Etxeko kontuak

Nerea Ibarzabal

Badira estatu mailako sekretuak, gutun azal marroixka klandestinoetan edo disko gogorretan ezkutatuak, batzar gela ilunetan giltzapetuak, heriotzaz mehatxatuak, informazio gorenak, arriskutsuak… eta, gero, horien guztien gainetik daude etxeko kontuak. Gurasoek ahalegin berezia egin zuten zuk ezberdindu zenitzan lagunei kontatzeko moduko gauzak eta kontatu ezinekoak. Gauza hauek etxekoon artean geratzen dira, bai txiki? Eta horrela pixkanaka ulertuz zoaz kanpora begira gerta dakizukeen gauzarik txarrena dela zutaz baino, zureez gaizki hitz egiten dela ohartzea. Pertsona orekatu bat emateko beharrezkoa baita zure familia den instituzio hori garbia eta fidagarria izatea, bestela badakizu, traumak eta hori guztia.

Mahai bueltako elkarrizketa haiek iraun dute zugan, eta ziurrenik inori kontatu gabeko zerbait baldin baduzu, etxeko kontuen artxibokoa izango da, familiakoa ez den beste edozein harremani, luzea eta sakona izanagatik ere, aitortzeko beharrik sentitu ez duzun informazioren bat. Eta aitortu baldin baduzu, ahulezia momentu batean aitortu duzu, edo pertsona hori ere zure instituzio pribatu horretan sartzeko momentua heldu dela ikusi duzulako. Funtzionamendua uler dezan kontatu diozu, beldurtu ez dadin, zure jendea onar dezan. Azken finean, familiara pertsona berriak sartzen dituzunean, benetan beldurtzen zaituena pertsona horri familia ez gustatzea da, eta ez alderantziz.

Instituzioak isiltasunaren aldeko apustua egiten du ia beti arazoen aurrean, eta zaratarik ez egiteak gehiago kezkatzen du konponbidea aurkitzeak baino. Horregatik, denok dakigu nola jokatu senideen bilera nagusietan, zein eserleku dagokion bakoitzari, zein ezin den zeinen ondoan jarri, zeini ez zaion utzi behar gehiegi edaten eta, hori lortu ezean, zeinek egin beharko duen alde denbora baino lehen, eztabaidak saihesteko. Etxekoen barruan ere etxe asko daudelako, eta odoletik gertuen dagoena defenditu behar delako sutsuen.

Lotsaren eskalan, kalera biluzik zoazela amestearen edo okerreko pertsonari sekulako agurra egitearen gainetik dago etxeko kontu bat zabaltzen denean sentitzen dena —instituzioa gogor saiatu arren, etxeko kontu ia denak jakiten dira azkenean beste etxeetan—. Auzo lotsa asmatu zuenak ez dakit nola ez zuen jasota utzi etxe lotsa kontzeptua. Maitasunetik baino, taldetasunetik edo jatorritik gertuago funtzionatzen du familiak askotan, eta horregatik momentu onetan egotea gustatzen zaio, baina txarretan ez du beti asmatzen. Etxe lotsa.

Batzuetan gustatzen zait senide gaiztoarena egin eta nire arbasoei huts egitea, nahikoa konfiantza ez dudan jendeari etxeko kontuak aitortuta. Ondorengo minutuak urduri pasatzen ditut, ea tximista bat eroriko ote den eta gure baserria erre. Baina hala ere batzuetan bandoa botako nuke, pintadak egin eta hainbeste belaunalditan pilatutako sekretu guztien karga aireratu, inori axola ez arren, gutxienez denok bizi izandako milaka arazo normaliza daitezen.