“Bidezko” diren bideak erabilita

“Bidezko” diren bideak erabilita

A. Larrabe Arnaiz

Esaldi bakarrean laburbildu du Andoni de la Concha Barakaldo Naturala plataformako kideak Bilbo hegoaldeko tren saihesbideari buruz duten iritzia: “Erabat gaitzesten dugu proiektua”. Zergatia azaldu du segidan: “Oraindik ere egin gabe dago azpiegituraren bideragarritasun sozioekonomikoari buruzko txostena. Hortaz, gaur-gaurkoz ez dago trena egiteko inolako arrazoirik”. Auzo elkarteek eta eragile ekologistek osatzen dute plataforma, eta argi dute proiektuak kalte nabariak eragingo dituela Barakaldoko lurretan. Azpiegituraren azterketa zehatza egin arte, egitasmoa bertan behera geratzea nahi dute.

Argipena egin du lehenik. Azaldu duenez, Barakaldoko Udalak trena aire zabaletik lur azpira eramateko eskatu badu ere, neurri hori hartzea ezinezkoa da. “Teknikoki ez da bideragarria, eta hala azaldu digu EAJko hirigintzako zinegotziak ere. Serantesko tunelaren eta Kastaños errekaren arteko bidean ezin liteke lurpeko biderik egin, biaduktuak daudelako. Ondorioz, ezin da horren sakona den azpiegitura bat egin”. Trenaren alde edo kontra egon arren, bideragarritasun teknikoa gakoa da De la Cuestaren arabera, eta lurperatzeko neurria hartzea ez da posible.

Baina ez da egitasmoaren aurka agertzeko plataformak duen argudio bakarra. Herriko ingurunean kalte nabariak eragingo dituela azaldu du De la Cuestak, eta, oraindik ere, azaldu gabeko ertz ugari dituela azpiegiturak eremu horri dagokionez. Lindano planta izan du ahotan: “300.000 tona hondakin arriskutsu daude pilatuta gaur egun Barakaldoko Argalario mendian kokatutako lindano kutxan, eta, gainera, zabortegi zaharrago baten gainean dago hondakin hori. Trena eraikitzeak eta zaborraren inguruko lurrak mugitzeak arriskua ekar lezake”. Gorostiza, Regato eta Tellaetxe auzoetako eta Cadagua errekako bazterrei ere kalte egingo die azpiegiturak, plataformako kidearen arabera. “Trenaren ibilbidea diseinatzean ez dute kontuan hartu hori guztia. Are gehiago, Gorostiza eta Kastrexanan zubibide bana egin nahi dute, eta kutsadura akustikoa ere gehitu beharko zaio horri guztiari”. Egitasmoa bertan behera uztea nahi dute plataformako kideek, harik eta bideragarritasun sozioekonomikoa azaltzen duen txostena osatu arte. “Hori izanda, parte-hartze prozesu bat ireki beharko litzateke. Inposizioa ezin da izan bidea”.

Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen jarrera ere gaitzetsi du De la Conchak. Dioenez, aldatu egin da haren diskurtsoa. “2015ean azaldu zuen azpiegitura astakeria bat zela Barakaldorentzat. Eta egitasmoari buruzko informazio berririk izan gabe, jarrera aldatu du, esanez, gaur egun, trena baliagarria dela eskualdearen garapen jasangarriarentzat”. Iritzi aldaketa horren atzean zer dagoen ez dute ulertzen plataformako kideek.

Meatzaldea, argipen eske

Ortuella eta Trapagarango lurretatik ere igaroko da trena, eta azpiegiturak herrietan sor ditzakeen kalteetatik babesteko sortu zuten, hain zuzen, Meatza plataforma. Egitasmoa aurkeztu zenetik hona guztiz bakartuta sentitu direla azaldu dute Meatzako kideek. “Prentsatik jaso dugu trenari buruzko informazio guztia. 2015ean aurkeztu zigun Eusko Jaurlaritzak proiektua, eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak ere bai, gerora. Ordukoari alegazioak aurkeztu genizkion, eta ez dugu inolako erantzunik jaso erakundeen aldetik. Ortuellako eta Trapagarango udalek ere ez digute inolako informaziorik eman”.

Meatza plataformak argi dio: “Ez dugu nahi salgaiak mugitzeko trena gure herrietara lekualdatzerik, gure bizi kalitateari kalte egiten badio. Nahikoa arazo ditugu jada: tartean, ingurumena kutsatzen duten fabrikak eta herritarren ongizatean ekarpenik egiten ez duen Supersur azpiegitura. Herritar gisa uste dugu ez direla azaldu hegoaldeko tren saihesbideak herritarrei ekarriko dizkien onura sozioekonomikoak”.

Meatza plataformaren arabera, trenaren hasierako egitasmoaren txostenean ere aipatzen ziren ingurumen kalteak: lurpeko akuiferoen existentzia eta eskualdeak dituen zonalde natural urriak higatuko dituela. Eta, hori hala izanda, bertan behera geratu beharko litzateke azpiegitura. “Ordezkari politikoek informazioa eman behar digute, eta, proiektuan aldaketarik baldin badago, jakinarazi”.