Iraganaren gailurretik begira

Iraganaren gailurretik begira

Natalia Salazar Orbe

Iraganeko gertaerek eta kulturak jartzen dute geroaren oinarria. Herriak gaur egun direna bilakatu dira mendeetan izandako esperientzien eta egindako hautuen ondorioz. Garrantzitsua da, beraz, iragan hori ezagutzea, eta antzinako pasarteen eskutik gaur egungo historia ulertzea. Horixe bera proposatzen dute aldundiak antolatu dituen ibilbide historikoek. Ekain, uztail eta abuzturako Bizkaiko hainbat altxor arkeologiko bisitatzeko eta horien historia ezagutzeko aukera emango dute. Mende luzeetan atzera egiteko bidaia abian da.

Lurralde osoaren garapen historikoa laburbiltzen duten bi ibilbide nagusik osatzen dituzte bisita gidatuok: Malmasingo ibilbide historikoak eta Urdaibaiko ibilbide historikoak. Historiaz betetako zazpi leku esanguratsutara eramango dituzte herritarrak: Ereñozar gaztelura, Arrolako Oppidumara, Tribisburuko nekropolira, Foruko multzo historikora, Finagako San Martin ermitara, Malmasingo gotorlekura eta Arrigorriagako San Pedro ermitara.

Bisitak hasita daude. Hil honetan, Malmasingo ibilaldi historikoari ekin diote. Asteburuetan egiten dituzte. Datu garrantzitsuak utzi dituzte agerian altxor arkeologiko horietako bakoitzean egindako ikerketek. Finagako San Martin ermita Basaurin dago. Duela gutxi induskatu zuten, eta, bertan egindako ikerlanean jasotako datuei esker, Ibaizabal-Nerbioi Barrenaren azken 2.000 urteetako historia berreraiki ahal izan dute. Tokiko indigenen kulturako zenbait hilarri erakutsiko dizkiete bisitariei. K.o. III. mendetik V. mendera arte erromatarren garaiko ehorzketa nekropoli bat egon zen leku horretan. Gutxienez, zazpi hilobi aurkitu dituzte bertan.

Handik Malmasingo gotorlekura egingo dute bidea, oinez. A-8 errepideko tunelengatik da ezagun Malmasin. Horien gainean, 361 metrora, historia aberatsa gordetzen duen kastroa dago, ordea. Erromatarrak Bizkaira iritsi aurretik egindako gotorlekuaren aztarnak aurkituko dituzte bisitariek bertan. Ibaizabal-Nerbioi Barreneko herrigune garrantzitsu bat izan zen. Bilbo eta inguruetako lehen herrixka indigena, hain zuzen. K.a. IV. mendean sortu zuten herrixka. Bunker moduan eraiki zuten, oso zaila zen-eta arerioak bertan sartzea. Erromatarrak iritsi eta urte batzuetara, egonkortasuna ezarri zen. Hala, herritarrak inbasioen beldurra galduz joan ziren, eta, apurka, mendi hegaletan jarri zituzten euren etxeak.

Mendi hegal horietako batean dago Bizkaiko aztarnategi enblematikoenetako bat: Abrisketako San Pedro. Arrigorriagan dago. Bizkaian zutik dirauen eraikinik zaharrena da. Egiturari zein eraikuntzari dagokienez, hainbat garaitako kultura elementuak biltzen ditu: erromatarrak, berantiarrak, erromaniko aurrekoak eta erromanikoak. Eraikin horren fatxada da, seguruenik, arreta gehien ematen duena. Harrian zizelkatutako bi bikotek egiten diete harrera bisitariei. Horietako batek plazer fisikoen tentaldiei buruzko ohartarazpena egiten du. Jarrera erotikoan ageri da. Erdi biluzik dauden bi pertsonak osatzen dute beste bikotea. Elbarriak dira. Jarrera desafiatzailean ageri dira, dantzan eta indar erakustaldia egiten.

