitaratu gabeak direlako”. Gainera, uste du argazki horietan “argi eta garbi” ikusten dela Gernikako suntsipena. “Gaur egunera arte ikusi gabe eduki ditugun inguru batzuk ageri dira, eta leku batzuk, gainera, ikuspuntu ezberdinetatik ikus daitezke”. Hori horrela, argazki horiek bonbardaketari buruzko informazioa ematen dutela deritzo.

Halaber, irudi horiek zentroaren argazki bilduma birbaloratzea ahalbidetzen dute, Nuñezen ustez. Eta, helburua “bonbardaketaren egia eta historia zabaltzea” dela kontuan hartuta, Fifi Robertsen argazkiak zein bonbardaketaren inguruko gainontzeko argazkiak ikus ditzake bisitariak dokumentazio zentroan. Argazkiak ez ezik, Gernikako bonbardaketari zein 36ko gudari buruzko bestelako dokumentuak ere biltzen dituzte bertan, hala nola filmak, esku orriak, liburuak, 1937ko prentsa…

Beste dohaintza bat

Robertsen argazkiez aparte, beste dohaintza bat ere jaso zuen dokumentazio zentroak apirilean: William Smallwood Egurtxiki-ren bilduma. Bertan, berak egindako ehunka elkarrizketa ageri dira, 70eko hamarkadan bonbardaketako lekukoei egindakoak. Zentrotik azaldu dutenez, testigantza horiek “oso garrantzitsuak” dira, biktimak laguntzen eta salbatzen eta gorpuak berreskuratzen modu aktiboan lagundu zuten lekuko zuzenenak direlako.

Gernika bonbardatu zutenetik 80 urte igaro direnean, dokumentu ezezagun eta interesgarriak biltzen jarraitzen dutela nabarmendu du dokumentazio zentroak.