“Euskal Herri pluralaren erakusleiho izango da jaialdia”

“Euskal Herri pluralaren erakusleiho izango da jaialdia”

Zihara Jainaga Larrinaga

Munduko Jendea jaiaren XI. aldia hartuko du Bilboko Areatzak asteburu honetan. Miguel Angel Puentes (Kolonbia, 1985) eta haren elkarteko kideek gogotsu lan egin dute azken hilabeteotan, bihar eta etzi jai giroa nagusitu dadin. Sentsibilizaziorako jai gisara ulertzen dute ekitaldi sorta, halere, eta, hargatik, bertaratzeko deia egin die bai jatorriz atzerrikoak diren herritarrei, baita jatorriz bertakoak direnei ere. Kultura askotako ikuskizun interesgarriak izango direla agindu du.

Nola sortu zen Munduko Jendea jaialdia antolatzeko ideia?

Duela 11 urte antolatu genuen lehen aldiz jaialdi hau, 2006. urtean. Euskal Herrian gaur egun dagoen aniztasuna euskal gizarteari erakusteko eta ezagutzera emateko beharra ikusi genuen, eta, abiapuntu hori harturik, elementu kultural batek osatzen du jaialdia. Urteak aurrera joan ahala, baina, festa aldarrikapen bihurtu da.

Nolakoak izaten dira jaialdiaren aurreko prestakuntza asteak?

Urtarrilean hasi ginen jaialdia antolatzen. Edukiak prestatzeko, astero-astero bildu izan dira hainbat elkartetako ordezkariak. Kontuan hartu behar da Munduko Jendea elkartearen batzarrak kolektiboki erabakitzen dituela edukiak.

Elkartea hainbat taldek osatzen dute, hortaz.

Hala da. Munduko Jendea elkartea 35 entitate sozialek baino gehiagok osatzen dute; bertakoak eta munduko toki askotako jendez osatutako taldeak dira.

XI. jaialdia da aurtengoa. Zer aldatu da aurreneko hartatik?

Jaialdiaren eboluzioaren eta migrazio prozesuen garapenaren ondorioz, azken urteetan aldarrikapenak toki esanguratsua hartu du jaialdian: aldarrikapen sozial eta politikoek, hain zuzen ere. Izan ere, herritarren eskubideen alde lan egitea ezinbestekoa da. Folklore jaialdi baten moduan hasi zen hura garatuz joan da, eta gizarte inklusiboari garrantzia handiagoa ematen zaio orain.

Munduko Jendearen asteburuak indarra hartu du azken urteetan, eta eskaintza zabala prestatu duzue oraingoan ere.

Larunbatean goizeko hamarretan hasiko da jaialdia, eta gaueko ordu bata arte hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da. Iganderako ere egitarau zabala prestatu dugu goizeko hamarretatik gaueko hamarretara.

Bisitatzen gaituztenek Areatzan zehar karpa handi bat aurkituko dute; han, agertoki bat egongo da, eta musika taldeez, dantzez, abeslariez eta abarrez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste. Azken finean, agertokia kultura askotatik datozen adierazpen artistikoen bilgune bilakatuko da. Horrez gain, sentsibilizazio gune bat ere egongo da nahi duenak tailerretan parte har dezan, eta hamar elkartek beren stand propioa izango dute urtean zehar egiten dutena erakusteko.

Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?

Munduko txoko askotako taldeak igoko dira oholtzara. Latinoamerikako, Afrikako, Europa Ekialdeko eta Euskal Herriko taldeek euren herriko kultur ikuskizunak eskainiko dituzte. Euskal Herri pluralaren erakusleiho izango da.

Jatekoa, edatekoa… ez da ezer faltako karpa nagusian.

Hori da; jatekoekin eta edatekoekin txosna bana jarriko dugu. Bilboko Aste Nagusian Munduko Jendea konpartsak txosna izaten du, eta asteburuko jaialdian ere haiek arduratuko dira txosna kudeatzeaz, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin batera. Han, munduko txoko askotako edariak eskainiko dituzte. Horrez gain, eskaintza gastronomiko zabala aurkituko dute bertaratzen direnek, egun osoan hainbat jatorritako hamalau postu egongo baitira.

Jaialdiak irauten duen bitartean, zuzeneko irrati emanaldiak ere egingo dituzue.

Urtean zehar Candela irratian parte hartzen dugu elkarteko kideok. Aste honetan, esaterako, munduko hainbat herrialdetako poemak irakurri dituzte Munduko Jendea batzarreko kideek. Elkartea hainbat taldek osatzen dutenez, hizkuntzak ere ugari dira.

Halaber, jaialdian irratiari eskainitako karpa bat egongo da, eta, handik, asteburuan eduki berezi eta zehatzez osaturiko programazioa landuko dugu. Hamar orduz arituko gara, larunbatean zein igandean. Edukien artean, gizarteko gaiak landuko dira irratsaio horietan: indarkeria matxista, feminismoa, aniztasuna, giza eskubideak, ekologia eta immigrazioa, besteak beste.

Euskarak izango al du nolabaiteko tokirik asteburuko ekitaldietan?

Jaialdiko ekintza guztiak bi hizkuntzatan egiten saiatzen gara, euskaraz zein gazteleraz. Euskara hizkuntza ofiziala da, eta guk ere horrela aintzatesten dugu. Gure neska-mutikoek euskaraz ikasten dute egunerokoan, eta hizkuntzarekiko prozesu hau askoz naturalago onartzen dute; hizkuntzarekiko harreman naturala dute.

Zein publikorengana zuzendu nahi duzue halako ekintzen bitartez?

Jaialdia ez dago jatorriz atzerritarrei soilik zuzendua. Are gehiago, sentsibilizazio jaialdia izanik, bertako jendea bereziki animatu nahi dugu jaialdian parte hartzera, guretzat bereziki garrantzitsua baita kultura ezberdinetako ekintzak ahalik eta herritar gehienengana iristea. Horrekin zerikusi zuzena dauka jaialdia Areatzan izateak. Garrantzi berezia eman diogu Bilbo erdigunean egiteari, eta horregatik erabaki dugu Areatzan egitea.