Ibilbidea egiteko hiru aukera aurreikusi dituzte. Lehenengoa Basauriko San Migeletik abiatzen da, autobusez, eta Finagako San Martin ermita eta horren ingurua bisitatzea du helburu. Bigarrenak, Arrigorriagako Andra Maria Magdalena elizan abiatuta, Abrisketako San Pedro ermitara autobusez joatea aurreikusten du. Hirugarren planak barne hartzen du aztarna arkeologiko guztiak ezagutzeko aukera: Finagarako ermitara arte autobusez eramango dituzte bisitariak. Han, gida batek tokiko historia azalduko die. Malmasingo gotorlekurako eta San Pedro ermitarako bidea oinez egingo dute, ostean.

Urdaibaira saltoa

Uztaila iritsitakoan aldatu egingo dituzte ibilbideak. Mundakako itsasadarraren arrora egingo dute salto udako hilik beroenak izan ohi direnetan. Arratzun, Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoa izango dute aztergai; Foruan, Tourseko San Martin elizaren inguruan dagoen multzo historikoa bisitatuko dute; Bermeo eta Busturia artean dago Tribisburuko nekropolia; eta, azkenik, Ereñozarko San Migel ermita-gazteluak liluratuta utziko ditu bisitariak, egiturak berak duen historiagatik zein lekuak eskaintzen duen ikusmira zirraragarria dela eta.

K.a. IV. mendera iritsiko dira bisitariak ibilbide horri esker. Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten, K.a. IV. mendean, eta, K.o. I. mendera arte, Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatuta dago. 16 hektarea hartzen ditu. Era horretako gotorlekuak oso ohikoak izan ziren Burdin aroan. Horixe da Bizkai osoan egoerarik onenean dagoena; Arrolakoa, hain zuzen ere.

Bertan izan zen bizimoduari buruzko ezagutza osatzeko, Arrolagune Interpretazio Zentrorako bisita aurreikusi dute. Bere aldirik oparoeneko —K.a. II. eta I. mendeetan— herrixkaren historia eta kulturaren alderik aipagarrienak azalduko dizkiete bertan. Garai hartako etxolak zer-nolakoak ziren ezagutuko dute bisitariek. Horrekin batera, eguneroko lanabesak ere jaso dituzte, zeramikak eta bestelako tresnak, adibidez.

Arratzutik Forura iritsita, Elexaldeko muinoan dagoen herri erromatarra ezagut daiteke. Oka ibaiaren ezkerraldean kokatuta dago, Urdaibai haranaren bihotzean. K.o. I.engo mendean sortu zuten. 2012ra arte egindako indusketek agerian utzi dute hamalau eraikin izan zirela; mota eta erabilera askotarikoak. Etxolez eta etxeez gain, jarduera ekonomikoaren erakusgarri diren bestelako elementuak ere aurkitu zituzten: burdina urtzeko labe metalurgiko asko, eta hainbat burdinola. Lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiltzen zituzten horiek guztiak.

Bizkaitarren arbasoek K.o. I. eta III. mendeen artean zeuzkaten hileta ohiturak azalduko dituzte Tribisburuko nekropolian, Busturia eta Bermeoko lurrak hartzen dituen eremuan. Orain arte, hamar hilobi egitura aurkitu dituzte bertan. Horietan, hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak sartzen zituzten; azken horiek ere, erraustuta. Gorpua egurrez egindako sutearekin errausten zuten, haren objektu pertsonalekin eta hurbilekoek egindako eskaintzekin batera.

Gailur batean emango diete bukaera bisita guztiei: Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Bertan egin duten ikerketa arkeologikoak argi erakusten du Erdi Arotik gaur egunera arteko sekuentzia historikoa. Hainbat garaitako nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek egituratzen dute aztarnategia. Erdi Aroko gazteluen garaiak, haranak zaintzen zituzten gotorlekuak eta bizkaitar haien bizimoduak eta sinesmenak ditu ardatz magiaz beteriko ingurune horrek.