Zalantza bete bagoi errailik gabeko trenari

Zalantza bete bagoi errailik gabeko trenari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Egitasmoa “estrategikoa” izango dela dio Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak; “mugarria” dela Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidea Bizkaiarentzat. EAJk eta PPk Espainiako Gobernuaren 2017ko aurrekontu proiektua adostu ondoren, bi aldeek hauspotu duten lehen azpiegitura izan da, abiadura handiko trenaren lanekin batera. Jaurlaritzak egingo du obra, eta kupotik jasoko du dirua gerora. Bukaera data ere jarri diote: hegoaldeko tren saihesbidearen lehen zatia 2023an nahi dute martxan, eta 464 milioi euro jarriko dituzte Serantesko tuneletik Olabeagara doan trenbidea egiteko. Hitzarmena sinatu dute Madril eta Gasteizen. Baina tokian tokiko eragile eta alderdiek ez dute azpiegiturari buruzko xehetasunik jaso oraindik, eta kexu dira horregatik. Barakaldoko Udaleko alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, mozioa onartu dute Jaurlaritzari trenari buruzko argipenak eskatzeko.

Hari mutur solte asko ditu hegoaldeko trenbide saihesbidearen auziak. Berez, salgaiak portutik Bilbora mugitzeko trenak gaur egun sortzen dituen arazoak konpondu eta lurraldeko merkataritza bultzatzeko adostu zen eraikuntza plana, 2001ean. Izan ere, gaur egun, Renfeko aldiri trenen C1 linea erabiltzen dute salgaiak portutik Bizkaiko hiriburura eramateko, eta Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko herriak zeharkatzen ditu.

Eragozpen hori konpontzea du xede saihesbideak, eta, horretarako, trena eskualdearen hegoaldera mugitu nahi dute. Baina arazoa Ezkerraldeko herrietatik Enkarterrira mugitzen ari ez ote diren argitu gabe dago gaurkoz. Trenbide egitasmo berriak, Ezkerraldeko herriak ez, baina Barakaldoko, Ortuellako eta Trapagarango lurrak zeharkatuko lituzke, eta azpiegiturak eragingo lituzkeen kalteen inguruko azterketarik ez dute argitaratu oraindik.

Ezkerraldeko herrietan sortutako arazoei aterabidea emateaz gain, lurraldearen ekonomiari lotutako helburuak ere baditu eraikuntzak. Tapiak azpimarratu du azpiegiturak Europarekiko “lotura zuzena” egingo duela, eta horren ondorioz portuaren lehiakortasuna “handiagotuko” dela. Hori lortzeko, hegoaldeko tren saihesbidea hainbat trenbiderekin lotuko dute: Bilbo-Urduña-Miranda linearekin, AHTarekin, Feveren Kantabria eta Leonerako lineekin eta Euskotrenen Bilbo-Donostia trenbidearekin.

Eskumen aldaketa

2001ean abiatu zuen trena egiteko proiektua Espainiako Gobernuak, eta urte hartan abiatu zuten eginda dagoen trenbidearen zati bakarra: Serantesko tunela, lau kilometrokoa. 47,27 milioi euro erabili zituzten hartarako, eta 2008an bukatu zituzten obrak. Itxita dago ordutik. Gainontzeko lan guztiak geldi geratu ziren: batetik, ekonomikoki bideraezina zelako —650 milioi euroko aurrekontua zehaztu zen urte hartan—, eta, bestetik, egitasmoak ingurumenean eragin zitzakeen kalteengatik. Pisu gutxi izan du ingurumenaren argudioak, ordea, trenaren egitasmoak marrazten zituen zati batzuetan eraiki baitzuten hegoaldeko saihesbidea errepidea, 2015ean; alegia, hegoaldeko tren saihesbideko lanak gelditu eta zazpi urtera.

Geldituta egon dira lanak, ez baztertuta. Azken urteetan hiru ibilbide proposamen aztertzen aritu da Espainiako Sustapen Ministerioa: lehena, Ortuellan Renfe aldiriko trenaren C2 burdinbidearekin bat egitea, eta Trapagaran igaro eta Barakaldotik Bilbora C1 linearen bidez bideratzea merkantzia tresnak; bigarren aukeran, C2 linearekin bat egitea, Trapagaranen. Badirudi hirugarren proposamena gauzatuko dutela azkenean: Serantesko tunela Olabeaga auzoarekin lotzen duena.

Azpiegituraren lanak abiatzeko lehen urratsa egin dute jada. Maiatzaren 23an eman zuen Tapiak Espainiako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren berri, zeinarena arabera Madrilek lan hauek egiteko mandatua emango dion Jaurlaritzari: eraikuntza lanaren azterketak eta proiektuak idazteko, obrak kontratatzeko, desjabetze espedienteen kudeaketa administratiboan laguntzeko, eta obra zuzendaritzak trenbidea gauzatzeko behar dituen zerbitzuak eskaintzeko. Guztira, 549 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek. Baina kaltetutako herrietan ez dute azpiegiturari buruzko informaziorik, eta kexu dira horregatik.

