Utopia vs Distopia

Igor Elordui Etxebarria

Okindegi bat zabaldu dute, eta ogia doan banatzen diete auzokideei; zinema aretoa berriz ireki dute, eta igandero filmak ematen dituzte; eliza zaharrean gaztetxea eraiki dute; irrati-estudio bat prestatzen ari dira, bai eta auzoko musika-taldeentzako entseatzeko leku bat ere; baratze ekologikoa, oilategia eta fruta arbolak zaintzen dituzte; musu-truk denda zabaldu dute… eta euskaraz ere inguruko beste lekuetan baino gehiago egiten da. Hilean bitan elkartzen dira auzo batzarrean, eta eguneroko martxa lantaldeen bitartez kudeatzen dute. Sarreran “auzo-boterea” dago idatzita. Errekaleor da, Gasteizko alkate Urtaranek eraitsi gura duen auzoa. Asteon, Euskadi Irratian Bernardo Atxagari entzun diot gaiari buruzko gogoetan: “Utopiaren nahia behin eta berriz gauzatzen da, eta azkeneko aldia, nik dakidala, Errekaleorren”.

Grezieratik datorren berba da utopia: u “ez” + topia “lekua”. Hau da, leku irreala, inon ez dagoena edo existitzen ez dena. Tomas Morok asmatu zuen, gizarte ideal bat bizi zen asmatutako uharteari izen hori ipintzerakoan. Eta, Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera, errealitatea kontuan hartzen ez duen gizarte edo politika xedea; ezin gauzatuzkoa dirudien asmoa edo ideia da. Tira, definizioak definizio, utopia zer den —edo, hobe esanda, zeri deitzen diogun— denok dakigu, gutxi asko. Denok erabili dugu noiz edo noiz, eta denok dakigu zeri buruz ari garen berau aitatzen digutenean. Ostera, gutxi aditzen da utopiaren kontrakoa den berba, alegia, distopia —Euskaltzaindiaren hiztegian ez dago jasota—. Bai, badakigu, George Orwellen 1984, Aldous Huxley-ren Bai mundu berria edota Philip K. Dick-en ipuinak (Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?) institutuan irakurri genituelako, besteak beste, distopia askatasunaren eta ongizatearen aurkako gizartea dela, indarkeria eta kontrola nagusi dituena.

Baina horren asago joan barik: distopiatik badago inork ezer —ezta ogirik ere— oparitzen ez duen leku batean; zinema-areto handietan pelikulak ikusteko 8 euro ordaindu behar den leku batean; gaztetxeak botatzen dituzten leku batean; komunikabideak eta kultura interes politiko eta ekonomikoek bahituta dauzkaten leku batean; transgenikoez —eta auskalo zerez gehiago— egindako elikagaiak garraiatu ahal izateko soloak eta arbolak zementuz estaltzen diren leku batean; umeak eta emakumeak esplotatzen dituzten fabriketan egindako arropa erosten dugun leku batean… eta gure herriko hizkuntza gura beste eta gura legez erabili ezin dugun leku batean.

Distopikoa da leku bat non, alde batetik, herritarren segurtasunaren izenean, 150 lagun bizi diren Errekaleor bezalako auzo bat suntsitu gura duten; eta, bestetik, bazterketa egoeran egon den familia bereko lau kide etxean erreta hil diren. Distopia da, adibidez, gaur egungo Euskal Herria. Akaso, horregatik aitatzen da hain gutxi, errealitatearen antz handiegia daukalako.