Bilboko Udalak 1,4 milioi euro adjudikatu zituen lehiaketa publikorik gabe

Alaitz Armendariz

Lehiaren Euskal Agintaritzak bat egin du Bilboko EH Bildu taldeak egindako salaketa batekin, eta Bilboko Udalak lehiaketa publikorik gabe 1.475.000 euro adjudikatu zituela ebatzi du. Bilboko Udalak egindako kontratazio baten inguruko salaketa aurkeztu zuen koalizioak erakunde horretan, duela hiru urte. Kontratazio horren arabera, udalak 664.000 euro ordaindu zizkion Metropoli Fundazioa izeneko hirigintza arloko aholkularitza sozietate bati, Bilboko zortzi barrutiak hobetzeko. Orain, EH Bilduren salaketari erantzunda, Lehiaren Euskal Agintaritzak esan du “lehia askea” bermatzen zuen prozesurik gabe egin zutela kontratazioa, eta guztira 1.475.000 euro eman zizkiola fundazioari. Koalizioak “eskandalu politikoa” dela gaitzetsi du, eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen agerraldia eskatu du “azalpenak” eman ditzan.

Eusko Jaurlaritzaren menpeko den agintaritzak egindako txostenean, adierazi du Bilboko Udalak kontrataziorako ez diren beste bide batzuk bilatu izanak lehiakortasuna “mugatu” zuela, eta horri erakunde horrentzako justifikaziorik gabeko “abantaila” eragin ziola. Txostenak argi utzi du 2010 eta 2014. urteen artean udalak 21 kontratu adjudikatu zituela fundazioaren alde, guztira 1.475.000 euro ordainduta.

Metropoli Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea izateak ere ez zuen arrazoitu Bilboko Udalak harengana jotzea, txostenaren arabera. Izan ere, mota horretako elkarteek ezin dute haien sarreren %30 baino gehiago merkataritza ekintzetara bideratu, eta Metropoli Fundazioak kopuru hori gainditu zuen 2010. eta 2013. urteetako kontuetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak dio “interes orokorra” bermatzeko udalak kontratazio prozesu bat zabaldu beharko zukeela, aukera berdintasuna bermatuta hainbat enpresa aurkez zitezen.

“Irabaziak lortzeko asmoa”

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko zinegotziak esan du hasieran pentsatu zutela 700.000 euroko ordainketa bat izan zela. “Gure harridurarako, ia milioi eta erdi ordaindu zitzaizkion fundazioari nahierara”, azaldu du. Hori dela eta, Ibaibarriagak uste du txostenak “baliorik gabe” uzten dituela fundazioari diru hori ordaintzeko udalak eman zituen argudio guztiak. “Irabaziak lortzeko asmo bat zeukan, eta fundazioak enpresa baten moduan funtzionatzen zuen. Hainbat urtez, merkataritza jardueratik heldu ziren haien etekinak”, gaitzetsi du.

EH Bilduk alkatearen agerraldia eskatuko duela esan du, hari galdetzeko zer dela-eta “defendatu” zuten “behin eta berriz” fundazio horri dirua ematea. Horrez gain, alderdiak jakin nahi du Lehiaren Euskal Agintaritzak kaleratutako txostenak inolako “ondorio politikorik” izango duen. Akordio horiek oinarri juridikorik badaukaten aztertzea “beharrezkoa” dela uste du koalizioak, eta lehiaketa publikorik gabe egindako akordio horiek “bertan behera” uztea proposatuko dute.