Informazio falta Barakaldon

Barakaldoko Udalaren kasua da. Ez dute trenaren ibilbideari buruzko inolako berririk, eta Jaurlaritzari argipenak eskatzeko mozioa adostu zuten maiatzaren 24an. Izan ere, azken berrien arabera, Ortuella eta Trapagaran igaro ostean, Barakaldoren hegoaldeko lurrak hartuko lituzke azpiegiturak. Herrigunetik igaro ez arren, udalerriak duen birika berde bakarra erdibituko luke, gaur egun Bilboko hegoaldeko saihesbidearen errepideak egiten duen era berean. Hori dela eta, egitasmoari alegazioak aurkeztu dizkiote herri eragileek eta udalak, Gorka Zubiaurre Ingurumen zinegotziak azaldu duenez.

Ingurumenean ahalik eta kalte gutxien eragin dezan, trena lur azpitik igaro dadila eskatu du udalak Madrilen. “2015ean Espainiako Sustapen Ministerioak egin zuen proposamenaren arabera, trena Gorostiza auzoko kiroldegiaren aldamenetik igaro behar zen. Argi azaldu genien gure ustez astakeria bat zela proiektua, eta alegazioetan lurpetik igarotzea eskatu genuen”. Oraindik ere ez dute erantzunik jaso, ordea, eta, Zubiaurreren hitzetan, udalak ez du trenaren ibilbidearen berririk. Iradoki du Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren akordioak ahalbidetuko duela trenbidearen nondik norakoak zehaztea. “Proiektua idazteko ardura Jaurlaritzari eman diote. Beraz, proiektua ez dago idatzita oraindik”.

Zubiaurrek argi du: ez du zalantzan jartzen azpiegituraren beharra. “Proiektu garrantzitsua da Euskadiren garapen iraunkorrerako”. Baina kezkaz begiratzen dio herrian sortu ditzakeen kalteei. “Ingurumenean eragindako kalteak ahalik eta txikienak izatea espero dugu. Horregatik onartu genuen mozioa. Hain zuzen, informazioa emateko eskakizuna egin dugu. Oraindik ere ez dituzte alegazioak erantzun, eta ez dakigu proiektuaren ibilbidea zein den”.

Ingurumen zinegotziarekin bat dator Jon Andoni Uria EAJko udal bozeramailea. Argi du trenak “lehiakortasuna” ekarriko diola Barakaldori. “Europarekin lotuko gaitu, eta herritar askorentzat iraganeko kontuak izango dira herriguneetan salgaien garraioak sortzen dituzten arazo eta arriskuak”. Berri ona da azpiegituren lanei segida ematea, hortaz. Baina Zubiaurrek duen kezka berean egin du Uriak geldialdia. “Gorostitzako kiroldegitik hurbileko ibilbidea proposatu zuten hasieran, eta, ingurumenari dagokionez, astakeria da”. Gauza bera azpimarratu du PSE-EEko Edu Castañedak: “Ibilbideak kalte nabariak eragingo ditu ingurumenean. Oso kezkatuta gaude, biriki berdea babestu behar dela uste dugulako”.

Ideia berean jarri du arreta Irabazi Barakaldoko Eder Alvarez udaleko bozeramaileak. Alvarezen arabera, ingurumenean nahikoa kalte sortu ditu hegoaldeko saihesbideko errepideak. Barakaldok dituen azken gune naturalak arriskuan jartzen ditu trenaren eraikuntzak, eta iradoki du gaur egungo trenbideak sortzen dituen arazoak konpontzeko ezin dela ingurumena arriskuan jarri. “Ez da bidezkoa trenak sortzen dituen zarata arazoak konpontzeko herriko gune naturalak arriskuan jartzea”.

Egitasmoaren gardentasun falta ere azpimarratu du. “EAJ eta PPren arteko hitzarmenaren ondoren ez digute informaziorik eman, eta Barakaldoko EAJk ere gauza bera dio: ez dagoela inolako berririk. Edonola ere, badakigu Olabeagan eta Meatzaldeko herrietan informazioa eman duela EAJk; tartean azaldu du saihesbidea ez dela Olabeagatik igaroko. Nor ari da gezurretan?”.

Egitasmoaren azterketa

EH Bildu koalizioaren iritziz, beharrezkoa da gaur egungo salgaien trenbideak sortzen dituen arazoak konpontzea, baina konponbideak “justua eta jasangarria” izan behar duela dio Iker Rahona zinegotziak. “Proiektua gauzatu aurretik, Eusko Jaurlaritzak egin dezala kostu eta onuren azterketa. Europako Batasuneko inbertsio proiektuetarako gida oinarri hartu, eta aztertu ditzala azpiegituraren errentagarritasun soziala eta ekonomikoa”. Behin azterketa eginda, kaltetutako udalekin eta herritarrekin biltzea ezinbestekoa dela uste du koalizioko kideak, “ahalik eta adostasun handiena lortzeko”.

Galera ekonomikoak eragin dituzten azpiegitura erraldoi nahikoa ditu Barakaldok, Rahonaren arabera. Tartean aipatu ditu hegoaldeko saihesbidea eta BEC. Horregatik, beharrezkotzat du trenaren inguruko azterketa “serioa” egitea: “Xedea portutik ahalik eta salgai gehien trenez ateratzea da, baina, betiere, herritarrengan eta ingurumenean kalterik eragin gabe”.