Kontalari erraldoiak

Kontalari erraldoiak

Alaitz Armendariz

Sestao Bizkaiko herri industrializatuenetako bat da, eta herrialdeko herri jendetsuenetan zazpigarrena. Jatorriz herri txikia izan arren, XIX. mendetik aurrera izugarri hazi zen meatzaritzaren eraginez, eta horrek altzairugintzaren garapena ekarri zuen. Hala, Bilboko itsasadarretik hurbil, arlo horretako hainbat industria ezarri ziren herrian, eta erabat aldatu zuten haren itxura. Ipuin bat balitz bezala, Sestaoren historia hori umeei irakasteko eta egun herriak duen errealitatea uler dezaten, DVD-CD baten proiektua bukatu berri du Sestaoko Birakari Erraldoi Elkarteak. Biraka Ari du izena egitasmoak, eta kalean da jada. Helburu hezitzaile horrekin batera, erraldoien dantzen errepertorioan entzun daitezkeen abestiak ere grabatu dituzte, Sestaoko hainbat musikarirekin.

Duela hamar urte Birakari konpartsa sortu zutenean, premisa jakin bat zutela azaldu du Patxi Laborda proiektuaren koordinatzaileak: “Ez genuen nahi erraldoiek normalean dantzatzen dutena dantzatu; gehienek baltsak eta kalejirak dantzatzen dituzte, eta guk zera pentsatu genuen: zergatik ezin du erraldoi batek habanera edo mazuerka bat dantzatu, edo tango bat…?”.

Euskal tradiziotik hainbat pieza hartu zituzten, erraldoiekin dantzatu ohi dituztenak, eta “gehiago lantzea” pentsatu zuten. “Gaitarekin dantzatu beharrean, zergatik ez guk geuk moldatu kanta horiek? Gainera, Sestao herriko ehun asoziatiboa askotarikoa da; talde asko daude”, azaldu du Labordak. Hori dela eta, beste talde batzuk ere parte hartzera gonbidatu zituzten; eta, egindako moldaketei esker, abesti horien “folk bertsioak” sortu dituzte.

Lantegien eragina

Horrekin batera, musikarekin ipuin bat osatu dute, eta, horren bidez, Sestaoko historia kontatu dute. “Batez ere haurrentzat egina dago, haurrek erraldoiak ezagut ditzaten, baina, baita, bide batez, Sestao nola osatu zen uler dezaten ere”, argitu du Labordak. 150 urtez asko aldatu da Sestao, eta aldaketa horren atzean dauden arrazoiak ezagutarazi nahi dizkiete umeei. Lantegiek zein eragin izan zuten, etorkinek zein eragin ekarri duten onerako…

Bizkaiko Labe Garaiak enpresa, adibidez, Sestaokoa izan zen, eta lan handienetako urteetan 10.000 langile inguru ere izan zituen. Herriko familia ia guztietako kideren batek han egiten zuen lan. Historia hori azaltzen dute proiektuan, Labordak esan duenez. “Helburu hezitzailea dauka egitasmoak: alde batetik, egia da musika ederra prestatu dugula entzuteko, baina gure helburua izan da Sestaoko haurrek ikuspegi zabal bat edukitzea, jakitea nola osatu den herria eta zergatik den herriaren errealitatea den bezalakoa”.

Euskarazko egitasmoa

Duela urtebete abiatu zuten Sestaoko historia, bertako erraldoiak eta musika batzen dituen proiektua, zenbait eskolatan kontzertu didaktikoak eskainiz, eta ipuin hori osatuz joan dira iaztik. Birakari konpartsa hamalau lagunek osatzen dutela zehaztu du Labordak, baina egitasmo hau askoz jende gehiagorekin gauzatu dutela. “Birakarekin bakarrik, egitasmo hau ezinezkoa izango litzateke”, baieztatu du koordinatzaileak. Jakinarazi duenez, egitasmoan musika jartzeaz Sestaoko bi talde arduratu dira: Euskal Giroa taldea eta Folketan taldeko hainbat musikari. Horiez gain, Roberto Etxebarria trikitilariak eta Bihar Txotxongilo taldeko esatariek ere parte hartu dute; azken horiek ahotsak jarri dituzte CDan. Moldaketak Ramiro Lamas eta Javier Ortiz de Zaratek egin dituzte. “Dena Gaua estudioetan grabatu dugu, mendian, saio batzuk eginda”, azaldu du Labordak.

Urtero egiten duten bezala, joan den igandean Sagardo Eguna ospatu zuten Sestaon, eta aukera hori baliatu zuten CD-DVDa aurkeztu eta salgai jartzeko. Bihar txotxongilo taldekoak aritu ziren bertan, eta antzerki txiki bat egin zuten ipuin kontalari moduan, haurrentzat, jakin dezaten zer den DVDan aurkituko dutena. Geroztik salgai dago, Sestaoko hainbat dendatan.

Labordak erraldoien egitasmoaren beste alor bat nabarmendu du: lan osoa euskaraz dagoela, alegia. “Gure erronka da Sestaoko produktu bat euskaraz egitea; hori oso argi izan dugu hasieratik. Haurrentzako produktu bat, eta euskaraz bakarrik”. Modu honetan laburbildu du proiektua Labordak: “Sestaoko jende askok eginiko argitalpen bat, mundu osoarentzat zabalduta, eta gure herriari eta gure erraldoiei diegun maitasunaz hornitzen dena”.