Norberaren gela lila

Norberaren gela lila

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakumeen hazkunde pertsonal zein kolektiborako beharrezko baliabide gisa aldarrikatu zuen 1929an espazio propioa Virginia Woolf idazle feministak. Gela bat norberarena saiakera iraultzailean, emakumeek lan egiteko, hausnartzeko eta sortzeko gela propioa izatearen garrantzia jarri zuen mahai gainean, lehen aldiz. Woolfek aurreko mendean sentitutako behar horixe sentitu dute, orain, Faktoria Lilako kideek ere. Urteetan egiten ari diren lanean beste jauzi bat egin, eta espazio propioa hartzea erabaki dute. Hausnarketarako, formaziorako eta ekintzarako lokal bat atontzea. Bilbo Zaharrean zabaldu dute gunea: Lamana kaleko 3. zenbakian. Gaur zortzi zabaldu zituen ateak.

Faktoria Lilak urteak daramatza lanean ikuspegi feminista oinarri hartuta. Emakume eta gizonen arteko desberdintasunez jabetu, eta hori iraultzeko formazio ikastaroak eskaintzen ditu. Modu birtualean egin du orain arte; on line eman ditu ikastaro gehienak, edo, bestela, laguntza eskatzen duten lekuetara joanda. Dozenaka herritako udaletan egon dira, berdintasun teknikariekin aritu dira, baita gizarte eragileekin ere. Ikastaro eskaerak jaso, prestatu, eta hara joan izan dira prestakuntzan eta formazioan laguntzera.

Etengabe alde batetik bestera, espazio fisikorik gabe jardutean, hutsunea sentitu dute. “Espazio propioa behar genuen”, dio Irantzu Varela Faktoria Lilako kideak. Woolfen hitzak bere egin ditu: “Norberaren gela izatea funtsezkoa da nork bere erabakiak hartu ahal izateko”. Ez hori bakarrik. Zabaltzeko modua ere bazen gune bat izatea; kalean, guztien eskura egoteko era: “Jendea etortzeko moduko leku bat nahi genuen, formazio ikastaroak bertan egiteko modukoa, jendeari ezagutzeko aukera emango diona eta topagunea izango dena”.

Eta gertukoa. “Feminismoak asko du pertsonaletik. Elkar ezagutzearekin, kalean egotearekin, harremanak sortzearekin lotura zuzena du feminismoak”. Hori izan da jauzi egiteko beste arrazoi bat: “Bazen garaia gainontzekoen etxeetara joan eta sarean egotetik gure etxe propioa izatekoa, jendeak etortzeko aukera izan dezan”. Hori dela eta, kale-kalean hartu dute egoitza; espaloitik bertatik sartzen dena.

Elkargunea, bulegoa eta formaziorako espazioa izango da Faktoria Lilaren proiektu berria. Liburuak ikusiko ditu, ezer baino lehen, bertaratzen denak. “Irakurketa feministarako proposamenak”. Varelaren esanetan, arrazoi bategatik edo besteagatik feminismoaz kontzientzia hartzeko lehen pausoa ematen duten emakumeei jakingura sortzen zaie, baina ez dute jakiten horri nola erantzun. “‘Zein irakurketarekin hasiko naiz?’, galdetzen digute askok”. Bada, feminismoaren oinarrizko idazki eta liburuak aurkituko dituzte horiek, salgai, Faktoria Lilaren sarreran.

Baita merchandising feminista ere. “Badirudi mezu feministak dituzten jantziak modan daudela. Multinazional handiak ere horrekin aberasten ari dira, eta lehen sinbolo feminista zeramanari gaizki begiratzen zitzaion arren, orain, modako zerbait bihurtu da. Rihanna bera mezu feministekin agertu da, eta Christian Dior diseinatzaileak Denok izan behar genuke feminista dioen jantzia aurkeztu du”. Faktoria Lilak ere heldu die feminismoa aldarrikatzen duten diseinu bereziei, eta Pluma Negra artistak egindako poltsak, elastikoak zein txapak ditu salgai. Ikuspegi feminista duten artisten lanekin erakusketak egiteko asmoa ere badu; Pluma Negraren marrazkiekin hasi du bidea.

Oraingoz, astelehenetik ostiralera izango dute egoitza zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Baina, pixkanaka, ahalmenen arabera, ordutegia zabaltzea da asmoa. Ikastaroak daudenean ere irekiko dute lokala. Eta horiek biderkatzea da asmoa. Gai berri eta berritzaileei helduta, formazio tailerrak areagotzea. Baita asteburuetara luzatzea ere. Izan ere, seguru daude feminismoak eragiteko aukera asko dituela: “Okerrena da ez ginatekeela egoera honetan egongo gure konplizitaterik gabe, baina onen-onena da inork ez duela guk geuk baino gaitasun handiagoa aldatzeko, modu indibidualean eta kolektiboan”.